detalle azterketa-ereduak-fitxa

Gerra luzatzeko hitz egiten

Goi-politikaren mundua... mundua da. Esaterako, askotan ematen du garrantzitsuagoa dela, hitz egitea bera baino, negoziazioak noiz, non, nola... egingo diren: zein irudi eman, hortaz, elkarrizketan hasi baino lehenago.

Paris, 1973ko irailaren 27a. Vietnamgo Gerraren amaiera ofiziala ekarriko zuten Bake Akordioak sinatu zituzten. Negoziazio mahai biribilaren inguruan lau alde bildu ziren: AEB, Vietnamgo Errepublika (Hego Vietnam), Vietnamgo Errepublika Demokratikoa (Ipar Vietnam) eta Vietnamgo Askapenerako Fronte Nazionala, Viet Cong, alegia.  

Baina une horretara iristeko bide luzea egin behar izan zuten. 1965ean, Lyndon Johnson AEBko presidenteak adierazi zuen prest zeudela negoziatzen hasteko. Baina presarik ez zuten nonbait. Hiru urte geroago hasi ziren negoziazioak zein hiritan egingo zituzten erabakitzen. Geneva (Suitza) eta Phnom Penh (Kanbodia) baztertu zituzten lehenik, Varsovia (Polonia) gero, eta azkenean Parisen egitea adostu zuten. Eta, hala, 1968ko azaroan, hurrengo puntua adosteari ekin zioten: negoziazio mahaiaren forma, literalki.  

Hiru hilabete behar izan zituzten nolako altzaria erabiliko zuten erabakitzeko. Lau aldeak bi bandotan banatuta zeuden: AEB eta Hego Vietnam, batetik, eta Ipar Vietnam eta Viet Cong, bestetik; SESBk (Sobietar Batasunak) eta Txinak Ipar Vietnamen alde egin arren, AEB izan ziren Parisen eseri zen atzerriko potentzia bakarra. 

Ipar Vietnamgo bi aldeek mahai karratu baten alde egin zuten hasieran; lau aldeen berdintasuna bermatuko zukeen horrek. Baina AEBk eta Hego Vietnamek ez zioten Viet Congi aukera hori eman nahi eta mahai laukizuzenaren alde egin zuten, hierarkia markatu nahian. Bi lehen proposamenak baztertuta, mahairik ez jartzea ere pentsatu zuten. Baina ez zen batere praktikoa, besteak beste, dokumentuak maneiatzeko. Erditik bitan banatutako mahai biribil bat ere proposatu zuten –edo zirkulu erdiaren forma zuten bi mahai, nahi bada–, parte hartzaileen berdintasuna bermatzeko, baina bi bandoen arteko bereizketa ere nabarmentzeko.  

Azkenean, sobietarren aholkuari jarraituta, 1969ko urtarrilaren 16an hartu zuten erabakia: mahai biribil zabal bat erabiliko zuten batetik, baina alboetan beste mahai bana izango zuen bi aldeetako bakoitzak, laguntza moduan. Mahai-tapizaren kolorea, jarri beharreko bandera eta ikurrak, aretorako sarbideak… eta bestelako xehetasunak eztabaidatzea geratzen zitzaien oraindik. 

Soilik mahaia aukeratzeko erabili zituzten hamar aste horietan gerrak jarraitu zuen, jakina, eta milaka hildako izan ziren. Beste asko hilko ziren 1973an mahai haren inguruan bildu ziren arte. Eta, jakina denez, Parisko Bake Akordioek praktikan gerraren amaiera eragin ez zutenez, biktimen zerrendak luzatzen jarraitu zuen, 1975eko apirilean Saigoneko AEBko enbaxada erori zen arte.  

(moldatua) 

Irudia: Argia

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Baina presarik ez zuten nonbait. Dirudienez, ez zuten presarik. 
Atzerriko potentzia bakarra. Herrikoa, bertakoa ez den potentzia bakarra. Kasu honetan, Vietnamgoa ez zena. 
Hierarkia markatu nahian. Nor zegoen noren gainetik adierazi nahian. 
Aretorako sarbideak. Hitz egiteko gelara sartzeko bideak. 
Soilik mahaia aukeratzeko. Mahaia aukeratzeko bakarrik. 

detalle2

Docuthèque

B2
23-09-2026

x61pRelaContWAR

39540312

x61pViewCountWAR

418

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR