1985ean hil zen hiesak jotako lehen euskalduna
1985eko apirilean, duela 33 urte hil zen Euskal Herrian hiesaz gaixotutako lehen pertsona. Garai ilun eta gordin baten hasiera izan zen.
Erreportaje honetan, hasierako garai haiek nolakoak izan ziren kontatzen du gaitz hori bizi izan zuen seropositibo batek eta gaur egungo egoeraren berri ere emango digute.
KAZETARI 1. Gaur zorigaiztoko efemeride bati erreparatuko diogu. 1985ko apirilean, duela 33 urte hil zen Euskal Herrian hiesaz gaixotutako lehen pertsona. Garai ilun eta gordin baten hasiera izan zen; Igotz Alkorta.
JOSU UNANUE, HIESDUNEN ESKUBIDEEN ALDEKO EKINTZAILEA. Beldurrez, etsita, eta batzuetan desesperantea da. Horregaz (horrekin) bizi ahal dela egin eta, hori ez zen sartzen buruan.
IGOTZ ALKORTA KAZETARIA. Gure entzule gazteenentzat aspaldiko kontuak izango dira, baina 33 urte besterik ez dira pasa garaiko egunkarietan Euskal Herrian hiesdun lehen pertsona hil zela jakin zenetik, Gurutzetako erietxean. Ordurako, gaitza lehen kolpe handiak ematen hasia zen munduan eta ezjakintasuna, hori zen orduko hitza. Josu Unanuek urtebete geroago, 1986an, jakin zuen seropositiboa zela, eta hiesdunen eskubideen aldeko lehen ekintzaileetakoa izan zen gurean. Hasiera hartan esaten zirenak gogoan ditu.
JOSU UNANUE. Lepragaz (leprarekin/legenarrarekin) konparatzen zen, eta batzuetan esaten zen minbizi arrosa zela, bizi txarra… Eduki genuen gazteak merezitako zigorra daukagula, eta Eliza bera eta beste hainbat sektore gure kontra jarri ziren.
IGOTZ ALKORTA. Baina argi dago egia. Eurek ez zuten garaiko gizarteak egiten ez zuenik egiten, babesik gabeko sexu-harremanak ohikoak baitziren. Unanue bera arrazoi hori medio gaixotu zen Afrikan lanean zela. Honela gogoratzen du.
JOSU UNANUE. Ni Afrikan nengoen, hasi ziren frogak egiten. Eta orduan karta bat hartu nuen, eta lehen gauza izan zen Bilbora etorri beharra. Heldu nintzen Gurutzetara, eta Gurutzetan topatu nintzen (nuen) halako eskafandra batekin jantzitako erizain bat. Berak beldur gehiago zeukan nik baino. Dena goitik behera tapatuta. Eta eskularruekin eta beste galdera pilo bat egiten. Ba ea nik zer egin dodan (dudan)… Nik ez nuen ulertzen ezer.
IGOTZ ALKORTA. Bi urteko bizi-esperantza eman zioten. Eta denak kutsa zitzakeenaren beldurra da gogoratzen duena lehen une hartatik. 80 eta 90eko hamarkadetan 3.000 pertsonatik gora hil ziren hiesaz Euskal Herrian. Garaiko heroina-kontsumoak areagotu egin zuen, gainera, heriotza-tasa. Baina pixkanaka informazio zehatza hasi zen zabaltzen, medikuntza garatzen eta azken hamarkadetan, zorionez, gaitz kroniko bihurtu da. Gurean 6.000 gaixotik gora daudela aurreikusten da. Baina albiste on horrek badu ifrentzua: ez da jaisten ari urtero VIH birusaz kutsatzen direnen kopurua. Eta errealitateak dio gazteen artean gaitzari beldurra galdu zaiola, babesik gabeko sexu-harremanak baitira gaur egun kutsatze ia guztien erantzule. Gertatzen ari dena hiesa duten pertsonak plaza publikotik desagertu izanari egotzi dio Josu Unanuek.
JOSU UNANUE. Gaur egunean badaukagu informazioa; ez dugu kontuan izaten. Gu be (ere) ja desagertuta gagoz (gaude), fisikoki inork ez gaitu ikusten horrela. Inportantzia galduta dauka gaitz honek, eta azken finean, milaka izan arren, berba egiten dabenak (dutenak) ez gara gu.
IGOTZ ALKORTA. 33 urte Gurutzetan hies hitza hezur-haragitu zela. Emakume bat izan zen lehen hildakoa. Josu Unanuek hildako horren amarekin harremana izan zuen, eta mezu hunkitua helarazi dio amaitzeko.
JOSU UNANUE. Bere ama ezagutzen dot (dut) eta hemendik nire musua, entzuten badu… Zoritxarrez uste dot (dut) euskaraz ez dakiela. Hemendik musu handi bat, eta hildako alaba ba beti daukagula gogoan eta kontuan, eta nik oraindiño izena ipintzen deutsot (diot), ze gogoratzen naiz, eta bueno. Bai.
IGOTZ ALKORTA. Ezin ahantz 33 urte geroago, prebentzioa dela hiesari ihes egiteko modu bakarra.