Docutec
Einstein
Albert Einstein fisikaria. 1879. urteko martxoaren 14an jaio zen Alemaniako Ulm herrian eta 1955eko apirilaren 18an hil zen AEBetan. 1915eko abenduaren 2an argitaratu zuen errelatibitatearen teoria.
Albert Einstein, bavariar jatorriko fisikari estatubatuarra, zientziaren historian ezagutu den ikertzailerik garrantzitsuenetako bat da.
Albert Einstein
1879. urteko martxoaren 14an jaio zen Alemaniako Ulm herrian Albert Einstein, Danubio ibaiaren haranean familia judu batean. Erditzeko unean ez zen inolako arazorik izan, baina bere ama harri eta zur geratu zen semea lehenengo aldiz ikusi zuenean: buru oso handia eta arraroa zeukan eta horregatik amak semeak zerbait txarra izango zuela pentsatu zuen. Baina semeak ez zeukan inolako bitxitasunik edo arazorik, nahiz eta egia den ohikoa baino buru handiagoa zeukala Albert txikiak. Albert ez zen sekula bere azkartasunagatik nabarmendu; alderantziz, hizketan, haurrak normalean hasten direna baino beranduago hasi zen. Geroago, berak azaldu zuenez, esaldi osoak esateko gai izan arte itxaron nahi izan zuelako. Matematika eta latina gustuko zituen, hori pentsatu liteke behintzat asignatura horietan berak ateratzen baitzuen klaseko notarik altuena. Hala ere, ezin esango dugu ikasle ona zenik. Izaeraz bakartia, bakarrik egotea gustatzen zitzaion eta eraikitze-jolasak maite omen zituen. Bost urte zituenean bere aitak ipar-orratz bat oparitu zion eta egundoko poza hartu omen zuen. Kontatzen dutenez, dardarak eta hotzikarak sentitu zituen egun hartan.
Einstein familia saiatzen zen bere seme-alabei irakurzaletasuna bultzatzen eta horri esker edo, Albertek Kant eta Darwinen berri bere kasa izan zuen. Horren ondorioz, eta txikietan isila zen arren, gazte bihurri eta zail izatera pasa zen. Ikastetxeetako irakasteko era gorroto zuen eta baita Alemaniako bizitza autokratikoa ere. Sasoi hartan, Alemanian antisemitismo handia bizi zen eta ez zen oso eroso sentitzen inguru horretan. Sarritan liskarrak izaten zituen irakasle eta bere ikaskideekin eta azkenean, eskolatik bidali zuten, nahiz eta berak aurretik uzteko asmoa izan.
Hamasei urte zituela Milanera joan zen bizitzera bere gurasoekin eta hemeretzirekin, berriz, Suitzara, han egin zituelarik unibertsitateko ikasketak. Graduatu zenean, irakasle gisa lan egin nahi izan zuen, baina ez zuen horretarako aukerarik izan. Batetik, judua zelako eta bestetik, suitzarra ez zelako. Hogeita bi urterekin, 1921. urtean, patente-bulego batean hasi zen Bernan lanean eta orduan ekin zion bere kontura fisika teorikoa lantzeari. Hala, lau urte beranduago, 1925. urtean, bere bost lan Alemaniako fisika-aldizkari batek argitara eman zituen. Hauetako batek, E = mc2 formula famatuaren bidez, masa eta energiaren arteko baliokidetasuna adierazi zuen.
Lan horiei ez zitzaien jaramon handiegirik egin, baina orduko fisikari ospetsuenak ohartu ziren balio handia zutela. Hala, Zuricheko unibertsitatean irakasle postua lortu zuen, nahiz eta fama irabaziz joan zenez, azkenean, Berlinen ere lana eskaini eta hango institutuan beharrean aritu zen. Hitlerrek boterea eskuratu zuen arte Alemanian bizi izan zen. 1933. urtean erbesteratu eta Parisen, Belgikan eta azkenik, Ipar Ameriketan irakasle aritu zen. Han egin zuen lan bere heriotza arte.
Bere bizitzan zehar sariak ere eskuratu zituen. Zortzi aldiz hautagai izan ondoren, 1921. urtean Nobel Saria berari ematea erabaki zuten. Banaketa-ekitaldia hurrengo urtean izatekoa zen, baina bera ez zen joan Japonen zegoelako.
Einsteinetaz ari garenean, bere aurkikuntzetan bere lehen emazteak izandako pisuaren inguruan ere hitz egin beharra dago. Zenbaiten ustez, bere ikerketatan zerikusi zuzena izan zuen emakume hark. Hala ondorioztatzen dute bera hil ondoren aurkitutako dokumentu batzuk irakurrita.
Mileva izena zuen emazteak eta funtzionario serbiar baten alaba zen. Zuricheko eskola politeknikoan ezagutu zuten elkar, nahiz eta Milevak ez zuen graduatzea lortu. Hil ondorengo dokumentu horien artean, Einsteinek bere emazteari idatzitako gutun batzuk agertu ziren. Horietako batean, honela esaten zion Milevari: “Zein zoriontsu eta harro egongo nintzatekeen biok elkarrekin higidura erlatiboari buruzko gure lana azken puntu arrakastatsu bateraino eramango bagenu”.
Hipotesi hori sendatzera dator Albert eta Milevak legalki bereiztu zirenean dibortzio-agirian jaso zuten pasarte hau: Einsteinek Nobel Saria irabazten bazuen noizbait, diru-saria Milevarentzat izango zen. Hala, 1.922. urtean, Nobel Saria jaso zuenean, Einstein Zuricheraino joan zen diru-saria bere emazte ohiari ematera.
Einsteinen beste ezaugarrietako bat gizarte-arazoen inguruan zuen kezka da. Asko hitz egin eta idatzi zuen Israelgo Estatuaz, nazismoaz, Sobiet Batasunaz, arma nuklearrez, armadez eta beste hainbat kontuz. Esate baterako, 1.939. urtean, Alemaniako nazismoaren beldur zela-eta, Roosevelt presidente estatubatuarrari erreakzio atomikoak ikertzeko programa eratzeko eskatu zion, nahiz eta gero ez zuen Los Alamoseko bonba atomikoa egiten parte hartu.
1.945. urtean, arma atomikoa egin zitekeela ziurtatu zenean, Roosevelt presidenteari ez erabiltzeko eskatu zion eta gerora, hil arte, arma nuklearrak ugal ez zitezen lanean aritu zen.
Einstein 1.945. urteko apirilaren 18an hil zen, Princetonen, 76 urte zituela. Lau urte lehenago, historiara pasako zen argazkia egin zioten, bere ile zuriak tente, begiak zabal-zabalik eta mingaina aterata erretratatu zuten, akaso bere teoriak sekula ulertu ez zituztenei iseka egin nahian.
