detalle dokuteka-generico-fitxa

«Zokoratutakoak beti berberak gara: emakumeak, transak...»

Eredu jakin batean oinarritutako sistemaren arriskuez ohartarazi du Bilgune Feministako Irati Gonzalez Larenak, eta eguneroko borroken beharra azpimarratu du. Aldarrikapenetarako baliatu nahi du Harrotasunaren Eguna.

Ekainaren 28ko mobilizazioetara deitu du Euskal Herriko Bilgune Feministak, Bagara, bagaude, bagoaz izenburua duen ohar baten bidez. Bilguneko kide Irati Gonzalezen arabera, bada garaia diskurtso politikoa berreskuratzeko: «LGTBI aktibistarik gabe, ospakizun soila litzateke».

 

Sexualitatearen disidenteak eta sistemak zokoratutakoak aipatu dituzue oharrean. Haiek bistaratzeko da egun hau?
Bai, bistaratzeko baino gehiago, erdigunean jartzeko. Azkenean, sistemak egiten duena da zokoratu eta existituko ez balira bezala isilarazi, eta ikusi nahi ez den sukaldeko kaka bezala utzi. Sistemarentzat errentagarriak garenean: orduan uzten da ikusgai, orduan bakar-bakarrik. Gure identitateak merkantilizatzen dira. Horren adibide aipatzen ditugu Chueca edo gayfriendly ereduak, borroka historikoak suntsitu, despolitizatu eta zuritzeko erabiltzen direlako. Interesen araberako diskurtsoak dira, eta oso diskurtso zuriak izaten dira; ez dute iraultzarako neurririk hartzen. Halaber, hor ditugu munduan zehar hildakoak ere. Zerbait egin beharra dago, eta denon betebeharra da funtzionatzen ez duen sistema hau aldatzea.

Zer ekintza egin daitezke gaur hori lortzeko?
Finean, gai hau zentralizatzeko balio du egunak, baina eguneroko lanak du garrantzia. Egun bateko aldarrikapenekin ez da lortzen; diskurtso hori gure eguneroko praktikan txertatu beharra dago, eta, horretarako, heziketa oso garrantzitsua da. Erakundeak ere oso garrantzitsuak dira, eta alderdi politikoen rola ere ezinbestekoa da.

Chueca eta gayfriendly ereduak aipatu dituzu. Kaltegarriak dira?
Gure burujabetza feministaren diskurtsoan, herri aske batean bizi nahi badugu bizitzak jarri behar dira erdian, eta ez kapitala. Sistema horiek eskaintzen dutena kapitala da, eta, horregatik, zuritu eta kontsumogai bihurtu dituzte. Egun honetan erraz ikus dezakegu nolako diskurtsoak ateratzen dituzten tabernariek eta komunikabideek, esaterako. Ez dugu haien aurka egin nahi, baina sistemak kontrolatu gaituen seinale da.
 
Zergatik erabili eredu horren adibidea?
Chuecaren eredua adibideetako bat da; ez dut hartan zentratu nahi, baina oso ikusgarria da. Hasieran, LGTBI+ komunitatea pisua hartzen hasi zen, eta, azkenean, ghetto marika-arrosa bat bilakatu da. Kaleetatik ibiltzen bazara, ikusten da; denak bizar apaindegiak dira, eta klase ertain-altukoak. Han ez dago neskarik? Ez dago bizarrik gabekorik? Oso homogeneoa da; ghetto izatera jotzen dute, eta badirudi diskurtso politikoa erabat galdua dela. Ematen du hemengo joera ere hori dela. Kontuz ibili behar da; zokoratuak beti berberak gara: emakumeak, transak...

Azaldu duzue kanpoan geratzen direla kapitalismoaren beharrak asetzen ez dituztenak. Pertsona helduak bazterturik daude, adibidez?
Bai, horretaz hitz egiteko norbaitek film bat edo kartel bat egin behar du, edo beste zerbait gertatu. Bestela, ez da hitz egiten, ez gara existitzen. Hor aipatu nahi nuke lesbianismoarekin gertatzen dena, adinarekin edo arrazarekin gertatu bezala. Emakumeok, beste arlo batzuetan bezala, modu bikoitz, hirukoitz edo anizkoitzean sufritzen dugu patriarkatua. Lesbianok duela gutxi arte ez ginen existitzen, eta diskurtsoa zuritu nahi denean hasi gara existitzen, edo morboa ematen duenean, edo telesailik moloiena egin nahi denean. Orain, bat-batean, telesail guztietan daude emakume bollerak.                                                                                                            

                                                                                                                                               Azaleko argazkia: Aritz Loiola / FOKU

detalle2

Docuthèque

C1
28-06-2018

x61pRelaContWAR

16144983

x61pViewCountWAR

3638

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR