Docutec
Haurdun egonda, kirola egin dezaket?
Askoren iritziz, haurdunaldia eta kirola egiten jarraitzea bateragarriak dira erabat. Baina, noiz arte eta zer baldintza beteta dira bateragarri?
Jaione Zulueta ginekologoak eta Iñigo Almandoz kirol entrenatzaileak eman dituzte argibideak. Argi dute berez onuragarria dela kirola egitea haurdun egonda, beti ere hainbat aldagai kontuan hartuta.
Oihana Kortazar mendi lasterkariaren bizipenak ere bildu dira. Saio osoa hemen entzun dezakezu.
ESATARIA.- Haurdunaldian kirola egin ote daitekeen galderaren aurrean adituek diote kontuan hartu behar dela haurdun geratu aurretik emakume hori kirolaria ote zen. Ariketa fisikoa egiteko ohiturarik ba ote zuen. Horrek baldintzatuko du nonbait, hein handi batean, haurdunaldian egin nahi dena. Gai honen inguruan Jaione Zulueta ginekologoaren eta Iñigo Almandoz kirol entrenatzailearen iritzia jaso behar dugu orain. Kirola haurdunaldian bai ala ez?
JAIONE ZULUETA.- Kirola ba, bai? Ejertzizio fisiko haurdunaldian zagozenean (zaudenean) ba komenigarria da.
IÑIGO ALMANDOZ.- Guztiz. Ee, kirola edo jarduera fisikoa, mugimendua emakumearen momentu berezi honetan, haurdunaldiaren prozesuan ondo etorriko zaio. Kasu bakoitza analizatu beharko litzateke, baina orokorrean ondo etorriko zaio.
ESATARIA.- Iñigo Almandoz, kirol entrenatzaileak Ahalman izeneko kirol-zentro bat dauka. Eta azaldu digu bertara haurdun dauden emakumeak ere joaten direla. Zer nolako ariketak proposatzen dizkien ere kontatu digu.
IÑIGO ALMANDOZ.- Bai, etortzen zaizkit, ez bereziki haurdun daudelako, baizik eta badatozen emakumeak haurdun gelditzen direnean jarraitzen dute gomendio bereziekin, edo gauza bereziak egiten, baina jarraitzen dute jarduera fisiko bat egiten bai.
ESATARIA.- Profesionalek diote haurdunaldian ere komenigarria dela kirola egitea. Baina, nolanahi ere, haurdun dauden emakumeek beldurra izaten dute sarritan haurrari zerbait gertatuko ote zaionaren beldurra. Goi mailako emakume kirolariek bestalde, ondo planifikatu behar izaten dute ama noiz izan. Haurdunaldiak beraien karreran suposatu dezakeen geldialdiaren beldur. Era askotako adibideak jaso daitezke horren inguruan. Eta Oihana Kortazarrek, esate baterako, argi izan du beti ama gazte izan nahi zuela, eta hala izan zen. Horrek, nolanahi ere, ez zuen bere mendi-lasterketari karrera eten.
OIHANA KORTAZAR.- Nire kasuan bi haurdunaldietan kasualitatez denboraldi amaiera zen. Orduan momentu ona zen niretzako gelditzeko, ez? Beno, ba forma fisikoa pixka bat galdu arren, ez zoztan (zitzaidan) inporta korrika egiteari lagatzea, eta nire erabakia izan zen, neure lasaitasun psikologikoagatik ba, korrika egiteari laga, baina oso bizitza aktiboa mantendu neban (nuen) eta bigarren haurdunaldian, berriz, ba Ikusita lehenengo haurdunaldia eta gero posible izan zela forma fisikoa berreskuratzea , berriz korrika egiten hastea, eta lasterketetan emaitza onak lortzea, ba, konturatu nintzen bigarren batean ere ba prozedura berdina jarraituta ez zela ezer pasatzen.
ESATARIA.- Beno eta Iñigo Almandoz kirol entrenatzaileak ere baieztatu egin digu Oihana Kortazarrek esandako hori: posible dela ama izan eta ondoren, forma fisikoari eustea.
IÑIGO ALMANDOZ.- Bai, guztiz. Kontsideratu behar dugu azkenean haurdunaldia, erditzea, zenbait ikerkuntzek diote dela hamabost hogeita bost km arteko lasterketa bat prestatuko bagenu bezala. Orduan, hori pasatuta, errekuperazio prozesu bat.. baina gero berriz martxan ere jar gaitezke. Ez dago arazorik. Oihanak esan duen bezala, azkenean bizi-estilo aktibo bat mantenduta, bakoitzaren neurrian, bakoitzaren ba arrisku eta onura arteko oreka horrekin pixka bat jolastuz, ba ikusi bakoitzari zer-zer dagokion, eta beno ba, haurdunaldia prestatzen ari garen heinean, ba, aldakaren mugikortasuna landu ba, bizkarreko arazoak eta ekiditeko sentsazioa, posturak eta hobetzeko. Orduan beno, bizitza-estilo bat mantendu eta halako ariketak egin.
