Baserriak gure paisaiaren parte

Baserria erreferentzia izan da landa-eremuko paisaian, eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du Euskal Herrian. Gure inguruko baserri zaharrenek 500 bat urte dituzte. Nola eginda dauden, zer funtzio betetzen dituzten eta beste xehetasun batzuk ikusiko ditugu jarraian.

Familia, inguruko lurra eta etxea batzen ditu baserriak. Baserri hitza bera ere hola osatzen da: baso, batetik, landa edo lurra esanahiarekin, eta herri, bestetik, eskualde edo etxe esanahiarekin. Baserriak, gaur egun ezagutzen ditugun itxurarekin, duela 500 bat urte sortu ziren.

Gipuzkoako Berastegi herrian baserri ugari daude: Argazkia: Pxhere

Aurretik, duela 1.000 urte inguru,  baziren baserritarrak, noski, baina txaboletan bizi ziren. Ordurako, jada, txabola haiek familia mantentzeko egitura moduan hartzen ziren. Txabolak, jauntxoen etxe inguruetan egoten ziren, baita eraikin komunak ere: errotak, burdinolak.... Gero, txabolak galdu egin ziren, eta dirua zuten baserritarrek baserriak eraiki zituzten. Hasieran, beraz, aberatsenek izan zuten aukera hori, baina azkar bihurtu zen aurrerapenaren seinale, eta jende gehiagoren eskura geratu zen baserria eraikitzeko aukera. Ordutik aurrera, baserriak, bai eraikina eta bai lurra, eskutik eskura pasatu dira, eta irauteko erabili duten formula herentziarena izan da. 

Arkitektura

Euskal Herriko baserriek ondasun arkitektoniko zabala osatzen dute. Batzuk dorretxe izan ziren garai batean, baita jauretxe ere. Guztira 25 bat baserri-mota bereziten dira: Errenazimendu garaiko harrizko baserriak, zurezkoak, arkupedun ezkaratza dutenak.... Atlandiko aldeko baserri guztiek dituzte, hala ere, oinarrizko ezaugarri komunak: haritz-zura, kareharria eta teila edo adreilu bihur zitekeen buztina. Osagai horiek behar bezala erabilita, mota askotako baserriak eraiki zituzten. Eta osagai horietako bat izan da baserriak noizkoak diren jakiteko ezinbesteko informazioa eman duena: haritzaren zura. Izan ere, zuhaitzen adina jakiteko teknikak erabilita ondorioztatu dute baserririk zaharrenek 500 urte inguru dituztela.

Ursua Jauregia, Arizkunen (Nafarroa). Argazkia: Euskalduna (CC BY SA 3.0)

Barruko aldeari dagokionez, duela 200 bat urtera arte, ia baserri guztiak lau zatitan banatzen ziren: behean, aurreko aldean etxebizitza eta atzeko aldean ukuilua; goian, aurreko aldean ganbara eta atzean lastategia.

Arkitektura izan daiteke baserriak sailkatzeko modu bat, baina badira kontuan hartzeko beste elementu batzuk ere. Adibidez: garaia, kokapena, zer lan egiten zuten, nor bizi zen bertan (nagusia, maizterra...), izena....

Igartubeiti baserri-museoa, Ezkio-Itsason (Gipuzkoa). Argazkia: Xabier Eskisabel (CC BY SA 3.0)

Ekonomiaren sostengu

Baserriaren funtzioei begiratzen badiegu, batetik, baserria etxebizitza da; baina, bestetik, baserria lantegia ere bada, enpresa bat, bizibide bat. Baserritarrak lanbide ugari izango ditu: baserritarra nekazaria, abeltzaina, sagardogilea... izango da. Baserrian egiten duten lanaren arabera aurkituko dugu bertan oilategia, ukuilua, txerritokia, sagardoa egiteko lekua edo upeltegia, adibidez. Baserria bizitzeko leku fisikoa izateaz gain, bizitzeko modua ere bada, beraz.  

Baserriak euskaldunen nortasuna eraiki du, eta euskal mendi-zelaien paisaia ere marraztu eta antolatu du. Paisaia horretan, ordea, baserriak ez daude edozein modutan kokatuta. Baserrien kokapena bi faktorek baldintzatzen dute: topografiak eta orientazioak. Maldak, esaterako, erabakigarriak dira baserria kokatzeko garaian. Eta orientazioari dagokionez, eguzkiari begiratzen diote baserriek. Bi faktore horiek beste ezerk baino garrantzi handiagoa dute. Aldamenetik bide bat pasatzen bada ere, ez dute etxea eraikiko bideari begira, ez bada topografikoki eta orientazioaren aldetik egokia. Askotan atzeko aldean ez dute leihorik ere izaten, iparraldea edo ipar-mendebaldea izaten delako, eta beraz, hotza.  

Baserri batzuetan oilategiak izaten dituzte. Argazkia. Reijo Telantara (Pixabay)

Izenak

Azkenik, baserrien izenak aipatuko ditugu. Baserri bateko familia aldatu bada ere, baserriaren izenak iraun duela ikusi dugu. Askotan, gainera, baserriaren izena erabiltzen da bertakoak izendatzeko. Familiaren izena gauza ofizialetarako erabiltzen da, eta baserriaren izena, berriz, han sortutakoei erreferentzia egiteko, goitizen moduan edo.

Baserrien izenei erreparatzen badiegu, normalki topografiarekin edo inguruko beste elementuren batekin zerikusia dutela konturatuko gara: Etxetxiki, Okillegi, Larretxiki, Olabide... Beste kasu batzuetan, berriz, izenek baserria norena den adierazten digute; –enea atzizkia etxea izendatzeko erabiltzen da: adibidez, TxominEN etxeA= Txominenea, Arotzenea, Enekonea, Erronea, adibidez. Parekoa da –rena atzizkia: Jaunarena, Perurena. Ipar Euskal Herrian baserri hitza bordak ordezkatzen du batzuetan, eta hori izenetan ere ikusten da: Mokorreko borda edo Indianoen borda, esaterako.

Ipar Euskal Herrian borda hitza izaten dute baserri askoren izenek. Argazkia: Harrieta171 (CC BY SA 3.0)

Hainbeste urteren buruan baserriek irautea lortu dute, arkitektura aldetik eraikin sendoak direlako eta belaunaldiz belaunaldi zaindu dituztelako. XXI. mendean ere gure paisaian txertatuta jarraitzen dute eta berdin da Bizkaian, Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian bizi, herritar guztiak batzen dituen lokarria  da.  

 


B1
22-05-2020
22056696
592