detalle dokuteka-generico-fitxa

Oporren alde iluna

Nori ez zaio gertatu oporretan joan eta guztia hankaz gora ateratzea eguraldiagatik, itxaropen handiegiak izateagatik, edota dena delakoagatik?

Idoia Torregaraik aldarte onean heltzen dio oporren gaiari, eta haren alderdi ilunak azaleratzen ditu Faktoria irratsaioko audio honetan.

 

 

Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

IDOIA TORREGARAI.- Orduan, hasteko, gaiarekin, ezta, ba? Oporrak gure gizarteko oasia, panazea, salbamendu-flotagailua bilakatu dira —ezta?—, ba, hilkor arruntontzat. Hara, noiz iritsiko diren zain egoten gara denbora guztian.

ESATARIA.- Bai.

I.T.- Baina, adiskideok, oro ez da urre, esaten den bezala. Oporrek ere beraien alde iluna baitute. Bueno, nik uste dut oporren alde iluna dagoeneko etxean gaudenetik hasten dela. Adibidez, aukeratu behar: baina nora joango garen erabaki behar denean; edo bertara iritsitakoan, ezta? ikuspegi edo plan desberdinak izaten ditugunean. Beti dago, adibidez, bat hondartzatik atera nahi ez duena; edo gidan agertzen diren toki guztiak bisitatu nahi dituenak; edo bost egunetan Santiago-bidea egin nahi duena.

ESATARIA.- Hasi eta bukatu.

I.T.- Hasi eta bukatu. Komun publikoetako tazan ere selfiak ateratzen dituena; dena gaizki dagoela iruditzen zaiona; eta nire gogokoena, honen aldaera bat izan daitekeena, eta da: herritik atera eta “gurea hobea da” aldarrikatzen egoten dena (aritzen dena).

ESATARIA.- A, bai, hori ere egia da!

I.T.- Eta eguraldia ere oso faktore garrantzitsua da; izan ere, familia, lagunarte edo bikoteen sendotasuna neurtzen du. Zergatik? Eguraldi txarra egiten badu, beste plan bat pentsatu behar delako, eta horrek dakarren sormen-ahaleginarekin, eta beti ez gara egoten prest, hori ere esateko. Edota barrualdean, etxean egiteko bestelako entretenimenduak eraman behar izaten ditugulako: kartak, partxisa, budu-orratzak… ez dakit, bueno, gauza hauek, ezta?. Eta orduan, klaro, horrek gure lagun, familia, bikoteekin (gure lagunekin, familiarekin bikotekideekin) egunerokotasunean baino denbora gehiago egotea eskatzen digu! Eta teorian oso polita izan liteke, baina praktikan, ai praktikan… Badakizu —ezta? — oporren bueltan izaten direla dibortzio-eskaera gehienak?

ESATARIA.- Bai, bai, bai.

I.T.- Zerbaitengatik izango da.

ESATARIA.- Zerbaitengatik izango da, zalantzarik gabe.

I.T.- Bueno, jarraitu dezagun, alde… oporren alde ilun honekin, Ainara. Izan ere, hurrengoa… argazkien kontua atera nahi dut. 

ESATARIA.- Hori bai dela txarra!

I.T.- Maila oso kezkagarrietara iristen ari da. Dagoeneko, gainera, ez da nahikoa oporretan ondo pasatzearen derrigortasuna, e? Gainera, frogak behar izaten dira; eta froga grafikoak, e?. Eta horretarako, gutxienez, argazki pare bat igo behar dituzu sare sozialetara frogatzeko zein ondo ari zaren pasatzen eta ze toki zoragarrian zauden. Eta horretarako zer egiten duzu, bada? Egunero hor pentsatzen egoten zara (aritzen zara) zein den enkoadrerik onena; familia arroka baten puntan jartzen duzu, ia bere bizitza arriskuan jarriz; edo, gainera, haserretu egiten zara beste turista pelma horiek —ezta?— erdian jartzen zaizkizulako. Eta gero, egia da, garai batean izaten zen, bada… bagenuen lagunen bat edo izebaren bat beti diapoen saioa egiten ziguna.

ESATARIA.- Hori okerrago izaten da.

I.T.- Ordu eta erdikoa, e? Hantxe egoten ginenak! Orain, berriz, denbora errealean gure inguruko denen argazkiak ikusi ditzakegu, ba, WhatsApp, Instagram, Facebook, Twitter, Snapchat… denekin, e! Eta gero nik galdetzen dut, ezta? Denoi iruditzen zaigu gure argazkiak ikaragarri interesgarriak eta ikaragarri politak direla, baina gero norbaiti interesatzen al zaizkio? Osea, besteenak, esan nahi dut.

