Docutec
Elizabeth Hawley, Himalaiako kronista
Himalaiako kronista ofizial bat izan baldin bada, hori Elizabeth Hawley estatubatuarra izan da, pneumoniak jota eta 94 urterekin Katmanduko ospitalean hil berri dena.
Liz Hawleyk 50 urte baino gehiago eman zituen Himalaiako gailurretan igotzen ziren espedizioetako mendizale eta sherpak elkarrizketatzen. Bera elkarrizketatu zuen Ramon Olasagasti kazetariarekin hitz egin dute Euskadi Irratiko Mezularia programakoek.
Nahi izatera, informazio gehiago daukazu beste erreportaje honetan.
KAZETARIA. Baina Himalaiako kronista ofizial bat izan baldin bada, hori Elizabeth Hawley estatu batuarra izan da, pneumoniak jota eta 94 urterekin Katmanduko ospitalean hil berri dena. Hawleyk 50 urte baino gehiago eman ditu Himalaiako gailurretan igotzen ziren espedizioetako mendizale eta sherpak elkarrizketatzen, baina Ramon Olasagastik izan zuen aukera bera elkarrizketatzeko ere. Ramon Olasagasti, arratsalde on dizula!
RAMON OLASAGASTI, MENDIKO KAZETARIA. Arratsalde on. Bai.
KAZETARIA. Bueno. Izan zenuen bera, Elizabeth elkarrizketatzeko aukera.
RAMON OLASAGASTI. Ba 2002an Nepalera egindako bidaia batean aukera, aukera izan nuen elkarrizketatzeko, eta bueno, emakume aparta iruditu zitzaidan, bai egiten zuen lanagatik, bere zorroztasunagatik, eta baita, bueno, hasi zenean ere ez?, 60ko hamarkadan. 1960 hamarkadan hasi zenean, artean ez zen batere ohikoa, ez, ba emakume bat, bakarrik, Nepaleko hiriburuan, Katmandun, izatea, ibiltzea, han bizitzea eta, are gutxiago, gizonezkoen mundu batean, ze artean mendia eta goi-mendia gizonezkoen mundu bat zen.
KAZETARIA. Eta berak esaten zuenak berme osoa zeukan.
RAMON OLASAGASTI. Erabatekoa, erabatekoa. Ba ezizenak jarri zizkioten ugari, ba, Himalaiako notario bezala ezagutzen da, Himalaiako Sherlock Holmes ere esaten zioten edo esaten diote, eta bai, galdeketa zorrotzak egiten zituen. Eta nik esango nuke inoiz gutxitan egiten zuela huts eta orduan bere hitza, bere baiezkoa, bere onespena, ba erabateko ziurtagiria zen, ezta?
KAZETARIA. 8.000koak behetik begiratzen zituen, ordea.
RAMON OLASAGASTI. Bai. Eta hor ere bazuen esaldi bat oso polita, ez? Bueno, askotan uste dut leporatu izan diotela hori, “Baina zu ez zara mendizalea, zu ez zara tontor horietan egon”. Ba berak erantzuten zuen ez dagoela izar bat zapaldu beharrik ba astronomo izateko, ezta? Eta beno, berak langintza horretan bestelako ezaguerak zituen: mendi-tontor guztien argazkiak inork baino hobeto ezagutzen zituen, tontor horietatik zegoen ikuspegia, ikusmira ere inork baino hobeto ezagutzen zuen. Ez zen konformatzen askotan mendizaleek esandako hitzarekin. Noski, oso-oso garbia baldin bazen, oso nabarmena baldin bazen igoera eta inolako dudarik ez bazen, hitza nahikoa zen edo argazkia edo. Baina, hortxe, zalantza-izpi bat sortzen zen bakoitzean, ez zuen, ez zuen onik izango harik eta ziurtasun osoa eskuratu arte. Ba mendi horretan, espedizio horrekin edo mendizale horrekin batera izandako beste taldeei galdetzen zien, sherpei galdetzen zien... Kontrastatzen zuen informazioa azken muturreraino, eta hori, kazetariontzat ba eginbehar funtsezkoa da, ez?
Nabarmendu nahiko nuke…
KAZETARIA. Esan.
RAMON OLASAGASTI. Bere lana behintzat hor geratu dela, ez?, ez dela oharkabean geratu. Urte hauetan guztietan ba egindako, eskuz egindako zerrendak eta jasotako oharrak eta (19)91n hasi ziren ordenagailura pasatzen eta gaur egun ba bueno, lan guzti hori The Himalayan Database webgunean dago. Eta bueno, bere lanari jarraipena eman dion jendea ere badago, besteak beste, Bill Bierling alemaniarrak jarraitzen dio bere lanari. Eta nik uste mendizaleok eta, zer esanik ez, mendi-kazetariok eskertuta egon beharko genukeela horregatik guztiagatik.
Letra urdinez gaiarekin lotutako espresioak
