Docutec
Erlatibitatearen teoriak 102 urte
1916ko martxoaren 20an argitaratu zuen Albert Einsteinek 'Erlatibitate Orokorraren Teoria'. Aurrez idatzi zuen erlatibitatearen teoria osatu eta garatu zuen, Newtonen grabitatearen teoria ordezkatuz.
Teoria hori ulertzen laguntzeko, Aitor Bergara fisikariarekin hitz egin dute Euskadi Irratikoek. Besteak beste, kontatzen dute Einsteini Nobel saria ez ziotela aurkikuntza edo teoria horregatik eman, beste lan batengatik baizik.
KAZETARIA. Martxoaren 20 honetan erronka jarri diogu geure buruari, “Erlatibitatearen Teoria” ulergarri eta entzungarri egitea. 1905ean kaleratu zuen Albert Einsteinek “Erlatibitatearen Teoria Espeziala”. Orduan uste zenaren, eta zentzuaren aurka, denbora ez zela absolutua esan zuen. Aitor Bergara fisikariak azalpen grafikoa Euskadi Irratian.
AITOR BERGARA FISIKARIA. Denbora ez dela absolutua, erlatiboa dela. Baina erlatiboa zerekiko? Ba behatzen duenaren abiadurarekiko. Demagun bi biki ditugula, bata Lurrean dugula eta beste bat jartzen dugula nabe batean – hori bai, oso arin doan nabe batean–. Ba nabe horretan doan biki horrentzat denbora astiroago pasatzen da, eta orduan, nabe hori bueltatzerakoan, ikusten dugu bata erabat zahartuta dagoela, eta bestea gazte-gazte egon daitekeela, ze abiadura handian joan den pertsona horrentzat, biki horrentzat, denbora astiroago pasatu egin delako. Hori bai, horren efektuak nabariak izateko abiadurak oso handiak izan behar dira, argiaren abiaduraren ingurukoak. Eta argiaren abiadura oso handia da gaur egun daukagun tresnekin lortzeko.
KAZETARIA. Ezin dugu ahaztu argiaren abiadura 300 mila kilometro segundoko dela, gure ahalmenetatik urrun oraindik. 1905ean teoria hori publikatuta, ikertzen jarraitu zuen Einsteinek eta abiadura eta denborari beste aldagai bat gehitu zion, grabitatearena. Eta horrela publikatu zuen gaurko egunez, duela 102 urte, “Erlatitibitate Orokorraren Teoria”, espazioaren beraren ulerpena aldatu zuena.
AITOR BERGARA FISIKARIA. Grabitatearekin baita denbora aldatzen da. Denbora ez da berdina Lurrean edo Jupiterren, ze zenbat eta grabitatea handiagoa izan, denbora motelago pasatzen da. Baina unibertsoan dauzkagun gorputzak daude, oso arraroak izan daitezke. Zulo beltzak, adibidez, oso bitxiak dira, non hortxe, grabitatea egiten da, singularitate bihurtzen da. Zulo beltzean bizi bagara, denbora ez da pasatzen.
KAZETARIA. Ildo horri jarraiki, baieztatu zen unibertsoa ez dela estatikoa. Hil berri den Stephen Hawking-ek garatu zuen ildoaren abiapuntua da 1916ko Erlatibitate Orokorraren Teoria. Einsteini handik 5 urtera, 1921ean, Nobel saria eman zioten baina ez Erlatibitatearen Teoriagatik. Itxuraz teoria okerra izan zitekeen zalantzak zituzten orduan, eta efektu foto-elektrikoaren inguruan egindako lanagatik saritu zuten. Erlatibitatearen teoria jada frogatuta dago; ez dago hain frogatua ordea, gizakiak denboran bidaiatzeko gaitasun hori inoiz lortuko ote duen.
AITOR BERGARA FISIKARIA. Badaude hainbat teoria. Ez dago makinarik, ez dugu lortu halako makinarik, baina egon, naturak bai dauzkala berez makinak denboran bidaiatzeko.
KAZETARIA. Hiru minutu zituen erreportajetxo honek. Ziur denei ez zaizuela denbora hori luzera berekoa iruditu, baina horrek ez du erlatibitatearekin zerikusirik, guk asmatu ote dugun edo ez baizik… Denok ez baikara Albert Einstein.
