detalle dokuteka-generico-fitxa

Eibar futbol taldea, bere txikian, handi

Hiru mila bazkide baino ez, eta Lehen Mailako talde eta hiri handien artera igo daiteke Eibar, Bigarren Mailako aurrekontu txikienarekin.

Futbolak justizia egin dezake aste honetan Eibarrekin. Ipuruak patuarekin zorrak kitatzeko aukera izango du. Aurten, beste behin, umiltasunak eta lan serioak saria jaso dezakeela ikusi ahal izan du futbolzaleak. Uzta oso oparoa izan daiteke, gainera; Eibarrek Lehen Mailara igotzeko aukera baitu. Futbol herrikoiaren eta egitura txikien ikur den taldea izarren ligaren atarian dago. Joko hau irabaztea oso zaila izango den arren, hordagoa jo du handira, erronka handia baita eta Eibar talde txikia. Halere, Eibarren ez da ilusiorik falta, bere txikitasunean talde handia delako.

Azken asteetan hitz bat bolo-bolo ibili da Ipuruako harmailetan: miraria. Miraria, Eibar talde apala Lehen Mailan ikustea ia ezinezkoa delako. Miraria, 28.000 biztanleko hiri batean Lehen Mailako futbola ikustea gaur egun ia pentsaezina delako. Espainiako Ligan aurrekontu beldurgarria duten taldeek eta ehunka mila biztanle dituzten hiriek erabakitzen dituzte ligaren nondik norakoak, eta halakoen artera talde txikiek ez dute sartzerik izaten.

Inguru horretan Eibar kontrapuntua litzateke. Eibarren eta talde handien arteko desorekak Espainiako Ligaren interes ekonomikoei kalte egingo lieke. Ligaren iturri ekonomiko nagusiak sarreren salmenta eta telebista eskubideak dira, eta arlo horietan Eibarrek ez du Cadiz, Celta edo Huelvarekin lehiatzerik. Aurreko astean, Celtari jarririko isunaren harira, Jose Luis Mendilibarrek esan zuen Ligak ez duela Eibar igotzea nahi. «Dirudienez, Ligak ez du nahi Eibar talde txikia izarren ligan sartzea; ez omen dugu nahikoa diru sortzen».

3.000 bazkiderekin, Lehen Mailarako bidean

Egunotan kapital handitzea martxan jarri badu ere, Eibarrek Bigarren Mailako aurrekontu txikiena du: 2.300.000 euro. Lehen Mailako jokalari askoren soldata baino txikiagoa da, baina Ipuruako taldea futbol profesionalean zorrik ez duen bakanetakoa da.

Miraririk egitea posible al da hain diru gutxirekin? Hala dirudi. Eibarreko lehen taldeko jokalari gehienak beste talde batzuk utzitakoak dira, eta horiei jatorrizko taldeak ordaintzen die soldata. Taldeko jokalarien artean Gaizka Garitanok du soldatarik handiena. Eibarreko zuzendaritzak askotan nabarmendu du bilbotarra «jokalari berezia» dela, eta horregatik irabazten duela gehiago. Taldekideek, ostera, 36.000 eta 42.000 euro inguru irabazten dituzte urtean. Sarturiko golen arabera kobratzen duenik ere bada. Horietako bat Joseba Llorente da; sasoi honetan hamasei gol sartu ditu, patrika ondo betetzeko adina.

Eibar Gipuzkoako bigarren taldea da. Kokapen geografikoak eragin eremua asko murrizten du, Eibarrek ez baititu inguruko herrietako zaleak erakartzen. Ondorioz, taldearen bazkide gehienak herrikoak dira. Eibarrek 3.000 bazkide baino ez ditu, eta, normalean, 2.500 baino ez dira zelaira joaten. Abonamendu garestienak 271 euro balio du, eta merkeenak, 192. Haur eta gaztetxoentzat prezio bereziak dituzte. Gaztetxoen abonamenduak 30 euro inguru balio du.

Eibarrek Ipuruako zelaian jokatzen ditu etxeko partidak. 1947an eraiki zuten, baina azken urteetan guztiz eraberritu dute. Guztira 5.200 ikusle baino ez dira sartzen, eta sasoi honetan ez da behin ere bete. Eibar Lehen Mailara igoko balitz, Ipurua Europako liga nagusietako bigarren zelaia litzateke txikienetan, Herbehereetako Den Bosch taldearen zelaiaren ondoren (4.500).

Hamasei jokalari berri

Eibarren arrakastaren gako nagusia ikuskatzaileen lana da. Javi Perezek, taldeko kirol zuzendariak, Bigarren B Mailako merkatua goitik behera arakatzen du urtero, taldea guztiz eraberritzeko. Utzitakoen kopurua handia delako eta jokalari onei ezin dielako eutsi, denboraldi-aurre bakoitzean taldekide ia guztiak aldatzen dira. 2004an hamasei jokalari fitxatu zituen Eibarrek. Lehen jardunaldian Jose Luis Mendilibarrek ozta-ozta batu zituen deialdia osatzeko adina jokalari.

Hurrengo sasoirako ere, taldeak jokalari ugari fitxatu beharko ditu. Aurtengo protagonisten lana ez da oharkabean pasatu, eta askok beste talde batzuen eskaintzak jaso dituzte. Taldeko entrenatzaile Jose Luis Mendilibarrek Athletic zuzenduko du hurrengo denboraldian. Gaizka Garitanok Lehen Mailako euskal taldeen eskaintzak jaso ditu, eta litekeena da hurrengo urtean Realean aritzea. Joseba Llorenteri, halaber, deirik ez zaio falta izan. Espanyolek Iraizoz berreskuratuko du, eta Valentziak, Silva. Cifuentesek ez du argitu non jokatuko duen, baina jakina da Eibar utziko duela. Karmonak bezala, igoerarekin esan nahi dute agur.

 

 

x61pRelaContWAR

Intéressant pour vous



detalle2

Docuthèque

B2
15-06-2005

x61pRelaContWAR

  • Brea , Unai
16158571

x61pViewCountWAR

3048

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR