Emiliana Zubeldia, Nafarroako piano-jotzaile ospetsua

Emiliana Zubeldiak atzerrian garatu zuen bere musika-ibilbidea, Parisen, New Yorken eta Mexikoko Hermosillo hirian. Azken hiri horretan musikaria bereziki ospetsu bihurtu zen.

Nafarroan jaio zen Emiliana Zubeldia, baina Mexikon pasatu zuen bere bizitzako zati handi bat.

 

 

 

 

Nafarroako Gobernuak argitaratu zuen 'Emiliana de Zubeldia, una vida para la música' liburuaren azaletik hartutako irudia. Argazkia: Nafarroako Gobernua

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Piano-jotzaile: Pianista. Pianoa jotzen duena. Era berean, biolin-jotzaile, tronpeta-jotzaile...
Ume-umetatik: Oso txikia, txiki-txikia, ume-umea zenetik, alegia.
Emanaldia: saioa, funtzioa. Jendaurrean, irratiz edo telebistaz ematen den saioa, emankizuna.
Lehendabizi, geroago eta, azkenik: gertakizunen edo elementuen hurrenkera edo ordena adierazteko modu bat .
Grina: zaletasuna, joera.
Musika-Ibilbidea: musikan egindako bidea, karrera.
Herritartasuna: nazionalitatea.
Apaldu: jaitsi, behera egin.
Abesbatza: elkarrekin abesten duten pertsonen taldea. Korua.
Arrakastatsua: arrakasta handia duena. Era berean, ospetsu, adimentsu, euritsu...
Pattaldu: gaixotu, apaldu


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Emiliana Zubeldia Nafarroako Jaitz herrian jaion zen 1888. urteko abenduaren 6an. Ume-umetatik erakutsi zuen musikarako trebetasuna, etxean eta jendartean; horren adierazle da honako datua: bost urte besterik ez zituela eskaini zuen lehen emanaldia.

Emilianak musika-ikasketak Nafarroan hasi zituen lehendabizi, geroago Madrilen jarraitu eta, azkenik, Parisen bukatu. Beti erakutsi zuen hobetzeko eta gauza berriak ikasteko grina. Ikasketak amaituta, Parisen geratzea erabaki zuen, baina aitaren heriotzagatik Iruñera itzuli zen.  

1909. urtean Emiliana piano-emanaldiak eskaintzen hasi zen: Espainian, Frantzian, Ameriketan… Arrakasta arrakastaren atzetik izan zuen. Bere jaioterritik aldenduta, Parisen egin zituen hainbat urte, 1930. urtean New Yorkera joatea erabaki zuen arte. Bertan ezagutu zuen Augusto Novaro, Zubeldiaren musika-ibilbidean oso pertsona garrantzitsua izan zen musika-ikertzailea. Fenomeno akustiko naturalak lantzen zituen Novarok, eta Nafarroako piano-jotzailea jarraitzaile sutsua bihurtu zen.

New Yorketik Mexikora joan zen, eta bertako herritartasuna lortu zuen. Mexiko Hirian izan zuen auto-istripuak eskuin besoko nerbioei eragin zien, pianorako zuen abilezia apalduz. Emanaldietatik urrunduta, sorkuntzan eta irakaskuntzan hasi zen. Musika-konposizio ugari egin zituen eta 1947. urtean musika-irakasle aritu zen Mexikon, Hermosillo hiriko Sonora Unibertsitatean.

Solfeoa, musikaren historia eta pianoa irakasteaz gain, Unibertsitateko abesbatza sortu zuen. Emilianak arrasto luzea utzi zuen Unibertsitatean, eta baita Hermosillo hirian ere. Izan ere, beste hainbat musikarirekin batera garaiko musikari ezagunen kontzertuak eta hitzaldiak antolatzen hasi zen.

Era berean, bere ikasleak Mexikoko piano-jotzaile onenetakoak bihurtu ziren, eta berak sortutako abesbatzak lehiaketa ospetsuenak irabazten zituen. Telebista-saio arrakastatsuenetan ere parte hartzen zuen.

Emilianaren osasuna, ordea, pattaltzen hasi zen sasoi hartan, eta bigarren lerro batean geratzea erabaki zuen. Ordurako, hala ere, Nafarroaraino iritsia zen berak emandakoa, eta merezimenduz aitortu zitzaion egindako lan hori guztia Nafarroako Gobernuak 2012. urtean argitaratu zuen liburuan: Emiliana de Zubeldia, una vida de música.

Emiliana 1987ko maiatzaren 26an hil zen.  

 

B1
06-12-2021
28958947
00:03:03
2619