Zinema-aretoetan jatearen inguruan
Eli Larrinaga film bat ikustera joan eta bertan gertatu zitzaiona kontatu digu oraingoan.
Inoiz gertatu al zaizu zinemara joan, eta ondoan jesarri zaizuna litxarreriak mauka-mauka jaten hastea? Bada, horixe berori gertatu zitzaion Eli Larrinagari duela gutxi.
MAITE ARTOLA.- Eta guk Larrinagatar Eli agurtu behar dugu. Eli, egun on.
ELI LARRINAGA.- Halan (hala) ekarri, Maite.
MAITE ARTOLA.- Aurrera!
ELI LARRINAGA.- Sartu zara zine-aretora. Aukeratu dozun (duzun) pelikulak lore ugari jaso dauz (ditu). Merezi daben horreetarikoa dala (duten horietarikoa dela) irakurri dozu (duzu). Pantaila handikoagaz (handikoarekin) gozatzeko prest zagoz (zaude). Amatatu dira argiak eta orduantxe gertatu da. Badakizu, gaurkoan be (ere), barriro be (berriro ere), gozatu beharrean, guztiz ernegatuta joango zarela etxera. Pareko jarlekuan, zure eskuinekoan, ezarrita dagoenak plastikozko poltsa atara (atera) eta zarata-errosarioari (arrosariori) ekin deutso (dio). Errosario (arrosario) santuak, txarto gogoratzen ez badozu (baduzu), 4 zati daukaz (dauzka); eta zati bakoitzak 5 misterio; eta misterio bakoitzean Aita Gurea, 10 Agur Maria, eta Aintza bat. Zuri oinazezko misterio guztiak tok atu jatzuz (zaizkizu) gaur. Lehenengo, karameluen txanda da, auzokoak pitean-pitean daroa holango bat agora (holako bat ahora). Ez hori bakarrik. Plastikoagaz (plastikoarekin) egiten dauan (duen) zarata nahikoa ez danez (denez), ttuagaz (tuarekin) zelan bustitzen dauan (duen), eta zelan darabilen hagin artean, dantzan be (ere), ondo baino hobeto entzuten dozu (duzu). Minutuak aurrera doaz, honezkero galduta daukazu pelikulako aktoreengandik zure belarrietara heldu gurean (sic; guran) geratu diren berben kontua. Heldu guran, bai, baina heldu barik. Gitxien (gutxien) espero dozunean (duzunean) jateari itxi (utzi) eta poltsari moropiloa (korapiloa) egin deutso (dio). Zu Aintza pare bat errezatzeko moduan zagoz (zaude); ai inuzente, inuzente! Auzokoa damutu, bigarrenez gosetu, edo batek daki zer, baina kontrako bidea egiten hasi jatzu (zaizu). Moropiloa (korapiloa) askatu eta segi karameluakaz (karameluarekin). “Errukitu zaitez!” esan beharko zeunskio (zenioke), baina ez zara ausartzen. Halango (halako) batean, aleluia, aleluia; amaitu jakoz (zaizkio) gozokiak! Hortik aurrera lasaitasuna izango dozula (duzula) pentsatu arren, ez da halan (hala) gertatzen. Beste poltsa bat daukalako, tamainagatik libra batekoa-edo; Zegaz (zerekin) beteta, eta arto erreagaz (errearekin). Badakizu, jatean kras-kras-kras-kras egiten dauan (duen) arto-klasea; eta berehala jatortzu (datorkizu) ahopeko letania: Ontzi zerutarra! Arrosa miragarria! Daviden dorrea! Zeruko atea! Bekatarien babesa! Bakearen erregina! Otoitz gure alde! Ahalegindu zara bake-giroari eusten, baina barruko otsoa izartu jatzu (itzartu zaizu), eta gerra deklaratu gura deutsazu (diozu) auzokoari. Orain dala (dela) hilabete tarte honetan aipatu zenduan (zenuen) kalashnikova eskura balego, hartu eta kargadore osoa hutsituko zenduke (hustuko zenuke) haren arto-poltsaren kontra. Baina ederto dakizu ez zarela holangorik (holakorik) egiteko kapaz; ametsetan be ez (ere ez). Beraz, errosarioagaz (arrosarioarekin) jarraitzen dozu (duzu): Jaungoikoaren bildotsa, munduko bekatuak kentzen dozuzana (dituzuna), damu dot (dut), bihotz bihotzez, burutik pasatu jatana (zaidana). Honezkero, hurrengo martitzenerako irratiko tartetxoan kontatuko dozula (duzula) erabakitzen dozu (duzu). Tira, egoerari etekinen bat atara (atera) beharko jako (zaio), ezta? Domeka arrastiz, zinean eskuineko jarlekuan izan dozunaren (duzunaren) jokabidea itzel jatortzu (datorkizu) alkarrekiko (elkarrekiko) errespetuaren eta heziketaren garrantzia eta balioa goraipatzeko; hortxe parean daukazunak ez daualako (duelako) ez bataren, ez bestearen trazarik txikiena erakutsi ordu eta erdian. Errespetua hurkoari, bestearen larruan jartzen jakitea derrigorrezkoak direlako edozein bikotek, kuadrillak, zine-aretoetan batutako ikusle-multzok, zein herrik, liskar barik aurrera egin dagian (dezan).