Docutec
Isuna kentzeko elbarri plantak egiten
Donostian izandako gertakari bat hitzetik hortzera dabil. Gizonezko batek elbarria zelako itxura eman nahi izan du kotxea uzteko tokia debalde izateko.
Gertakaria bideoz grabatu zuen hiritar batek eta sare sozialetan zabaldu. Eta noski, hizpidea sortu.
Irratsaio honetan duzu gertakariaren berri.
Zerk harritzen zaitu gehien gertakari honetan? Barregarria dela iruditzen zaizu? Salagarria?
Hiztegi lagungarria:
- Elbarri plantak egin. Elbarriaren itxura egin.
- Hitzetik hortzera ibili. Ahoz aho ibili. Gai jakin bati buruz asko hitz egin.
- Hizpidea sortu. Hitz egiteko gaia edo aitzakia sortu du, zeresana eman du.
- Gai baten berri eman. Gai bati buruz hitz egin.
- Auzo-lotsa pixka bat eman. Beste norbaitek egindakoagatik lotsatu.
- Lesio handiagoak eragin. Lesio edo zauri handiagoak sortu edo egin.
- Dena antzerki hutsa izan. Guztia antzerkia besterik ez izan.
- Lotsatu samar edo egon. Oso lotsatuta edo egon.
- Zerbait ahopeka esan. Zerbait isil-isilik esan, ezkutuan.
- Ezinduentzako aparkalekua. Ezinduek aparkatzeko tokia.
Esataria 1. Izan ere, barkatuko didazue gainontzekoak une batez, baina Gorka Otegiri paso eman behar diogu. Azken orduetan birala bihurtu den bideo baten berri eman behar digulako. Euskal Herriko bideo esperpentiko bati buruzko azalpenak eman nahi dizkiguzu Gorka. Zer da hori?
Gorka Otegi. Esperpentikoa, eta agian auzo-lotsa pixka bat ematen duena ere bai, e! Entzun. Entzun arretaz oihu hauek:
Bideoko gizona. Ai, ai, ai.
Gorka Otegi. Ze ostiral arratsaldetik ez da beste ezertaz hitz egiten Euskal Herriko igogailu, taberna edo kafe-makinetan…
Esataria 1. Donostia inguruan.
Gorka Otegi. Donostia inguruan behintzat, batez ere. Bilbora ere iritsi da bideoa e! Esan didatenez. Bilboko lankideek ere esan digute…
Esataria 1. Bai.
Gorka Otegi. …hango erredakzioan. Komentatzen aritu direla. Bideo biral bati buruzko oihuak dira, esan bezalaxe. Ostiral arratsaldean Donostian gertatutako gertakari surrealista bat biltzen duen bideo batenak. Irudietan Hondarribia kalea azaltzen da. Badakizue, Hondarribia kalea, Donostia erdi-guneko..
Esataria 1. Hori da.
Gorka Otegi. …kale oso ezaguna dela. Artzai Onaren katedralaren inguruan dagoen kale horietako bat. Eta bertan, errepide-erdian, gizon bat lurrean botata…
Esataria 1. Ez mutil gazte bat.
Gorka Otegi. Ez. Gizon bat.
Esataria 1. Gizon bat.
Gorka Otegi. Gizon bat esan dugu. Eta hortxe, bera kalean botata, kotxeak bera saihesten, hor, inguratzen, eta bat-batean udaltzainak hurbiltzen zaizkio eta gizona berriz ere oihuka hasten da.
Klaro, esaten du gizonak lesionatuta dagoela, eta hortik kentzen badute, ba lesio handiagoak eragingo dizkiotela. Hombre, argi esan beharra dago gizon honi Oskar saria ez diotela emango.
Esataria 1. Ez da oso sinesgarria bere aurkezpena.
Gorka Otegi. Ez diote, ez diote antzezle onenaren Oskar saria emango. Ze urrutitik antzematen zaio gezurretan ari dela, dena antzerki hutsa dela, ze gainera, berak esaten du lesionatuta dagoela, baina tarteka…
Esataria 1. … mugitu egiten da.
Gorka Otegi. … hanka, hanka luzatzen du. Begiratzen du ingurura tarteka, eroso jartzen da, hor, ondo apoiatuta…
Esataria 1. Lesio handirik ez du behintzat gorputzean.
Gorka Otegi. Ez. Ez. Eta hor emakume bat ere ageri da bideo horretan berarekin.
Esataria 1. Bai.
Gorka Otegi. Tarteka ba, badirudi lotsatu samar edo dagoela…
Esataria 1. Bai. Lasaituarazten.
Gorka Otegi. Hurbiltzen zaio, gerturatzen zaio. Esaten dio ahopeka zerbait, eta xuxurlatzen dio zerbait belarrira, eta azkenean udaltzainek, gizona baztertu egiten dute bidetik, nahiko xuabe, besoetatik helduta.
Klaro, gizonezko hau uzten dute ezinduentzako aparkaleku batean dagoen Mercedes auto baten alboan eta kotxeak zepoa jarria du, eta inguruan dagoen jendearen komentarioak entzunda ondorioztatzen da kotxea berea dela.
Esataria 1. Mercedes bat.
Gorka Otegi. Mercedesa, eta tipoa ari dela izugarrizko plantak egiten zepoa eta isuna jarri diotelako. Eta hor badira momentu estelar batzuk bideo horretan. Esate baterako, inguruan begira ari den jendeak interpretazioari txalo egiten dion momentua…
(txaloak)
Gorka Otegi. Eta besteak gure aktore honek guztia grabatzen ari denari esaten dionekoa: (erderazko hitzak). Perfekto. Grabatu duzu? Bikain.
Esataria 1. Bikain. Bikain.
Gorka Otegi. Bikain. Eskua luzatuz horrela. Beno, hori da, hori da bideoa. Hori da biralizatzen ari den bideoa, baina bideo horrek badu atzetik backstage bat, badu, baditu aurrekari batzuk…
Esataria 1. Badu bere esplikazioa.
Gorka Otegi. Hori da. Eta Donostiako udaleko iturriek baieztatu digutenez gizona Espainiako enpresari bat da, auto bat baino gehiago duena bere izenean. Dena den, bideoan zepoa jarrita ikusten den auto hori bere emaztearena da. Hor berarekin dagoen…
Esataria 1. Lasai, lasai dagoen emakume horrena…
Gorka Otegi. Emakume horrena. Eta bideoan ikusten da hor zepoa jarria duela, ezinduentzako aparkalekuan utzita zuelako, txartel fotokopiatu batekin. Bazuen txartel bat ezinduena, baina fotokopiatuta, alegia faltsifikatutako txartel bat eta gainera kadukatutako zegoen txartel bat.
Esataria 1. Horregatik jarri zioten zepoa, noski!
Gorka Otegi. Eta gizonak ba berak garbi esan zizkion kalean topatzen trafiko-agente bati, Donostian naranjito izenez ezagutzen den bati…
Esataria 1. Probokatzen aritu zen.
Gorka Otegi. Probokatzen aritu zen. Udaltzainarekin ere egundoko liskarra izan zuen, eta bat-batean hasi zen esaten: “ai, ai, krisi bat izaten ari naiz. Gaizki sentitzen ari naiz. Deitu anbulantziari!”. Anbulantziari deitu zioten, anbulantziakoak etorri ziren, esan zuten anbulantziakoek “gizon honek ez du ezer. Antzerkia da dena”, eta orduan gizonak anbulantziako langileari eman zion erantzuna ere egundokoa. Esan zion “zu nor zara? Zer zara zu?”. Eta “ni auxiliar bat”. “Ez dut nahi auxiliar batek artatzea, mediku bat etor dadila, fakultatibo bat”, eta hasi zen oihuka. Beno, esan zuten: “goazen hemendik” Mundu guztia joaten hasi zen…
Esataria 1. Ordura arte bera zutik zegoen. Ez zegoen lurrean.
Gorka Otegi. Ordura arte zutik zegoen.
Esataria 1. Bideoan ikusten dena da ja etzanda dagoenean.
Gorka Otegi. Hori da.
Esataria 1. Baina ordura arte zutik.
Gorka Otegi. Hori da.
Esataria 1. Ja denak joaten direnean, ezta Gorka?
Gorka Otegi. Hori da.
Esataria 1. Orduantxe bere burua botatzen du,
Gorka Otegi. Denak joatear zirenean, oraindik udaltzainak han zeuden …
Esataria 1. Bai.
Gorka Otegi. Baina joatear zirenean eta gizona bakarrik geratzear zenean, hor bota zen lurrera, kale-erdira, eta hasi zen bideoan ikusten dugun sekuentzia osoa. Bideoaren aurrekariak kontatu ditugu, ondorengoak ere kontatuko dizkizuegu, ze azkenean gizona atxilotu egin zuen udaltzaingoak, kalabozora eraman zuten, eta, eta epailearen aurretik pasa beharko du.
Esataria 1. Esperpentikoa, esan duzuna, ezta?
Gorka Otegi. Bai. Bai. Esperpentikoa. Ze nolako gauzak…
Esataria 1. Eta horrelakoak egiten dira biralak gainera gero.
Gorka Otegi. Nolako gauzak egiten dituen jendeak isunak ez ordaintzeko. Benetan.
Esataria 1. Argigarria.
Esataria 2. Eta ze bideo egiten dituen gainera.
Gorka Otegi. Enpresario batek gainera.
Esataria 1. Bai.
Esataria 2. Nik, niri nazka-puntu bat ematen dit honek guztiak, e gainera!
