Docutec
Xabier Lizardi, izotz ondoan bada eguzkirik
1933ko martxoaren 12an hil zen Xabier Lizardi idazle, poeta eta kazetaria. Zarautzen jaio zen, baina Tolosan egin zuen ia bizitza osoa. Bere zenbait olerki abeslarien bidez egin dira ezagun.
Jose Mari Agirre izen-abizenez, Zuzenbidea ikasi eta enpresa bateko kudeatzaile izan zen XX. mendearen hasieran. Bizi zela, poesia-lan bakarra kaleratu zuen: 1932an, “Bihotz- begietan” bilduma, aditu askoren ustez maisulana.
Hemen duzu, Lizardiren olerki bat, Izotz ondoko eguzki, Xabier Letek kantatua.
KAZETARIA. Jose Mari Agirre izen-abizenez, Zuzenbidea ikasi eta enpresa bateko kudeatzaile izan zen XX. mendearen hasieran, baina ez dugu gaur horregatik oroituko.
'XabierLizardi'(Mikel Laboaren kanta)
Xabier Lizardi ezizenez, antzerkigile eta olerkari handi izan zen, Euskal Pizkundea deitu zitzaion garaiaren ardatzeko bat. Zarautzen jaio baina Tolosan ia bizitza osoa egina, ekintzailea eta idazlea, biak uztartu zituen 20ko hamarkadaren amaieran. Lurdes Otaegi EHUko Euskal Literaturako irakasleak azpimarratu duenez,
LURDES OTAEGI IRAKASLEA. Bi aldetiko ekarpena egin zuela esango genuke. Alde batetik, Euskaltzaleak elkarteko kide moduan, ba parte hartu zuela euskal literaturaren eguneratze- eta prestigiatze-ekintzetan, bera lehendakaria izan baitzen. Baina, bereziki, bere ekarpenik handiena poesiaren arloan egin zuela.
KAZETARIA. Bizi zela, poesia-lan bakarra kaleratu zuen: 1932an “Bihotz- begietan” bilduma, aditu askoren ustez maisulana. (Kanta: Oi lur, Benito Lertxundi kantari)
LURDES OTAEGI IRAKASLEA. Poeta heldu baten aukeratua dagoela; alegia, berak bere bizitzan zehar edo egindako poemen artean halako aukeraketa bat egin zuen eta liburu heldu eta borobil bat osatu zuela.
KAZETARIA. Entzuten ari garen Oi Lur edo Bultzi leihotik, Izotz ondoko eguzki eta Mendi gaina Lizardiren olerkiak kantuetan ezagun egin dira gure garaira arte.
Bera hil ostean, 1934an, Euskaltzaleak elkarteko lagunek etxean aurkitutako olerkiekin Umezurtz Olerkiak poesia-lana ere kaleratu zuten. Baina paradoxa badirudi ere, garaian Lizardi ez zen olerkari bezala ezaguna, kazetari edo artikulugile bezala baizik. Euskararen aldeko hamaika artikulu utzi zituen garaiko egunkarietan.
LURDES OTAEGI IRAKASLEA. Argi zeukan lehenengo egin behar zela euskaldunei beraiei beren hizkuntzaren harrotasuna, eta hizkuntzaren balioa… kontzientziatzea, ezta. Eta orduan horretara bideratutako kanpainak eratu zituzten: bai euskal egunkaria sortzeko, bai ikastolen alde, bai euskal ekintza kulturaletan parte hartzearen alde… Eta orduan giro hori sortzeko, berak luma franko probokatzailea erabiltzen zuen. Jende artean holako eztabaidak edo polemikak prentsan sortzearen bitartez, jendearen interesa erakarri nahi zuen.
KAZETARIA. Aitzol, Lauaxeta eta beste hainbatekin urte gutxitan sekulako ekarpena egin zuen taldea izan zen Euskaltzaleak deitu hura. Lizardi gazterik 37 urterekin 1933an eraman zuen gaitzak, besteak handik laster: 1936an fusilatu zituen altxamendu frankistak. Baina ez zituen ez erabat isildu.
Lizardiren letrak gogoan, izotz ondoan bada eguzkirik eta hemen ari gara gu euskaraz egunero, besteak beste, martxoaren 12an, duela 85 urte hil zen Xabier Lizardiri esker.
