'Trapu zikinak', indarkeria matxista salatzeko erakusketa bat

Bilboko Rekalde aretoan, Cristina Gutiérrez Meurs artistaren 'Trapu zikinak' erakusketa egongo da ikusgai martxoaren 10era arte. Erakusketa kaletik ikus daiteke eta jende asko kristalaren beste aldetik begira geratzen da; baina begiratu batean inor gutxik asmatuko du zer ezkutatzen duen artistaren obrak.

Cristina Gutiérrez Meurs (Madril, 1966) Bilbon bizi da gaur egun. Turismoko ikasketak egin zituen lehendabizi, eta, 1999. urtean, Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondoren, Londresera joan zen Kensington & Chelsea Collegean grabatuaren teknikan espezializatzera. Trapu zikinak erakusketa ikusgai dagoen arren, ez da estatikoa, aldaketak izan ditzake “erakusketa bizia baita”. Berarekin elkartu gara erakusketaz, bere lan-ibilbideaz eta etorkizunaz mintzatzeko.


Zaplaztekoa
Erakusketan gorbatak dira protagonista: “Indarra, hierarkia, boterea, gizonezkoa… Esanahiagatik erakarri naute beti. Oraingoan, 2016tik Espainiako Estatuan erail dituzten emakumeen izenak brodatu dizkiet gorbatei. Nik hemen guztiak jarri ditut: korrika egitera atera eta bizilagunak hil zuena, lepoa moztuta agertu zen prostituta edo hiltzaileak eraildako koinata… Guztiak”, kontatu digu. Izan ere, 1/2004 Legeak genero-indarkeriaren biktimak, bikotekideek edo bikotekide ohiek eraildakoak eta amaren aurka erabilitako indarkeriaren testuinguruan hildako seme-alabak biltzen ditu, baina beste hainbat ez. Gutiérrez Meursen ustez, legea aldatu beharra dago, “hori egin ezean, arazo erraldoia txikitu egiten baitute”.

Horrez gain, albiste batzuk daude horman zintzilik: “Benetan gertatutako berriak bildu ditut eta izena, lekua eta data ezabatu dizkiet”. Albiste horiekin marrazkiak eta grabatuak ikus ditzakegu.

Amaitzeko, audio batean Espainiako Diputatuen Kongresuak 2017an onartutako 214 neurri atzekoz aurrera irakurtzen ditu eta horixe entzuten da erakusketa-aretoan: “Oraindik ez dute laurdena ere martxan jarri, horixe salatzea da nire asmoa”. Gainera, horren inguruko bideo bat ere ikusgai jarriko dutela kontatu digu.


Bere ustez, erakusketa ikusten duenak errealitatearen zaplazteko galanta jasotzen du: “Kanpotik ikusita, ez dakigu ezer. Barrura sartu eta esanahia zein den jakitean, errealitateaz jabetzen gara. Komunikabideetan emakume bat hil dutela entzuten, ikusten edo irakurtzen ohituta gaude. Hemen, indarkeria hori kontzentratuta ikusten dugunean, hainbeste izen, hainbeste egoera, errealitateak kolpatu egiten gaitu”.

Hasiera eta ibilbidea
Emakumeen aurkako indarkeriaren gaian murgildu zen, haur lapurtuen gaiak bere interesa piztu eta bide horretatik jo zuelako. 2012. urtean, Gutiérrez Meursek emakume batekin egin zuen topo bere etxeko ezkaratzean: “Postontziak begiratzen ari zen eta eraikina 70eko hamarkadan ospitalea izan zen galdetu zidan. Aitaren bila zebilen, haur lapurtua izan zelako. Garai hartan, ez nion bueltarik eman, kasu bakanen bat zela uste nuelako”. Ondoren, egunkarian gai horren inguruko albiste bat irakurri nuen eta jakin-minak sarean begiratzera eraman ninduen. “Espainiako Estatuan 300.000 kasu inguru daudela irakurri nuen. Hari horri tiraka, irudiak egiten hasi nintzen; baina hainbeste informazio irudien bitartez adieraztea oso zaila zenez, liburu bat idaztea erabaki nuen”, aitortu digu. Lo que no me quisiste contar (Kontatu nahi izan ez zenidana) eleberria argitaratu zuen 2016an.

Hortik aurrera, emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan pentsatzen hasi zen: “Seme-alabak lapurtu? Ugaltzeko gaitasuna, haurren ideologia, herrialde bateko jaiotza-tasa… Eraildako emakumeen kasuei arreta handiagoa ematen hasi nintzen eta horrek ekarri nau honaino”.
Arteak ikasteko eta kontzientziatzeko balio duela uste du, eta erakusketa guztietatik ikas dezakegula zerbait. “Nire lanak konpromiso sozialarekin du zerikusia, gertatzen dena salatu nahi dut eta mintzen nauenari buruz hitz egin. Egia da nire lana aldatu dela urteen poderioz: lehen barrura begirakoa zen, koloretakoa, eta, orain, berriz, zuri-beltzekoa”, esan digu. Erremintak kontatu nahi duenaren arabera erabiltzen ditu: “Irudiak, brodatuak, idaztea… Artistok jendearengana hel gaitezke eta aprobetxatu egin behar dugu hori”.


Une honetan, baditu beste gai batzuk buruan: komunikazioa, inkomunikazioa, komunikazio txarra, jende askorekin gaudela ematen duen arren bakarrik sentitzea, sare sozialak… “Ez naiz ezer egiten ari, oraintxe Eva no fue la primera (Eva ez zen lehenengoa izan) eleberria argitaratu berri dut eta leku askotatik deitzen ari zaizkit, aurkezpenak egiteko. Zerbait amaitu osteko beldurra daukat, paper zuriari diogun beldurra. Emakume harekin inspirazioa iritsi zitzaidan 2012an eta orain ere zerbait iritsiko da, haritxoak ikusten ditut…”

Zer iruditu zaizu Cristina Gutiérrez Meursen lana? Ezagutzen zenuen? Zer den jakin ostean, joango zinateke erakusketa ikustera? Zergatik? Baloratzen al duzu artisten lana?
 


Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Zer eskaintzen du Cristina Gutiérrez Meursen Trapu zikinak erakusketak?
Tokian egindako instalazio* bat da, baina ez bakarrik instalazioa, be (ere) bai horman ikus(i) daitezke testu labur batzuk, eta grabatu eta marrazki batzuekin batera. Guzti hauek (hauek guztiak) edo proposamen guzti hauek (hauek guztiak) badoaz eskutik edo, audio batekin. Eta audio horretan entzun daiteke Espainiako Estatuan behe ganberak genero indarkeriaren aurkako 214 neurri onartu zituzten eta horiek irakurrita edo atzetik aurrera entzun daitezke erakusketa honetan. Indarkeria sexistaren kontrako gogoeta bat da.
 
2. Zer esan dezakezu gorbatekin osatutako lanari buruz?
Instalazioan bere proposamena, bere proposamen plastikoa edo, egiten du gorbaten bitartez eta gorbata hauetan brodaturik irakur(ri) daitezke biktimen izenak artilezko hari beltzarekin egindakoak. Artilezko hari horren koloreak, beltzak, bada nolabaiteko harremana be (ere) bai dauka marrazketarekin, lapitzaren minarekin eta abar. Eta ireki zenetik, erakusketa ireki zenetik gaur egunera arte izen batzuk ere gehitu izan dira. Tamalez, instalazio bizia delako eta biktima berri bat, berrietan entzuten badugu bere izena, bueno bada, genero indarkeriaren biktima horren izena Cristinak brodatu egiten du eskuz, hurbiltzen da instalaziora eta zintzilikatu egiten du gorbata berri bat.
 
3. Etortzen den jendea zerk harritzen du?
Kaletik ikusten den erakusketa bat denez, ba kaletik jada nolabaiteko lehenengo bistada (begiratu) bat botatzen (egin) diote instalazioari. Eta bueno ba jakin-minez bultzaturik sartu egiten dira eta instalazioa bera audioarekin akonpainatuta (lagunduta) dagoena, bada horrek erakartzen ditu pila bat. Eta gero, horman dagoen testua (testuak) be (ere) bai testuinguru bat ematen dionez instalazio guztiari, bada aldatzen da pertzepzioa. Kanpotik ikusten zen instalazio plastiko edo estetiko hori (horrek), berehala  nolabaiteko  esanahi oso bueno, gogorra aurkezten du, ez?

* Instalazio: Helburu artistikoekin antolatutako espazio bat edo objektuen bilduma bat.

 

B1
20-02-2019
  • Malutafilms
20761462
00:03:33
2309