Docutec
Austeroa, bakartia eta koherentea zen Artze poeta
Hitz horiekin definitu du Joan Mari Torrealdai idazleak hil berria den Joxan Artze poeta. Artze duela urte asko Ez Dok Amairu taldeko partaide izan zen, eta bere olerkiekin kanta asko osatu dira, besteak beste, Mikel Laboaren Txoria txori.
Euskadi Irratiko elkarrizketa honetan, Torrealdaik Artzeren alderdi humanoaz hitz egiten du. Nahiz eta posizio itxura batera aurkakoak eduki zituen bizitzan zehar -garai batean erlijioaren kontrakoa zen eta gero katoliko sutsua-, koherentetzat jotzen ditu Torrealdaik.
Hemen daukazu Euskal Telebistak Artzeren omenez egindako erreportajea.
KAZETARIA. Joan Mari Torrealdai. Egun on, Joan Mari.
JOAN MARI TORREALDAI. Bai, egun on.
KAZETARIA. Euskal kultura umezurtz geratu da pittin bat gaur.
JOAN MARI TORREALDAI. Bai, gelditzen ari da azkenaldi honetan, ezta? Nik uste, belaunaldi oso bat badoa, badoa eta hori, bizitzaren legea da, badakigu.
KAZETARIA. Etorriko dira beste batzuk, ezta, etorriko ahal dira! Zuk ezagutu zenuen, Joan Mari, Joxan Ez Dok Hamairuren garaian, jakina.
JOAN MARI TORREALDAI. Bai, bai. Garai hartan ezagutu nuen, baina ezagutza, nolabait esan, pertsonalagoa-edo, oraintsu izan dut, azken 20 urteotan. Azkenean, erkide baikara, Usurbilen bizi izan gara, ezta? Batera eta bestera eta, beraz, askotan ikusten nuen eta berarekin ere elkarrizketa ugari izan ditut eta paseotxo batzuk eman ere bai… Ezagutu dut, bai.
KAZETARIA. Zer alor azpimarratuko ditugu? Ze gauza asko landu zituen: poesia, musika, soziolinguistika…
JOAN MARI TORREALDAI. Nik uste dut zerari begiratzerakoan, Joxani begiratzerakoan, bere nortasuna da batez ere azpimarratu nahiko nukeena. Beraren obrari buruz ere esan daiteke eta hori jende askok esango du, eta abar, baina bere izaera pertsonala, orain azken aldi honetan batez ere ezagutu dudana, da oso austeroa, aszeta, bakartia eta gero, gainera, iritzi propioak zituena eta modatik urrun bizi zena. Eta hori eskertzekoa da Joxan bezalako batean ba, azkenean, berak izan duen traiektoria pertsonalean bestela ere gerta zitekeelako. Hau esan nahi dut: Joxan koherentea izan da, nahiz eta bere posizioak 60ko hamarkadan eta orain erabat desberdinak izan, puntu askotan. Esate baterako, eta koherentziaz hitz egiten dut, hala ere: ingurune erlijioso eta elizkoia zenean, erlijioarekin hautsi egin zuen, eta halako anarkiaren eite bat hartu zuen eta horrela ezagutzen genuen bere figura eta bere markak hor daude kantuetan: Usurbilgo elizari buruzkoak eta holakoetan. Eta orain, aldiz, justu gizartea beste posizioetan dagoenean, –beraz, ingurune ez-elizkoian eta– bera elizkoi, bera kristau sutsu zen. Konbertsio bat izan zuen eta hori. Baina nik asko eskertzen diodana konbertsio hortan, ba askotan gertatzen denaren kontrara, ba berak modu pertsonalean bizi izan zuela hori, beretzako bizi izan zuela hori; oso pertsonalean eta testimonialean, baina ez modu propagandistan eta ez besteari eraso eginez eta horrela.
KAZETARIA. Eta hor koherentzia ikusten diozu? Hirurogeiko hamarkadan hain kritiko elizarekin eta gero bere azken urte hauetan berriz ere eliza-mundura murgildu da edo erlijiora. Hor koherentzia ikusten diozu?
JOAN MARI TORREALDAI. Nik koherentzia ikusten dut hor, azkenean, bere printzipio propioak segitzen dituelako, ingurunearen beldurrik gabe; eta inguruneak eta bere inguruan zer pentsatuko duen hori kontuan hartu gabe. Hor ikusten dut nik koherentzia: nahiz eta 2 posizio ezberdinetan egon, uste dut bera kriterio propio horiekin eta ba, bueno, mantendu izan dela oso tinko, 2 posizio desberdinetan, eta inoiz, bueno lehenengo fasean bai, baina orain inorekin sartu gabe eta bake-bakean. Bizi izan du hori eta nik uste jendeak ere asko eskertu diola, ze Usurbilgo jendeak bi posizioetan ezagutu du hau, eta nik uste asko estimatu izan duela, nahiz eta posizioz aldatu izan.
KAZETARIA. Aipatu dugun hori ikuspegi erlijiosoari dagokionez, baina sorkuntzaren ikuspegitik berritzailea guztiz berak egindako lana 60ko hamarkadan, guztiz berritzailea, abangoardista ez?
JOAN MARI TORREALDAI. Bai, hori lehen eta orain. Hau olerkari eta txalapartari izan da Ez Dok Amairun eta abar, baina bere olerkiak, denek aitortzen dute, ni ez naiz literatura-kritiko bat, baina bere olerkiaren joera berri hori denek aipatzen dute; eta orain egiten zituenak –hain zuzen, esaten dudana– bere oraingo pentsamenduaren marka badute, baina forma aldetik baita ere oso modernoak dira.
Aitortu behar dut azkenean pena handi batekin nagoela, gaur goizean hori jakin dudanean…
KAZETARIA. A bai?
JOAN MARI TORREALDAI. Egun hauetako batean berarekin egotekoa nintzen.
KAZETARIA. Aiba, aiba.
JOAN MARI TORREALDAI. Berarekin egotekoa nintzen. Eskatua nuen txanda, badakizu oso gaixo zegoen eta ez zuen horrela erraz ematen eta begira ba…Elkar agurtu gabe joan da.
KAZETARIA. Baina bueno momentu politak ere izango dituzu gogoan betirako eta hortxe geratuko zaizkizu.
JOAN MARI TORREALDAI. Hori bai, hori bai. Eta bera ere hor gelditzen da bere obra.
KAZETARIA. Bere lana izugarria delako.
JOAN MARI TORREALDAI. Eta kantuetan.
KAZETARIA. Hori da, hori da. Eske, pentsa, gure unibertsoan, gure disko gogorrean iltzatutako dauden hainbat kanta, hainbat esaldi… Esaldi hori mila aldiz ikusi duguna, irakurrita dendetan, kalean…”Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”, Joxan Artzek sortua.
JOAN MARI TORREALDAI. Horixe.
KAZETARIA. Joan Mari Torrealdai besarkada izugarri bat.
JOAN MARI TORREALDAI. Gauza bera.
KAZETARIA. Aio, Joan Mari.
JOAN MARI TORREALDAI. Bai, agur, bai.
Hemen duzu Euskal Telebistak eskainitako erreportajea.
