Patricia Highsmith idazlea, hiltzaile erakargarrien sortzailea

Suspense liburuak idatzi zituen batik bat Patricia Highsmith idazle amerikarrak. Errua, gezurra edo krimenaren moduko gaiak jorratzen zituen, hiltzaile, psikopata eta antzerako pertsonaien bitartez. Ameriketako Estatu Batuetan ez bezala, Europan arrakasta handia izan zuen. Bere eleberrietatik lau euskarara itzulita daude, azkenekoa 2019an.

Patricia Highsmith, sortzez Mary Patricia Plangman, 1921eko urtarrilaren 19an jaio zen Fort Worthen (Texas).  Gurasoak bera jaio aurretik banandu ziren, eta ondorioz, Patriciak ez zuen bere aita ezagutu 12 urte bete zituen arte. Haurtzaroko lehen urteetan amaldeko amonak hezi zuen.

Patricia Higshsmith. Argazkia: Open Media Ltd (CC)

Hiru urte zituela ama Stanley Highsmith-ekin ezkondu zen eta Patriciak haren abizena hartu zuen. Ondoren New Yorkera joan ziren bizitzera. Harreman konplexua izan zuten beti ama-alabek, izan ere, amak aitortu zion haurdunaldian agoarrasa edanda abortatzen saiatu zela, eta Patriciak inoiz ez zuen gainditu hori.

Txikitatik oso gustuko zuen irakurtzea, eta batez ere, gezurra, krimenak eta antzerako gaiak interesatzen zitzaizkion. Idazteari ere oso gazte ekin zion; 16  urterekin hasi zen bere lehen idatzi, kontakizun eta egunerokoak sortzen.

Hitchcock-ekin zinemara
1942an unibertsitatean graduatu ondoren, argitaletxe baterako lanean hasi zen komikien sinopsiak egiten. Zenbait ipuin argitaratu ondoren, lehen eleberria argitaratu zuen (1950): Strangers on a train. Arrakastatsu bihurtu zen,  urtebetera Alfred Hitchcock-ek zinemarako moldatu zuelako.

'Strangers on a train' filmeko irudi bat. Argazkia: Wikimedia Commons

Patricia Highsmith-en pertsonaiak ongiaren eta gaizkiaren artean mugitzen dira, anbiguotasun moralak erakartzen ditu eta psikopatiaren inguruan dabiltza. Baina, batez ere deigarria da halako pertsonaiak nola egiten dituen erakargarri irakurlearentzat, izan ere, batzuk gaiztoak dira, baina beste batzuk pertsona arruntak dira, eta irakurlea erraz identifikatzen da haiekin. Hori guztia nabarmena da, esaterako, Strangers on a train eleberrian, baita ondoren idatzi zituenetan ere.

Tom Ripley pertsonaia
Aurretik aipatutako ezaugarriak betetzen ditu, hain zuzen, bere pertsonaiarik ezagunenak: Tom Ripley-k. The talented Mr.Ripley eleberrian (1955) agertzen da lehenengo aldiz. Ondoren, beste lau eleberritako protagonista izango da, 1991ra arte. Serie horretako lehenengo eleberriak Literatura Poliziakoaren Sari Nagusia jaso zuen eta Edgar sarietarako proposatu zuten. Horrez gain, bi alditan moldatu zuten zinemarako. Ripley polizia eleberrietako pertsonaia ezagun bilakatuko da nahiz ez den ez polizia ez detektibe, baizik eta iruzurgile, lapur eta aldizkako hiltzaile. Moral handirik gabeko pertsona da, eta bere onerako norbait hil behar badu hiltzen duena.

Patricia Highsmith, 1962an. Argazkia: Wikimedia Commons

Ameriketako Estatu Batuetan ez zuten gustuko Patricia Highismith-en istorioak hain ezkorrak eta krudelak izatea, ezta Patriciaren ideologia komunista ere. Horregatik Europara lekualdatu zen betiko, eta AEBn ez bezala, han arrakasta handia lortu zuen. Erresuma Batuan, Frantzian, eta Suitzan bizi izan zen, eta azken herrialde horretako Locarno hirian hil zen 1995eko otsailaren 4an.

Izaera korapilatsua zuen idazleak, barnerakoia, eta hobeto konpontzen zen animaliekin  pertsonekin baino. Berak esana da: “nire irudimenak hobeto lan egiten du pertsonekin hitz egin behar ez dudanean”.  Alkoholismo arazoak ere bazituen.

Lau eleberri euskara itzulita
1995ean hil zen arte 30 liburu baino gehiago idatzi zituen: 20 eleberri, 10 ipuin-bilduma, saiakerak eta beste hainbat testu. Argitaratu gabeko material asko utzi zuen.

'Carol' filmeko kartela. Argazkia: IMDB

Literatura beltzari lotuta aipatu ditugun lanez gain, bada aipagarria den beste bat: The price of salt. 1953an argitaratu zuen Claire Morgan ezizenarekin. Highsmith lesbiana zen, eta bi emakumeren arteko maitasun harremana kontatu zuen nobela horretan. 30 urte baino gehiago behar izan zituen Carol izenburuarekin berrargitaratzeko, eta egilea bera izan zela aitortzeko. Nonbait, lotsatu egiten zuen amaiera zoriontsua zuen maitasun istorio bat kontatu izanak. 2015ean zinemara eraman zuten Carol. Cate Blanchett eta Rooney Mara aktoreak dira protagonista. Cannesko jaialdian aurkeztu eta saria jaso zuen filmak, eta Oscarretarako ere izendatu zuten.

Euskarara ekarrita dauden lau liburuak. 'Lardaska', 2020an argitaratua, Josu Barambonesek itzulia da.

Highsmithek idatzi zituen lan guztietatik lau euskarara ekarrita daude: Poliki, poliki haizetan (Elkar, 1988); Ripleyren jokoa (Igela, 1995), Ripley trebea (Igela, 1999) eta azkenekoa, Lardaska (Txalaparta, 2020) argitaratu berria, bera hil zenetik 25 urte igaro eta gero.

 


B2
11-02-2020
21492396
5449