Docutec
HIESa, 25 urte pasatu eta gero
Pandemiaren 25 urte pasatu eta gero, GIB infekzioak oraindik ez dauka tratamendu sendagarririk.
Definizioak
1. Seropositiboa (edo GIB+):
Giza immunoeskasiaren birusaren aurkako antigorputzak dituen pertsona. Pertsona hori kronikoki (bizitza osorako) GIB birusaz (HIES birusaz) kutsatuta dagoela esan nahi du. GIB eramailea bezala ere ezagutzen da.
2. HIES gaixoa:
Pertsona seropositibo batek HIES gaixotasuna garatzen duenean. Bakarrik seropositibo gutxiengo batengan gertatzen da: oso immunodeprimituak daudenetan. GIBen kontrako tratamendurik ez zegoenean, HIES gaixotasuna infekzio-unetik 7-10 urtera adierazten zen. Azkeneko 10 urteetan HIESaren intzidentzia zeharo gutxitu da tratamenduak eraginkorragoak direlako.
3. GIBa:
Giza Immunoeskasiaren Birusa. VIS edo tximinoen immunoeskasia-birusaren mutazio (aldaketa) batetik datorrela uste da. ARN birus (azido erribonukleiko) hau erretrobirusen generoaren barruan dago (erreplikazioa alderantziz egiten dute). GIBa nukleo zelularraren genoman sartzen da eta gero ezinezkoa da handik kentzea. 2006an GIB infekzioa oraindik osatu ezina da.
4. HIESa:
Hartutako immunoeskasiaren sindromeak esan nahi du:
Hartutako: ez da heredagarria edo sortzetikoa, kanpotik hartutakoa baizik
Immuno: immunitate-sistema edo gaixotasun infekziosoen kontrako sistema
Eskasiaren: sistema hau akastuna da, "deprimituta" dago
Sindromea: gaixotasun baten sintomak eta zeinuak
HIESaren lehenengo kasuak orain dela 25 urte, 1981ean, San Frantziskon (Ameriketako Estatu Batuetan) jazo ziren. Pneumonia larriak edo larruazaleko tumore bitxiak (Kaposi sarkoma) zituzten gazte homosexualak ziren. Ikusi zen nola gaixo horiek laster hiltzen ziren.
Zenbat GIB infekzio eta HIES kasu diagnostikatu dira munduan, Espainian eta Euskadin?
Seropositiboen kopuruari dagokionez, gaur egun munduan 40 milioi pertsona bizi dira GIBarekin (pandemia edo mundu-mailako endemia); hauetatik, gehiengoa garapen bidean dauden herrietan (2/3 Afrikan). Espainian, GIBarekin 150.000 pertsona inguru bizi direla kalkulatzen da (biztanleriaren % 0,3). Pertsona hauetatik, 35.000 inguruk ez dakite GIB+ direnik.
HIES kasuen kopuruari dagokionez, 1981etik 2005era bitartean Espainian 71.039 kasu diagnostikatu ziren eta Euskadin 5.069; hauetatik gutxi gorabehera erdiak hil egin dira. Munduan HIESaz 25 milioi pertsona hil direla uste da.
Infekzio berrien (seropositibo berrien) kopuruari dagokionez, oraindik infekzio berri asko (gehiegi!) ari dira gertatzen; munduan, 2005. urtean zehar, 4 milioi pertsona. Eta Euskadin, 152 pertsona (2004an baino % 5,6 gehiago); gehienak (% 75 baino gehiago) sexu bidez kutsatuak.
Nola jokatzen du GIBak eta nola adierazten da HIESa?
GIBak odoleko T4 linfozitoak kutsatu eta ezabatzen ditu. Hauek immunitate-sistema antolatzen dutenez, urte batzuk pasa ondoren sistemak porrot egiten du. Orduan, infekzio oportunistak agertzen dira (normalean patogeno ez diren germenak immunoeskasia-egoeraz baliatzen direlako). Gaixotasun infekzioso hauek edozein organo asaldatzen dute, larriak izaten dira eta ospitalean zaindu behar izaten dira. Adibidez, aho eta hestegorriko kandidiasia, alde bietako pneumoniak, garun-toxoplasmosia, etab.
Esan dugunez, seropositiboen gehiengoak ez du HIESa garatuko. Baina GIB birusaren infekzio kronikoa izango dute, beste pertsonak kutsatzeko arriskuarekin.
Nola kutsatzen da GIBa eta nola prebenitu?
HIES birusak hiru bide desberdin erabiltzen ditu transmititzeko: odolaren bidez (kutsatutako xiringak eta orratzak partekatuz), sexu-harremanen bidez (sexuaren bidez transmititutako gaixotasun bat da) eta ama-haur transmisioa (ama seropositiboarengandik fetuarengana edo jaioberriarengana haurdunaldian, erditzean edo edoskitzean). Honek esan nahi duena da birusa odolean, semenean, bagina-jarioetan eta amaren esnean dagoenean kutsagarria dela. Kutsatze-mekanismoak ezagutuz gero, denok gai izango gara prebentzio-neurriak ezartzeko. Prebentzio-neurri garrantzitsuenak hauek dira:
- sexualitatea erantzukizunarekin bizitzea
- preserbatiboa beti erabiltzea sexu-harreman arriskutsuetan edo ezohiko bikoteekin
- emakume haurdun seropositiboek tratamendu antirretrobirala (GIBaren kontrakoa) hartzea haurdunaldian
- bena barneko drogazaleek xiringa eta orratzik sekula ez trukatzea (xiringen trukatze-programak eta metadona-programa).
- higiene pertsonaleko materiala ez partekatzea; adibidez, bizarra moztekoa, hortzetako eskuilak edo odolarekin kontaktuan egon daitezkeen tresnak
- ez dago birusa kutsatzeko arriskurik musuak emateagatik, janaria edo edaria partekatzeagatik, mahai-tresnak, bainugelak, igerilekuak, etab. partekatzeagatik.
Azkeneko urteetan iritzi faltsu bat zabaldu da GIB infekzioaren gainean: tratamendu berriei esker, dagoeneko HIESa ez dela arazoa. Errakuntza handia da hauxe. Prebentzio-neurriak ez ditugu sekula ahaztu behar. Oraindik, bai munduan, bai gure inguruan, pertsona askok jarraitzen dute GIBaz kutsatzen; batez ere, sexu-harreman arriskutsuetan preserbatiboa ez delako % 100ean erabiltzen. GIB infekzioak oraindik ez duela osatzerik eta larria izan daitekeela gogoratu behar dugu.
Nola diagnostikatzen da GIBa?
GIB infekzioa diagnostikatzeko odol-analisi erraz bat erabil daiteke. Serumean GIBaren kontrako antigorputzak detektatuko ditugu (hortik dator seropositibo hitza). Azterketa hori osasun-zentroetan egiten da.
Gaur egun proba aurreratuagoak ere badaude, biologia molekularrean oinarrituta, GIBaren karga birala (birus kopurua) neurtzeko balio dutenak.
Nola tratatzen da GIBa?
Pandemiaren 25 urte pasatu eta gero, GIB infekzioak oraindik ez dauka tratamendu sendagarririk. Oraindino ez dugu lortu birusa pertsona baten gorputzetik ezabatzerik. Hala eta guztiz ere, 1996az geroztik, tratamendu konbinatuak erabiltzen ditugunetik (hiru farmako gutxienez), gaixotasun honen pronostikoan iraultza nabarmena lortu da. Alde batetik HIESari lotutako heriotzak zeharo gutxitu dira, eta bestetik GIBarekin bizi diren pertsonen bizi-kalitatea asko hobetu da. Kasu gehienetan GIB infekzioa egoera kroniko bilakatzea lortu da, aldizkako kontrolak eginez ondo mantentzen dena, diabetesarekin gertatzen denaren antzera.
Pertsona seropositibo guztietatik batzuek bakarrik hartu beharko dute tratamendu antirretrobirala, baina behin hasiz gero, bizitza osorako da. Hauetatik batzuek jasango dituzte tratamenduarekin lotutako kontrako ondorioak edo GIBaren erresistentziak agertuko dira, baina arazook ondo konpontzen dira gaur egun. Une honetan 20 farmakotik gora erabiltzen dira eta ikerketa-mailan askoz gehiago daude.
Txerto prebentibo eta terapeutikoak lortzeko ikerketa-lanak aurrera doaz, baina oraindik emaitzak eskasak dira, GIB birusak duen gaitasun mutagenikoagatik (aldatzeko erraztasunagatik).
Tratamendu antirretrobiralaren arazorik garrantzitsuena zera da, ia bakarrik herrialde garatuetan bizi diren pertsonek hartzen dutela. Milioika lagun daude hirugarren munduko herrietan tratamenduaren ezinbesteko premia dutenak.
| Informazio gehiago eskuratzeko: - Osakidetzaren ataria: www.sida-hies.net - Euskadiko HIESaren Plana (Daniel Zulaika dok): 943 00 64 62 - Bizkaiko Sexu Harremanen bidez kutsatutako Gaixotasunen Zentroa: 94 600 69 69 - Basurtuko Gaixotasun Infekziosoen Zerbitzuko kanpo-kontsultak: 94 400 60 75 |
Dr. Baraiaetxaburu
Basurtuko Ospitalea, Gaixotasun Infekzioetako zerbitzuburua.
Medikuntza Fakultatea, Bilbo.