ESATARIA.- Bai, bai, bai.

I.T.- Gero, oporrei asko exigitzen diegu, Ainara. Asko. 5 egun izan, 10, edo 15 izan, urte osoan egin ezin ditugun guztiak nahi izaten ditugu egun horietan egin (sic). Eta, noski, alde batetik, gero, betarik ez digu ematen —eta frustratu egiten gara—; edota bestela, hainbeste gauza egiten ditugu, lanera xixko eginda (porru eginda) iristen garela, estresatuta eta, gainera, nekatuago. Eta beste… nik uste dut oporren beste alde ilun bat ere aztertzekoa da, bada, hori: bada, Interneten zuk topatzen duzu ze toki polita-edo izango den, bai, irudi politak jartzen zaizkizulako: hotela, edo kanpina; eta gero iristen zara, eta sator-zulo ilun eta umel batean aurkitzen zara. Eta batez ere jartzen dutenean eufemismo horiek, ezta? “Bista zoragarriak” jartzen dizkizutenean, eta gero, horrela, lepoa-edo okertu eta balkoitik ia gorputz guztia atera behar duzunean itsasoa ikusteko. Edo bestela —zer esango dizut? — edo piszina (igerileku) termala jartzen dizute, eta hankak sartzeko eta horrela, ur berde-berdeko putzu bat jartzen dizutenean. Edo, ja, jartzen dizutenean bikoteentzako, horrela, “kabi koketoa”, hori arkakusoekin partekatu behar duzun —zera— pospolo-kaxa izaten da normalean! E? Orduan, holakoak ere gertatzen zaizkigu.

ESATARIA.- Bai.

I.T.- Eta azkenekoa. Azkenekoa, nik uste dut gogorrena —nahiz alde… oporrek ere beraien alde iluna eduki— errealitatera bueltatzea izaten dela; hau da, denok… azkenean oporrak oporrak dira; eta adituek hemen beti diote —ezta? — onena pixkanaka betiko ordutegi eta jatorduetara ohitzen joatea dela. Baina baita zera ere! Zer egiten dugu? Azkeneko minutura arte zukutzen ditugu ordu preziatu horiek. Eta, noski, hurrengo egunean, lanean, piura ederrean egoten gara. Beraz, bada, eutsi dagoeneko lanean hasi garenoi, edo zaretenoi; animo datorren astean zonbiak izango zaretenoi; eta oporrik izan ez duzuenoi —bada, zer esango dizuet zuei? — gogoratu maiatzaren bata astelehena tokatzen dela. Hori ere bai!! Kar, kar, kar.

Lotura

BESTE ERA BATERA ESANDA

Alde iluna. Alderdi iluna, txarra, gaiztoa.

Hankaz gora ateratzea. Alderantziz ateratzea.

Dena delakoagatik.  Edozein arrazoirengatik.

Aldarte onean heltzen dio oporren gaiari. Umore onarekin hitz egiten du oporrei buruz.

Noiz iritsiko diren zain egon. Zain egon ea noiz iristen diren.

Oro ez da urre. Urre bezala eskaintzen den guztia ez da urrea.

Horrek dakarren sormen-ahaleginarekin. Horrek, plan  berri a egiteak alegia, sormen-ahalegina edo esfortzua eskatzen duela.

Ondo pasatzearen derrigortasuna. Ondo pasatzeko obligazioa.

Diapoen saioa egiten ziguna. Oporretako diapositibak ikusteko saio edo emanaldia egiten ziguna.

Betarik ez digu ematen. Ez digu astirik ematen.

Lanera xixko eginda (porru eginda). Lanera gogorik gabe.

Sator-zulo ilun eta umel. Ia argirik gabeko sator-zuloa, lizun usaina duena edo hezea.

Arkakusoekin partekatu. Arkakusoekin konpartitu.

Jatorduetara ohitzen joatea. Jateko orduetara ohitzen joatea.

Azkeneko minutura arte zukutu. Azken-azkenera arte probestu, aprobetxatu.

Ordu preziatu horiek. Estimatzen ditugun, atsegin zaizkigu, ordu horiek.

Piura ederrean egoten gara. Itxura txarra izaten dugu.  

 

{C}{C}{C}{C}

x61pRelaContWAR



detalle2

Docuthèque

C1
21-04-2017

x61pRelaContWAR

  • Idoia Torregarai
16173401
4:59

x61pViewCountWAR

6492

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR