Docutec
Marcos Garcia: "Oraindik haitzulo asko daude aurkitzeke Euskadin"
2008ko irailean zabaldu zen Ekainberri, Ekaingo leizearen erreplika.
Gure arbasoak bertan bizi ziren duela 14.000 urte eta, orain, mundu osoaren begiradapean egongo dira. Izan ere, Ekain, Santimamiñe eta Altxerri kobazuloak Gizateriaren Ondare izendatu ditu UNESCOk. Hirurak daude itxita, kontserbazio arauak direla eta. 2008ko irailetik, berriz, Ekainberri, Ekainen kopia perfektua, bisita daiteke. Marcos Garcia EHUko historiaurre doktoreak leize-zuloei buruzko misterio guztiak argitu dizkigu.
Kobazuloen inguruan hamaika ipuin asmatu dira. Zergatik iruditzen zaizkigu hain misteriotsuak?
Kobazuloekin lotutako mito gehienak Erdi Aroan edota Aro Modernoan sortu ziren, jendea kobazuloetatik urrun bizi zenean, hain zuzen ere. Ikuspuntu zientifikotik, ez dakigu azaltzen naturaren fenomeno diren zulo horien sorrera. Hori dela eta, mistizismo eta oskurantismoarekin erlazionatzen ditugu. Gainera, leize-zuloak ilunak dira eta baztertuta daude, beraz, oso egokiak dira sorginei edota altxorrei buruzko istorio misteriotsuak bertan kokatzeko.
Ekain, Santimamiñe eta Altxerri Gizateriaren Ondare izendatzea erabaki du Unescoren Gizadiaren Ondare Batzordeak. Zer ekarriko du izendapenak?
Alde batetik, orain arte Euskadirena zen ondarea mundu osoarena izango dela hemendik aurrera. Horrek esan nahi du Euskadiko administrazioek zaindu duten hori mugetatik kanpo ezagutarazteko obligazioa izango dutela eta horretarako beharrezkoak diren politikak jarri beharko dituztela martxan. Bestalde, kobazuloak aurkitu zirenetik gaur egun arte administrazioek modu egokian zaindu dituztela eta ikerketa zientifikoak egokiak izan direla esan nahi du izendapenak. Izan ere, Gizateriaren Ondare izendatzeko beharrezkoa da hainbat ikerketa tekniko eta zientifiko aurkeztea, eta Eusko Jaurlaritzak lan hori bultzatu izan ez balu ezinezkoa zitekeen izendapena lortzea. Horrez gain, izendapenaren ondorioz, kobazuloak zaintzeko eskakizunak zorrotzagoak izango dira hemendik aurrera.
Turismoa ez duzu aipatu baina, izendapenak ziurrenik jende gehiago erakarriko du...
Gizateriaren ondarearen zerrendan jasota dauden tokiak kultura-turismoaren zirkuituetan sartzen dira. Argi dago turismoa erakartzeko tresna berria izango direla.
Hiru haitzuloak ondo ezagutzen dituzu. Zein da ezagutu zenuen lehena?
Altxerri ez dut ezagutzen, kobazuloaren sarbidea oso konplexua baita. Santimamiñe txikitatik ezagutzen dut, txikitan gogokoen nuen lekuetako bat zen. Baina zirrara gehien sortu didana Ekain da. Kobazuloaren espazioak oso atseginak dira eta margolanak ikaragarriak dira. Zaldien panelak kalitate artistiko handia du. Batzuek esaten dutenez, Ekaingoak munduko zaldirik ederrenak dira. Alderdi zientifikoa alde batera utzita, Ekainek ikaragarri hunkitu ninduen, haitzuloaren barruan uzkurtuta sentiarazten baitzaitu.
Deskriba iezaguzu zer dagoen Ekainen.
Europako labar-pintura bildumarik onenetarikoa du. Duela 14.000 urte margotu ziren. Zaldien kobazuloa esaten diote, nabarmenena zaldien irudiak direlako, arte paleolitikoan garrantzi handikoak, alegia. Izan ere, bikromiaren erabileraren eredu eskasetako bat da mundu osoan. Bikromiak bi kolore erabiltzea esan nahi du, kasu honetan gorria eta beltza, eta Ekaingo margoak bikromiaren estreinako erabileraren eredu dira. Altamira ere bikromiaren sorreraren lekuko izan zen. Gaur egun tontakeria dirudi, baina duela 14.000 urte gertatu zela eta bikromiaren sortzaileak izan zirela pentsatu behar dugu. Mundu osoan sei eredu besterik ez daude.
Zergatik erabaki zuten ixtea?
Aurkitu zutenetik orain dela lau urte arte irekita egon zen. Bisitak oso mugatuak ziren, astean 12 pertsonako taldea sar zitekeen soilik. Ez zuten itxi kontserbazio-arazoak zituelako, baizik eta denborarekin haitzuloen osasuna neurtzeko sistemak zorroztu egin direlako. Esan daiteke Ekain ondoen kontserbatutako haitzuloetako bat dela.
Irailetik aurrera, ordea, Ekain ezagutzea posible izango da Ekainberri erreplikari esker. Haitzuloa ezagutzeko modua izango da, beraz...
Gure ondarea giltzapean edukitzeak ez dauka zentzurik. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zestoako Udala hartzen dituen Ekain fundazioa sortu zen. Fundazioaren helburua Ekainen erreplika sortzea zen. Kobazuloaren ondarea ezagutzeko modu bat da eta erreplika benetan erreala da.
