Kontxu Odriozola, Goenkaleko Maria Luisa baino gehiago

2016ko otsailaren 5ean hil zen Kontxu Odriozola aktore azpeitiarra, 70 urte zituela. Euskal Telebistako Goenkale telesail arrakastatsuko protagonista izanik, Maria Luisaren paperean egin zen ezagun, baina 30 urteko ibilbidean beste pertsonaia asko antzeztu zituen.

Antzerki munduan hasi aurretik irakasle gisa lan egin zuen zenbait urtez.

 

 

 

 

 

 

Kontxu Odriozola. Argazkia: Eitb


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Kontxu Odriozola Lesaka San Fermin egunez jaio zen 1945. urtean Azpeitiko Eliz kalean. Herriko Eskolan hasi zituen ikasketak, eta Miserikordiakoan jarraitu zituen. Azken horretan eman zuen antzerkirako lehen urratsa, han egin baitzituen lehenengo antzezlanak.

Bere lehen ofizioa, ordea, maistrarena izan zen. Irakasle izateko ikasketak egin, eta Errenterian, Azpeitian eta Donostian aritu zen 17 urtez. Azpeitian, gainera, ikastolako lehenengo irakasleetako bat izan zen. Urte horietan guztietan, ordea, ez zitzaion antzerki-zaletasuna apaldu. Irakasle zela, bikoizketa-ikasketak egin zituen, 36 urterekin bere bizitzako erabakirik garrantzitsuena hartu zuen arte: Antzerti antzerki-eskolan izena ematea.

Ez zen erabaki samurra izan: soldata polita zuen, hiru seme-alabaren ama zen, 36 urte zituen… Baina ez zion bere ametsari uko egin nahi eta beka baten laguntzarekin, buru-belarri sartu zen antzerkiaren zurrunbilo eroan.
Hiru urte egin zituen antzerki-eskolan, eta, pixkanaka, antzezlanetan parte hartzen hasi zen: Troiarrak, Aspirina para dos, Pipin… Berdin zitzaion tragedia izan, komedia, zein musikala, denetan aritzen zen gustura. Eta halako batean, lehenengo arrakasta iritsi zen: Ama begira zazu antzezlana. Elena Irureta, Mikel Garmendia eta Joxe Ramon Soroizekin batera, herriz herri 200 antzezlan baino gehiago egin zituen.

Benetako arrakasta, ordea,  Goenkale-rekin iritsi zitzaion. Euskal Telebistak inoiz ekoitzi duen telesailik luze eta arrakastatsuenean, Mari Luisa Galardiren pertsonaia interpretatu zuen hamalau urtez. Euskal Herriko etxebizitza guztietara sartu zen Maria Luisa, eta harekin batera Kontxu Odriozola, ia-ia etxe horietako familiako kide bihurtzeraino.

Baina Kontxu Odriozola Maria Luisa baino gehiago izan zen. Hogeita hamar urteko ibilbide oparoan, telebistan zein antzerkian, hainbat lan egin zituen; telebistan, esaterako, Bai horixe (1986) edo Flamingo berria (1993). Eta zineman, Anjel Lertxundik zuzendu zuen Hamaseigarrenean aidanez (1985) edo Telmo Esnalekin egin zituen Amona putz (2010) film laburra eta Urte berri on, amona (2011).

Oso maitatua zen euskal aktoreen artean. Antzezle gisa ez ezik, pertsona gisa ere estimu handia zioten. Horren adierazgarri da 2008. urtean Euskal Aktoreen Batasunak eman zion Besarkada saria. Eta maitasun horren lekuko izan ziren, baita ere, 2016ko otsailaren 5ean minbizi luze baten ondorioz hil ondoren, lankide izandakoek eskaini zizkioten miresmen eta esker oneko hitzak

B1
10-02-2021
27960624
00:03:18
403