Sudur gorriaren xarma

Ume guztiek izaten dute gogoko pailazoren bat, izan ere, haurrak alaitzeko dohain berezia dute pailazoek. Bikote edo hirukote ezagun asko izan dira, baina azken urteotan Pirritx, Porrotx eta Marimotots ditugu ezagunenen artean.

Belaunaldi guztietako haurrek izaten dituzte gogoko pailazoak. Garai batean oso ezagunak ziren Kixki, Mixki eta Kaxkamelon, Koko, Moko eta Flax, Txirri, Mirri eta Txiribiton, Poxpolo eta Mokolo... Gaur egun honako hirukotea da ospetsuenetakoa: Pirritx, Porrotx eta Marimotots.

Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazo taldea. Argazkia: Joxe Mari Agirretxe

Joxe Mari Agirretxe lasarte-oriarrak urte asko daramatza Porrotxen azalean jartzen. Egun bakarreko emanaldi batetik “amets, ogibide eta bizimodu” bilakatu zen bere pailazo-lana. Bide hori ez zuen antzerkitik egin, aktibismotik eta euskaltzaletasunetik baizik. Izan ere, jaioterriko Michelin fabrikara langile erdaldun asko heldu zen eta horrek aldaketa handia ekarri zuen Lasarte-Oriara: herri txiki euskalduna izatetik, nagusiki erdalduna izatera pasatu zen. Agirretxek berak 16 bat urterekin euskaltegian eman zuen izena, eta Lasarte-Oria Berreuskaldundu Dezagun euskara-taldean parte hartzen hasi zen. Olentzeroren jaialdia prestatzen hasi ziren, “euskara zerbait alaia eta dibertigarria” zela erakutsi nahi zietelako herriko haurrei, eta ukitu “ganberroagoa” emateko pailazoz jantzi zen. Hori izan zen bere pailazo-ibilbidearen hasiera. Jaialdiak lotzen joan ziren eta, hala, ia 35 urte igaro dira.

Joxe Mari Agirretxe, 'Porrotx', Lasarte-Orian jaio zen 1964an. Argazkia: Kultur Atelier

Umorea, aktibismotik
Pailazo-lanbiderako prestatu egin behar zutela ohartuta, antzerkigintza-ikastaroak egin zituzten. Laster konturatu ziren haurrentzat eredu zirela, izan ere, egiten eta esaten zutena errepikatzen zuten umeek. Hortaz, balioak lantzea erabaki zuten: “sudur gorritik edozein gai landu daitekeelako, alaia, gogorra edo bestelakoa”, zehaztu du Agirretxek. Hala, beraien ikuskizunen ardatz izan dira baserria, generoa, ama-lurra, familia-ereduak, minbizia, euskara edota heriotza. Indarra hartzen joan ziren, eta hori erabili nahi izan dute euskara indartzeko eta herrigintzan murgiltzeko. Irrien Lagunak sortu zuten, Bizipoza elkartea, Oinherri, herri-hezitzaileen mugimendua sustatzeko... “Txikiak izanik ere, elkartuta indartsu sentitzen gara”.

Pailazoen egoera, sektoreko beste eragile batzuen parekoa da. Urteotan teknologiak eraldaketa sakona ekarri du. Lehen lana kasete bat izan zen, gerora, CDak atera zituzten. Ikus-entzunezkoekin ere antzera gertatu da: BETA, VHS eta DVD. “Orain dena sare sozialak, Spotify eta Youtube da; baina horrek ez du dirurik ematen” azaldu du. Orain beste baldintza batzuekin bada ere, bizimodua aurrera ateratzen jarraitzen dutela dio Agirretxek. Hasiberriek kezkatzen dute. “Zaila dute, mugatuago daude. Ez dira garai errazenak”. Hala ere, hor dabiltza Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo, Pontx, Erli... pailazoak eta beste sortzaile asko. “Ikusten dut gazteak oso indartsu datozela, balorez beterik. Poz handia daukat orain daukagunagatik eta etorkizunagatik”.

Txirri, Mirri eta Txiribiton aitzindari izan ziren Euskal Telebistan. Argazkia: Argia (CC BY-SA 4.0)

Dena sortzeko zutenean, lehen eredua telebistan ikusitako pailazoak izan ziren. Koskortuta zeudela heldu ziren Txirri, Mirri eta Txiribiton ETBra; aitzindari izan ziren. Ez dira erreferente bakarrak izan, ordea. Beren lehen diskoa Imanol Urbietaren abestiz josita atera zuten, Joxean Ormazabalen kantekin ere beste bat egin zuten... “Aurrera joan ahala zure tokia egiten duzu. Ideiak aukeratzen dituzu, garatu eta abestiak sortzen hasten zara, dena lotzen, ipuinak egiten... Zeuk sortzen duzu egin nahi duzuna”, azaldu du Agirretxek. Hori horrela, orain abiaburu dira bertsolariak, idazleak, musikariak, aktoreak... “Kultura herri baten ardatza da, nortasuna, harremana eta komunikazioa, gure artean eta munduarekin”.