Nola sortzen da erreplika bat?
Lehenik pareten topografia egiten da, leize-zuloaren eredu matematikoa lortzeko. Horri esker, bere morfologia erabat kopia daiteke. Pareta berriak erretxina eta kareharri birrinduarekin estaltzen dira eta paleolitoko artean adituak diren margolariak kopiak egiteaz arduratzen dira, originalen argazkietan oinarrituz. Horrez gainera, benetako haitzuloaren hezetasun maila eta tenperatura ere kopiatu egiten dira. Horrela, erreplikan sartzen garenean, sentsazio berak biziko ditugu: hotza, iluntasuna, hezetasuna... Eta aditua ez den pertsona batek ez luke bereiziko benetakoa ala kopia den. Santimamiñe ere itxita dago gaur egun, baina zuk ikusteko aukera izan duzu. Konta iezaguzu zer duen.
Euskadin arte paleolitikoa duten kobazuloen artean aurkitu zen lehenengoa da. Santimamiñe kultura eta turismo erreferentea izan da beti. Bilbon jaio nintzen eta txikitako oroitzapenek lotura handia dute haitzulo horrekin. Labar-pinturei dagokienez, hartzen errepresentazioak nabarmendu behar dira, mundu osoan horrelako 30 gehiago egongo dira soilik. Haitzuloa duela zortzi urte itxi zen, kontserbazio-arazoak zituelako. Pinturak gela txiki batean kokatuta daude eta bisitaldiek gelaren baldintzak aldatzen zituzten. Ikuspuntu turistikotik pena da itxi izana, baina erabakia egokia da. Haitzuloa ezagutzeko bisita birtuala egin daiteke bertan.
Altxerri da hiruretatik ezezagunena.
70eko hamarkadan deskubritu zuten eta oso ondo kontserbatuta dago. Oso zaila da haitzuloan sartzea, horregatik mantendu da. Pinturak izan beharrean, paretetan hainbat grabatu ditu. Garrantzitsuena azeri polarra da, arte paleolitikoko eredu bakarra. Grabatuak oso ederrak dira.
Zergatik margotzen zituzten paretak duela 14.000 urte bertan bizi zirenek?
Teoria asko daude. Adituak ez dira ados jartzen. Ezin diegu galdetu artista horiei zertarako margotzen zuten, eta gainera, ez dago garai hartako aztarna idatzirik. Beraz, azalpenak bestelako metodoen bidez bilatu behar dira. Etnografia da horietako bat. Gaur egungo herri primitiboetan informazioa bilatzean datza. Hau da, bizi-baldintza antzekoak dituzten herriek zergatik margotzen duten aztertzen da. Arazoa da herri primitibo guztiek ez dutela gauza bera erantzuten. Indar gehien duen teoriatako bat ehiza bermatzearena da; etorkizunean gertatzea nahi zuten hori margotzen zuten. Arrazoi estetikoa da beste teoriatako bat. Hirugarren teoria xamanismoarena da; xamanak tribuaren eta Jaungoikoaren arteko bitartekariak ziren eta jainkoei eskakizunak egiteko margotzen omen zuten. Ondo pentsatuz gero, gaur egun gauza bera egiten dugu, baina izen ezberdina ematen diogu. Prozesioak, esate baterako, eskatzeko egiten dira.
Nolakoak ziren kobazuloetan bizi ziren gizaki haiek?
Gu bezalakoak ziren, hau da, lehenengo homo sapiensak ziren. Bizi baldintza ezberdinak zituzten baina haien kezkak antzekoak ziren.
Margotzeko gaitasuna izateak komunikatzeko gai zirela esan nahi al du?
Hitz egiteko gaitasuna zutela baieztatzen dute ikerketa askok. Gure aldean hitz gutxiago erabiliko zituzten, agian 1.000 hitz, baina eguneroko bizimodurako nahikoa zuten.
Aranzadiko kidea zara. Zein da elkarteak izan duen jarrera haitzuloen ustiapen turistikoaren inguruan?
Aranzadiren jarrera kontserbazioaren aldekoa izan da beti, izan ere, ondasuna galtzen bada, ez dago zer erakutsirik. Eta deskubritu zirenetik gaur egun arte lotura handia izan du kobazuloekin. Hain zuzen ere, Aranzadiko ikertzaile batzuk, Jose Miguel de Barandiaranekin batera, arduratu ziren margoen benetakotasuna baieztatzeaz. Eta hainbat kide gidari gisa jardun izan dira kobazuloetan.
Ekain kasualitatez aurkitu zuten bi azpeitiarrek 1969. urtean. Gaur egun posible al da horrelako aurkikuntzarik egitea?
Aurkikuntza gehienak kasualitatez gertatzen dira eta ziur nago oraindik haitzulo asko daudela aurkitzeke. Frantzian edo Kantabrian dagoen kobazulo kopurua Euskadikoa baino askoz handiagoa da eta ez dauka zentzurik, Euskadi erdian dagoelako eta garai hartako gizakiak alde batetik bestera mugitzen zirelako.
Ekainberri bisitatzeko:
NON: Sastarrain bailara (Zestoa)
NOIZ: Asteartetik ostiralera, 10:00etatik 18:00etara
Larunbata eta igandetan, 10:00etatik 19:00etara
SARRERA: 5 €
Irailaren 12tik aurrera zabalik
Informazio gehiago www.ekainberri.com atarian
