Josefa Molera, hutsetik bidea egin zuen kimikaria

Josefa Molera kimikari nafarrak bide luzea egin zuen zientzia arloan. Ekarpen ugari egin zituen, baina batez ere, kimika-sistema aurreratuak inplementatu zituelako egin zen ezaguna. Duela mende bat, 1921eko urtarrilaren 23an, jaio zen.

Bere ibilbidea laburtzen duen biografia duzu segidan.

 

 

 

 

 

 

Argazkia: Mujeres con ciencia webgunea (CC BY SA 4.O)


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Negu gorrian jaio zen Josefa Molera Mayo, 1921. urteko urtarrilaren 23an, Izaban (Nafarroa). Erronkari bailarako bizi-baldintzak, haurtzaro gogorrak, eta batez ere, gerra garaian sufritutakoak bere izaera moldatu zuen; izaera gogorrekoa zela esaten dute; lanean zorrotza eta zehatza, baina atsegina, batez ere ikertzaile gazteekin.

Madrilgo Unibertsitate Zentralean ikasi zuen, eta segituan nabarmendu zen. Hiru urte soilik behar izan zituen lizentziatura lortzeko, eta jarraian, doktorego titulua lortu zuen cum laude kalifikazioarekin. Ondoren, atzerrira joan zen eta bere ezagutza zabaldu zuen zientzia munduko erreferenteekin.

Atzerriko egonaldian kimikako bi Nobel Saridunen ikaslea izan zen: Oxforden, Cyril Norman Hinshelwood kimikaria izan zuen maisu, eta Sheffieldeko Unibertsitatean, George Porter zientzialaria. Lehenengoarekin gasen kromatografia ikasi zuen eta, bigarrenarekin, berriz, erreakzio kimiko arinen teknikak ikasi zituen.

Baina ez zuen erraztasun handirik izan. XX. mende hasieran, zientzia eta kimika gizonezkoen esparruak ziren. Emakume ikertzaileek beren ezagutza erakustearekin batera, aurreiritzi ugari gainditu behar izaten zituzten, eta gure protagonista ez zen salbuespena izan. Gainera, ikertzaile lana amatasunarekin uztartu behar zuen, Josefa hiru seme-alabaren ama baitzen.

Zailtasunak zailtasun, Izabako kimikariak bere bidea egin zuen. Atzerritik bueltan, han ikasitakoa jarri zuen praktikan. Adituek diotenez, gasen lehen kromatografoaren sortzaileetako bat izan zen; erreakzio kimikoen metodoak garatu zituen. Kimika Fisikoko Institutuan ikerketa-lerro berria eratu zuen, eta batez ere ezaguna da kimika-sistema aurreratuak txertatu zituelako.

Josefak bide luzea egin zuen zientzian mila oztopo gaindituz. Ibilbide horretan denetik egin zuen: bekadun izan zen; laguntzaile, irakasle, idazkari, ikertzaile, saileko zuzendari… Eta arrastoa utzi zuen: 17 doktorego-tesi zuzendu zituen; 76 ikerketa-lan argitaratu; eta hainbat sari ere jaso zituen, adibidez, Espainiako Fisika eta Kimikako Erret Elkartearen Kimikako domina.

Kimikari nafarra 2011n hil zen Madrilen, 90 urte zituela. Bi urte beranduago, Iruñeko udalak Josefa Molera Mayo izena jarri zion kale bati, eta bide batez, bere ibilbide profesional oparoari aitortza egin zitzaion.

 

B1
13-01-2021
26542630
00:03:12
435