Docutec
Kirolean ere berdintasun bila
Estreinakoz emakumeen arteko partida bat sartu dute kiniela batean. Itxura batean behintzat, ari dira urratsak ematen gizonezko eta emakume kirolarien artean desberdintasunak murrizten joan daitezen.
Irratsaio honetan kontatuko digute zer urrats ari diren ematen, kirolariei ematen zaizkien sariak berdintze aldera.
KAZETARIA 1. Jokatzen ez duenak ez omen du loteriarik irabazten eta kinielatan agertu ere egiten ez denak irabazteko aukera gutxi izaten ditu normalean. Batzuetan gertatzen da, ordea, sorpresa ematea. Halako zerbait gertatu da nesken futbolarekin. Aurrerantzean kiniela egiterakoan, noizean behin bederen, azalduko baitira beraien partiduak. Gaurkoan Athlético de Madrid eta Athletik-en artekoa, 1, 2 ala X jartzekoa; eta denboraldi honetan bost aldiz. Eta ez da hau parekidetasunerantz egindako keinu bakarra, badira adibide gehiago ere, ziklokrosean edota arraunean ere bai. Xabier Sukia.
XABIER SUKIA. Athletiken eta Athlético de Madriden artekoa izango da partida, gaur arratsaldeko lauretan. Beraz, boletoa, gaur eguerdiko ordu batak arte egongo da salgai, eta neskei eskaini zaien laukitxoa, 15.a da, plenoa, alegia, denak asmatu eta ez erabakiko duen hori. Partidaren ostean ikusi behar ze titulu jarriko zaion laukitxo historiko horri.
Naia Alzola durangarra da, triatloian, eskian, txirrindularitzan eta ziklokrosean aritua. Federazioarekin lanean aritu dira, negoziazioetan, nesken eta mutilen arteko parekidetasunaren bila. Berdintasuna puntu askotan, baina bereziki soldaten eta sarien oreka: horrek eman dio ikusgarritasuna afera honi. Naia Alzola.
NAIA ALZOLA. Bueno ba nik uste dot (dut) esanguratsuena pixka bat, eta jendea gelditu den detaile horrekin, izan dela sarien berdinketa, ez? Eta gainera iruditzen jat (zait) ba inportantea dela. Ez dela igual puntu guztietatik inportanteena, baina bai inportantea eta esanguratsua horregatik. Neska eta mutilen sarien zerrenda-edo igual geldituko dela Euskal Herriko probetako ziklokros guztietan.
XABIER SUKIA. Beraz, lortu dute sari-banaketa horietan sarien diru-kopurua bera izatea, bai neskentzat eta bai mutilentzat. Bi urteko prozesua izan da federazioaren eta berdintasuna aldarrikatzen duen talde baten artean egindakoa.
Kontxako Banderaren sari-banaketan ere aldaketak iragarri dituzte datorren ediziorako. Aurten gizonezkoen sari nagusia, Oriok irabazitakoa, 24.000 eurokoa izan da. Eta emakumezkoena, San Juanek irabazitakoa, 15.000 eurokoa. Datorren urtean bi Sari Nagusiak kopuru berekoak izango dira, baina badira sari gehiago ere, ez lehenengoak bakarrik. Eneko Goia Donostiako alkatea.
ENEKO GOIA. Sariak ez dira bakarrik lehenengoarentzat izaten, baizik eta zortzi postuei dagozkien sariak dira, zortzi lehenengoei ematen zaizkienak. Eta emakumezkoen kasuan, aurreko urtearekin alderatuta, laugarrenetik zortzigarrenera ja berdinduta zeuden, falta zitzaizkigun lehen hirurak berdintzea. Eta gainera, 2008an, ba 6.000 euroko sari batekin hasi bazen emakumezkoen parte-hartzea, ba aurtengoan 15.000n geunden jada. Beraz, hor badago urte luzeetan eman den prozesu bat, gerturatze bat, diodan bezala, laugarren postutik aurrera ja emana zena, eta falta zitzaigun ba azken, bueno, esfortzu hori egitea, lehen hirurak ere berdintze aldera. Zenbaki globalak emanda, esango nuke emakumezkoen kategorian, lehen aldiz, 2008an atera zirenean ematen ziren sarien batuketa osoak 15.400 euro ematen zuela, gizonezkoenak 83.000; hortik abiatu ginen. Eta 2017an, emakumezkoen sariak 69.000ko batuketa ematen du, eta gizonezkoenak 83.000 ematen jarraitzen du. Hori ez da mugitu azken 10 urte hauetan. Eta beraz, gertatu dena eta gertatuko dena da emakumeen kategoriak hartu egingo duela gizonezkoek daukaten maila hori, ez?
XABIER SUKIA. Josune Ugarte, Batelera taldeko arraunlaria, pozik.
JOSUNE UGARTE. Ba aspektu askotan pausuak ematen joan behar garela, baina uste dut lortzen ari garela. Komunikazio-bideetan ere gero eta geyo (gehiago) azaltzen gera (gara); pauso txikiak dira baina denak positiboak iruditzen zaizkit.
