detalle dokuteka-generico-fitxa

Kartzelak

Emakumeentzako kartzela berri bat eraikitzekotan omen daude Ingalaterran. Baina arkitektoaren planoei kasu eginez gero kartzelako ziegak benetan txikiak izango lirateke. Hiru pausu izango dute luzera eta beste hiru zabalera.

KIRMEN URIBE /

John Berger-en azken liburuko pasarte bat ekarri nahiko nuke gogora gaur. Liburua hainbat saio txikik osatzen dute. Saioetarik asko pinturari buruzkoak dira baina bada gizarteari buruzko kezkak agertzen duenik ere. Horietako batean Ingalaterran jazoriko gertaera bat dakar Bergerrek. Emakumeentzako kartzela berri bat eraikitzekotan omen daude han. Baina arkitektoaren planoei kasu eginez gero kartzelako ziegak benetan txikiak izango lirateke. Hiru pausu izango dute luzera eta beste hiru zabalera. Eskerrak kartzela berria izango den. Horren karietara Bergerrek zoologiko bateko arduradunaren hitzak jasotzen ditu. Zoologikoko arduradunari benetan ikaragarri irizten zaizkio horren ziega txikiak egitea. Kartzela gizakientzako izanik gainera. Zoologikoko arduradunak dio horren ziega txikian tximinoren bat sartuz gero berehala hasiko zela tximinoa gaitz psikologikoak eta fisikoak izaten. Egun gutxiren buruan. Azkenik esaten du horren ziega txikiak debekaturik daudela baita zoologikoetan ere.

Garai batean harro zeuden kartzelekin agintariak. XIX. mendean batez ere. Ordura arte gorputzari eragindako zigorrekin ordaintzen ziren gizarteari eragindako kalteak, baina ilustrazioaren etorrerarekin ideia berriak sortu ziren han-hemenka. Kartzelak aurrerabidearen seinale bilakatu ziren orduan pentsalari eta agintarientzat, presoa bergizarteratu zitekeela uste zuten, presoa bera gizarte osoaren biktima zela. Horren adierazgarri hiri askotan gertatu izan zena. Kartzela handi eta modernoak eraiki zituzten eta zenbaitetan kartzela horiei «modelo» izena jarri zioten. Uste baitzuten kartzelak eredugarri izan behar zutela.

Kexu agertu izan dira asteon agintariak gurean. Kartzelen egoeraz kexu, zaharkituak omen daude kartzelak gurean, hainbeste ezen Gipuzkoan kartzela berri bat egiteko premia agertu dute. Mesfidati entzuten ditut halakoak. Horrelakoetan Islandiako idazle batek kontatu zidana etortzen zait gogora. Islandia irla txiki isolatua da. Ozeanoak inguratzen du herrialdea alderdi guztietatik. Biztanleak ere ez dira asko. Bilbok beste biztanle izango du Islandia osoak. Kontua da idazle hark kontatu zidala Islandian ez dela sekula kartzelarik egon. Heriotz zigorrik ere ez dute inoiz izan. Gaizkilerik gaiztoena ere ez zuten hiltzera kondenatzen. Erbestera kondenatzen zuten. Herritik aterarazi eta mendialdera bidaltzen zuten, bakar-bakarrik bizi zedin basoan.

x61pRelaContWAR

Intéressant pour vous



detalle2

Docuthèque

B2
20-06-2004

x61pRelaContWAR

16234004

x61pViewCountWAR

2106

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR