Hitzen jabeak
Eider Rodriguez idazleak Bihotz handiegia liburuarekin Euskadiko Liburu denden Elkartearen eskutik 2018ko Zilarrezko Euskadi Saria irabazi du.
Irratiari emandako elkarrizketako pasarte honetan, hizkuntza eta boterea ditu aipagai.
Bere sorterria, Errenteria-Orereta, izen-bikotea du abiapuntu gaia jorratzeko.
Maite Artola. Zuk askotan errepikatzen duzu iraganetik ihes egitea ze zaila den, zenbat lotzen gaituen betirako familiak, garaiak, lekuak; ze aukera gutxi duen zoriak, eta batez ere, ze gutxi duen gure bizitzak guk aukeratutakotik. Oso jarrera determinista da hau, ez? deterministegia…
Eider Rodriguez. Bai. Agian bada egia, baina bai nik inpresioa daukat, alegia, jaiotzen garela, eta dadoen jokaldiaren antzeko zerbait dela hori, ez? Gure jaiotze-momentu, ingurune, egoera, garai… Eta horrek determinatzen gaituela oso modu sendoan, eta zurrunean esango nuke, urte askotarako. Orain, determinatutako pertsona horren barruan gertatzen direnak gerta daitezke kontrako, ez dakit, munduaren kontrako beste puntan jaiota, kontrako estratu sozialean, beste arraza batekoa izanda gertatu daitekeenaren oso antzeko zerbait gerta dakizuke, oso antzeko zerbait, baldin eta, nahiz eta jaio ingurune zehatz batean. Baina gauzak kontatzeko modua, gauzen aurrean kokatzeko modua oso determinatua dator: zorionez eta zoritxarrez, ez? Baina hori, dado-partida batean bezala. Gero zer egiten duzun jokaldi horrekin! Ba horrek aukera asko eman ditzake.
Maite Artola. Zu Errenterian jaio zinen duela gaur juxtu 41 bat urte.
Eider Rodriguez. Um.
Maite Artola. Bueno, zuk Orereta deitzen diozu.
Eider Rodriguez. Bai.
Maite Artola. Eta izenak berak ideologia bat markatzen du zure herrian, e!
Eider Rodriguez. Bai. Egia esan, ni orain izen ofiziala, oker ez banago, Errenteria-Orereta da, Orereta da. Eta bai: 80. hamarkadan, oker ez banago, egon zen mugimendu bat herriaren izen, antzinako izen hori berreskuratzeko, Orereta izen hori. Errenteria izenak errenta ordaintzen zeneko garaia ekartzen, jasotzen zuelako izenean bertan, ez? Eta horri aurre egiteko modu erresistentea edo esan dezagun, edo ez menpekoa, Orereta zen. Eta bueno, nik orduan ikasi nuen Orereta da gure herriaren izena, eta oso txertatuta daukadan izena da.
Maite Artola. Baina hitzak inon baino gehiago dira ideologia Euskal Herrian?
Eider Rodriguez. Inon baino gehiago ez dut uste. Ez dut uste. Agian guk ideologiaz kargatuta dauden hitz gehiago erabiltzen ditugu batez bestekoak baino. Baina uste dut hitz guztiek daukatela karga ikaragarri handia, eta hemen badaudela mugimendu asko, politikoak direnak… Eta mugimenduak ere egiten dira hitzekin; horregatik dauzkagu hainbat eta hainbat hitz, ba hori, ja ez dakigula zer esan nahi duten.
Maite Artola. Gastatuta daudenak.
Eider Rodriguez. Oso gastatuta.
Maite Artola. Demokrazia esate baterako, errepikatzearen errepikatzeaz, batzuetan ia esanahirik gabeko hitz bezala entzuten dugu, ez?
Eider Rodriguez. Bai. Dudarik gabe. «Ia» kenduta ere esango nuke. Demokrazia baina hitz, hitz asko, asko daude ez?, erabat higatuta daudenak eta galdu dutenak hitz horiek berez sortu zirenean zeukaten bokazio hori, gauzak esatekoa. Eta gaur egun, kontrakoa, gauzak egonkortzeko erabiltzen dira.
Maite Artola. Zuk elkarrizketa batean esan zenuen hitzen esanahia duen horrek du boterea. Hori irakurri nizun, eta hori irauli egin behar dela hitz berriak sortuz, gogoeta libreagoak eginez… Egia esan, musika, zuk egindako adierazpen horren musika atsegina egiten zitzaigun, baina ez dakit oso ondo ulertzen dugun.
Eider Rodriguez. Bai. Ideia hori ez da nirea. Oker ez banago, Belén Gopeguik idatzitako zerbait da, eta da, berak dio egiantzekotasuna, sinesgarritasuna, vero, verosimilitud deitzen duen hori ez dela uste duenarena, jabeak dauzkala. Beraz, hitzek ere badauzkatela jabeak.
Orduan, adibidez, zuk jarritako adibidearekin. Demokrazia hitza esaten dudanean nik, esaten ari naiz, ari naiz egiten hitz horren jabearen kontra, baina ez dut lortzen, ze jabetza bat dauka, eta sinesgarri da batzuen ahotan bakarrik. Eta literaturan oso, oso ohikoa da hori. Berak badauka nire ustez saiakera txiki baina zoragarri bat, euskarara itzuli zen, Tiro bat kontzertuaren erdian, edo horrelako izenburu bat dauka; ez dut oroitzen zehatz izenburua zein den. Eta berak hor hitz egiten du literaturan politikaz idazteari buruz, ez? Eta esaten du zein zaila den alegia: literatura guztia da politikoa; baina bakarrik ikusten da politikoa dela stablishment-aren kontra idatzita dagoenean. Eta hori oso zera da, ez?, bada ideologia, ez?, bakarrik ikusten da ideologia jakin bat. Eta ez dakit nork esan zuen hori, Terry Eagleton-ek edo, ez naiz gogoratzen, ze kritika, literatur kritikariak, baina esaten zuen, oso irudi polita erabiltzen zuen, ideologia dela halitosia bezalakoa, ez?, bakarrik nabaritzen da bestearena.
Maite Artola. Eta hala ere, hitz soilek, hizkuntza ofiziala badirudi ja ez dela nahikoa herri honetan gertatu dena azaltzeko.
Eider Rodriguez. Ez. Hala, hala dirudi. Hizkuntza, alegia, hizkuntzak bai balio lezake, baina hizkuntza hori plazaratzen den leku horietako asko erreta daudela esango nuke. Eta hemen gauza asko gertatu dira, toki askotan gertatu dira gauzak. Izan ere, gauza bakarra gertatu denean ikuspegi askotatik konta daiteke eta gauza horrek gauza ikaragarri ezberdinak probokatu ditu. Eta nik uste dut oso inportantea dela hori dena berreskuratzea batzuen zein besteen mesedetan, denon mesedetan. Eta esaten den «relato kolektibo» hori, ba hori, nolabait ere egin beharko litzateke, baina ahalik eta modurik, ez dakit, pertsonal eta libreenean, ez?, ahalik eta geure, ez dakit, gure identifikatzen ditugun hitzekin.
Maite Artola. Um.