Martin Ugalde, 'Euskaldunon Egunkaria'-ren aita

San Martin egunean, azaroaren 11n, Martin Ugalde jaio zeneko mendeurrena beteko da. Euskal kazetari, idazle eta politikari erreferentea 2004. urtean hil zen, baina itzal luzea utzi du haren lanak.

Martin Ugaldek urte asko egin zituen erbestean, baina beti izan zuen buruan Euskal Herrira itzultzea.

 

 

 

 

Martin Ugalde euskal kulturaren erreferente nagusienetako bat da. Argazkia: Aiurri, Wikimedia Commons (CC BY-SA 4.O)

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Pentsamenduz nazionalista zen familia batean jaio zen: pentsamenduz nazionalista, ofizioz kazetaria, jaiotzez andoaindarra...
Erbestera joan ziren: desterrura, atzerrira.
Ipar Euskal Herrian garatu zuen bere kontzientzia euskaltzalea: Ipar Euskal Herrian hazi eta indartu zitzaion bere kontzientzia euskaltzalea.
Ez da harritzekoa: ulergarria da, ez da arraroa.
Venezuela mugarri izan zen: Venezuelan eman zuen denbora eta bertako bizipenak garrantzitsuak izan ziren Martin Ugalderen bizitzan.
Han garatu zuen kazetari- eta idazle-sena: han hazi zitzaion kazetari eta idazlearen instintua, talentua, gaitasuna...
Lantaldean sartu zen buru-belarri: lantaldean jo eta ke, gogo handiz, sartu zen.
Bere jarduna ez zen oharkabean pasa: egin zuen lan guztia ez zen gelditu aitortza publikorik gabe.
Besteak beste, Euskaldunon Egunkariaren egoitza zegoen bertan: beste batzuen artean...
Hainbat lagun atxilotu eta auzipetu zituzten: hainbat lagun atxilotu eta prozesatu zituzten.

 


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Martin Ugalde Orradre Andoainen jaio zen, 1921. urteko azaroaren 11n. Pentsamenduz nazionalista zen familia batean hazia eta hezia, Espainiako Gerra Zibila piztu zenean erbestera joan ziren Martin eta bere familia: Donibane Lohizunera lehendabizi, eta gero, Venezuelara. Ipar Euskal Herrian garatu zuen bere kontzientzia euskaltzalea, eta ez da harritzekoa, izan zituen irakasleak ezagututa: Agustin Zumalabe matematikaria, Joxemiel Barandiaren etnografoa, edo Andoni Arozena kazetaria, adibidez.

Venezuela mugarri izan zen Martin Ugalderentzat. 22 urte pasatu zituen bertan, eta han garatu zuen kazetari- eta idazle-sena. Elite aldizkarian lana egin zuen, El Nacional egunkarian kolaboratu, El Farol eta Nosotros aldizkariak zuzendu… Eta liburu ugari argitaratu zituen. Gustura bizi zen, baina Euskal Herrira bueltatzeko motibazioa ere bazuen: euskarazko egunkari bat egitea. “Egunkari bat ez duen hizkuntzak ezin du aurrera irten”, errepikatzen zien hango eta hemengo lagunei.

1969. urtean, 48 urte zituela, itzuli zen emaztea eta hiru seme-alabekin Euskal Herrira. Ordurako Martin Ugalde erreferentziazko euskaltzalea zen, horrela egiaztatzen dute itzuleran jaso zituen proposamenek eta bete zituen erantzukizun handiko lanek: 1972. urtean, esaterako, Jesus Mari Leizaola erbestean zegoen lehendakariaren deia jaso zuen haren kontseilari izateko; eta hamar urte beranduago, 1982an, Karlos Garaikoetxea lehendakariak Eusko Jaurlaritzako Euskarazko Gaietarako zuzendari izendatu zuen. Hala ere, oraindik Euskal Herrira itzultzeko arrazoi nagusia bete gabe zeukan.

Hainbat komunikabidetan aritu zen, besteak beste, El Diario Vascon, Zeruko Argian edo Deian, eta 80ko hamarkadaren bukaeran Euskaldunon Egunkaria sortzeko lantaldean sartu zen buru-belarri eta egitasmoaren arima bihurtu zen. 1990eko abenduaren 5ean ametsa egia bihurtu eta euskara hutsean idatzitako egunkariaren lehen zenbakia argitaratu zen.  

Egunkaria sortuta, astero zutabe bat idatzi zuen bertan, hamar urtez. 1998ra bitartean Administrazio Kontseiluko lehendakaria izan zen, eta Ohorezko lehendakaria geroztik. Bere jarduna ez zen oharkabean pasa, eta hainbat izendapen jaso zituen urteetan egindako lanaren aitortza modura: Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen, Andoaingo Udalak seme kutun, Eusko Jaurlaritzak euskal herritar unibertsal, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain… Eta 2002ko ekainean bere izena daraman Kultur Parkea inauguratu zen Andoainen; besteak beste, Euskaldunon Egunkariaren egoitza zegoen bertan.

2004an hil zen Martin Ugalde, Hondarribian. Urtebete lehenago Egunkaria ixteko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek, eta hainbat lagun atxilotu eta auzipetu zituzten. Martin Ugalde ere auzipetua izateko arriskuan zegoen hil zenean, eta kontu guztiak blokeatuta zituen; hala da, baina bere ametsa errealitate bihurtuta joan zen.

B1
10-11-2021
28886617
00:03:53
347