Pertsona eta pertsonaia
Besteen azalean sartuta gozatu egin du beti Agirretxek, eta hiru hamarkada luze daramatza pailazo ileurdinari lotuta. “Uste dut Porrotx eta Joxe Mari dagoeneko bat direla. Elkarrekin bizi dira, elkarrekin sentitu, pentsatu, dantzatu eta kantatzen dute. Beraien baldarkeriekin, baina gozatzen dute bizitzaz, euskaraz, Euskal Herriaz eta munduaz”.
Hasieran Agirretxek eman zion dena Porrotxi, “ume txiki bati bezala”. Pailazoa, ordea, joan zen hazten, hezten eta nortasuna sendotzen, eta bueltan asko eman dio Agirretxeri, “tartean, samurtasuna, emozioak, muxuak, besarkadak... partekatzeko gaitasuna”. Elkarrekin bidea egiten ari dira eta ibilbidea bi norabidekoa izan da. Pertsonaia bera hasieran “harroputzagoa eta ausartagoa” zen, eta gerora, “zaurgarriagoa, beldurtiagoa eta sentikorragoa bilakatu da”; eta berarekin batera, Joxe Mari.

Porrotx eta Joxe Mari Agirretxe elkarrekin bizi dira eta horrela jarraitzeko asmoa dute. Argazkia: Joxe Mari Agirretxe

Jubilatzeko asmoa ote duen, edo Porrotx izaten noiz arte jarraituko duen galdetzen diotela dio Agirretxek. Argi du erantzuna: “Hiltzen naizenean, hilkutxak bi zulo izango ditu, zapatak bertatik atera daitezen. Porrotx eta biok elkarrekin bizi gara, eta uste dut elkarrekin hilko garela”.


Transcription:[+] Transcription:[-]

Zein da Joxe Mari Agirretxe?
Kaixo, Joxe Mari Agirretxe Kerexeta naiz, 1964. urtean jaio nintzen Lasarte-Orian eta euskal herritarra; pozik bizi naiz, pixka bat bizitza hau tokatu zaigu, magia hau, mirari hau eta horretaz disfrutatzen saiatzen naiz eta, eta horixe, hori naiz.

Egun bakarrerako zena ogibide bilakatu zitzaizun...
Bai, egun batetarako (baterako) hasi ginen pailazogintzan (pailazo-lanean) eta egun bakarra zena gero bilakatu zen euskararen egunean ere beste saio bat egitea, gero Olentzeroren jaialdiarekin jarraitu genuen, inguruko herrietatik deitzen hasi zitzaizkigun eta, egun baterako zena, ba, bizimodu bilakatu zaigu, afizioa eta ofizioa, eta zoriontsu. Zortedun sentitzen naiz behin sudur gorria jantzi nuelako eta, horrek, bueno, bizimodu berri bat ekarri zidalako, ez? Eta, orduan, poz-pozik.

Zer du berezi ogibideak?
Pailazogintzak (Pailazo-lanbideak) berezia du pinturaz haratago, sudur gorriz haratago, zapata handiz haratago, ariman eraman behar duzula. Eta pailazogintzak (pailazo-lanbideak) zer du? Pues (Ba), dauka sudur gorria, barruan daramakizuna (daramazuna) eta hori da jolasa, da irudimena, da sorkuntza, da txispa, da bizitasuna eta... eta da, nolabait e, inozentzia horretatik eta pentsatzea mundua aldatu daitekeela eta mundua aldatzen ere, aldatzen duzula zuretikan (zuretik) pixka bat bada ere. Eta hori euskaratik egiten baduzu eta beti ba iruditzen zaigu errazagoa dela eta ederra.

Zein balio landu nahi dituzue?
Guk diogu, urtero, mundua aldatzen dugula. Geure saioak periodikoetatik (egunkarietatik) irakurtzen ditugun gaiekin osatzen ditugu, edo telebistan ikusten dugunarekin, gaur egun sare sozialetan, Geure bizimoduan, egunerokotasunean, herrigintzan topatzen ditugun gaiekin lantzen ditugu gaiak, ez? Horrela, kultur aniztasuna landu dugu, familia-eredu ezberdinak, familia mila kolore, maitatzeko, harremantzeko moduak, ekologia, itsasoak, gaixotasunak, heriotza ari gara lantzen gaur egun. Denetariko gaiak landu ditugu, ez?

Pailazo-belaunaldi berririk ba al da?
Bai, pailazo berriak badatoz, bai Ipar Euskal Herrian, bai Nafarroan, bai Vascongadetan (Euskal Autonomia Erkidegoan), Euskal Herri osoan esango nuke, gazteak direnak, baino (baina) ez daukate erraza ere aurrera egitea, ez? Non ikasi, ze lehen esan dugu gu, adibidez,  aktibismotik abiatu ginen, ez? Eta, gerora, geure bide propioa egin behar izandu (izan) genuen, baina ez zegoen erraztasun askorik, ez, ikasteko, lehen pausoak emateko eta.... Eta alde horretan badatoz, baina ez daukate erraza, ez? Eta asko jarri beharko dute beren aldetik eta bilatu, eta aritu, eta horretan gure esku dagoena, pues (ba) bueno, horretan laguntzen saiatzen gara, eta erreferentziak ematen, eta non ikasi dezaketen, eta nola eta...

Zein proiektu dituzue esku artean?
Bueno, pailazo-talde bezala aurten heriotzaren gaia lantzen ari gara, datorren urtean euskararena nahi dugu landu, eta munduarena, naturarena... Munduak damakien (daraman) ibilbide honek asko kezkatzen gaitu, ez? Bai naturarekiko daukagun jarrera, ez? Martera goaz, baina itsasoak plastikoz beterik dauzkagu, eta uste baino txikiagoak gara. Orduan, geure kezka hortik doa pixka bat, ez, momentu honetan, ez? Ea nola landu genezakeen pues (ba)  geure gaitegian, pues (ba) beste mundu bat, ez?

B1
26-11-2021
28930876
00:04:59
4679