Maddalen Arzallus: “Oinarrian bertsolaria naiz eta gero beste guztia”

Maddalen Arzallus duela 29 urte jaio zen Hendaian. Bertsolari gisa definitzen du bere burua, eta berak dioenez, bertsoei esker iritsi da irrati-esatari edo telebista-aurkezle izatera.

Telebistan eta irratian ari da, baina oholtza gainean, bertsotan, sentitzen da erosoen hendaiarra. Eskuartean dituen proiektuez hitz egiten du ondorengo elkarrizketan.

 

 

 

Maddalen Arzallus. Argazkia: Bertsozaleen elkartea


Transcription:[+] Transcription:[-]

Telebista aurkezlea, irrati-esataria, itzultzailea, irakaslea, bertsolaria eta musikaria. Zein da Maddalen Arzallus?
Nik esango nizuke Maddalen Arzallus, sinpleki esanda, dela Hendaian sortutako 29 urteko neska bat, baina ofizioak aipatu dituzunez nik esango nuke oinarrian bertsolaria naizela. Azken finean, ondoren etorri diren irrati esatariarena, edo telebista aurkezlearena, edota beste asko bertsolaritzatik sortu dira eta bertsoei esker lortu ditut. Orduan, oinarrian bertsolaria naiz eta gero beste guztia.

Zein ofiziotan moldatzen zara erosoen?
Nahiko saltsera naiz eta ez naiz asko beldurtzen. Orduan, gaizki edo ondo moldatu, hasieran ausartzen naiz; eta gero joaten naiz edo ez ikasten edo ikasten. Ni eroso-eroso, nire lekuan, egia esateko oholtza gainean kantatzen sentitzen naiz, baina bueno, azken aldian kamera aurrean ari naiz ibiltzen eta, hasieran beldur asko baldin banion ere, hasi naiz, orain, gustua hartzen.

Abesti ezagunen bertsioak egiten dituzu ostiralero Gaztea irratian. Nolatan hasi zinen? Zein da moldaketa horiek egiteko erabiltzen duzun prozesua?
Ba begira, bertsio horiek egiten hasi nintzen Doraemonen eta Puigdemonten bertsoa edo kantatu nuen hartan. Publikoan zegoen Julen Telleria, Gazteako esataria, eta bazuten beraiek tarte bat, esango nuke Iker Laurobak, musikariak, egiten zuela hain zuzen hori, abesti bat hartu eta horren bertsioa egin. Baina Ikerrek urte asko zeramatzan eta utzi egin behar zuela eta beste norbaiten bila zebiltzan. Julen Telleriak publikotik entzun zuen Doraemonen eta Puigmdemonten bertsioa eta orduan esan zuen: “hauxe da gurea!” Eta hortik hasi nintzen.  

Prozesua moldaketa horiek egiteko, normalean, hartzen dut lehendabizi gai bat eta horren araberako abesti bat aukeratzen dut; edota abesti bat hautatzen dut eta gai bat abesti horretara moldatzen dut. Bai egiten dudana beti-beti da abestiaren oinarrizko sonoritatea mantentzen saiatzen naiz, naturala gelditu dadin. Abestian errima batzuk badaude, ni saiatzen naiz euskaraz moldatzen dudanean ere errima horiek erabiltzen.

Adibidez “Hakuna Matata” baldin bada esaldia, guztiok dugu esaldi hori oso sartuta eta, hortaz, ez dut esango gora udaberria. Sonoritatez ez dauka loturarik eta jendeari arraroa egingo zaio. “Atuna patata” bat hobeto sartzen da eta errazago sartzen da.

Telebistara ere egin duzu jauzi. Biba Zuek! saioko aurkezle zara. Nolakoa da saioa?
Biba Zuek saioko aurkezle naiz Xabier Sukiarekin batera, biok gara. Eta gu bi garen bezala saioak ere bi zati ditu, bi ordu dira. Lehendabiziko orduan gai bat hartzen dugu, gizartean dagoen gai bat, eta horri buruzko testigantzak biltzen ditugu. Bigarrengo zatian gonbidatu bat ekartzen dugu.

Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara denez beti pentsatu behar da programa bat egiten duzunean norentzat ari zaren, hau da, nor egongo den ordu horretan etxean.Eta arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara normalean jende helduxeagoa egoten da etxean eta beraientzat prestatutako euskarazko saio bat da. Orain arte ez zegoen ordu horretan euskarazko saiorik zuzenean eta horixe da Biba Zuek.

Telebistan, kameren aurrean aritzea ez da erraza izango. Zein da sekretua? Zein gomendio emango zenituzke?
Aurkezleak izan behar dituen ezaugarriak nik ez dakit badakizkidan. Niri beti esaten didate naturala izan behar duela pertsonak: “zuk izan behar duzu kamera aurrean zu zaren bezalakoa” eta, hori, ez dakit nola egiten den, baina hori da denek ematen duten gomendioa. Egia da kamerek hasieran inponitzen (beldurtzen)badute ere, pixkana-pixkana ahazten joaten zara kamerak parean dituzula eta lortzen da naturalagoa izaten. Nik gomendatuko nioke kamera aurrean jarri behar duen bati, lehenik eta behin, ahazteko kamera aurrean dagoela, baina hori hasieran.

Ondoren esango nioke ez pentsatzeko kamera etsaia denik, hor dago, ez da etsaia, kamera da laguna. Jolasteko balio du eta, egia esan, askotan, gu, programa hasi aurretik jolasean aritzen gara kamerarekin; hor atzean dagoelako irudia, kamerak hartzen zaitu, musika ere jartzen digute eta aritzen gara jolasean kamerarekin. Orduan, nik uste dut, hori pentsatu behar dela; jolasteko beste tresna bat dela. Egia da gaur egun geroz eta ohituago gaudela gure burua grabatzera mugikorrarekin, gaur egungo umeak askoz goizagotik hasi dira grabatua (grabatuak) izaten eta, nik uste dut, geroz eta arazo gutxiago egongo dela horretan.

 

B1
20-11-2020
23256856
00:04:43
531