detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Lizarra ederra

Lizarra herria, Antso Ramirezek sortu zuen 1090. urtean. Hamaikagarren mende aurretik Ega ibaiaren ertzean bazen Lizarra izena zuen auzo bat. Ibai ertzean zeuden eta dauden zuhaitzengatik ipini zioten izen hori herrixkari, batzuen iritziz.

Erdi Aroan Nafarroako Erresuman bizi ziren frankoek "L'izarra" (Stella) izena erabili zuten bere idatzietan eta hortik datorkioke beste izena. Zuhaitza izan edo zeruko astroa izan herriaren benetako izena, Egaren bi aldeetan, eraikuntza erromaniko eta gotiko bikainak altxa ziren garai honetan. Donejakue bidean ez zen erraza hainbeste monumentu ikusgarri zituen herri bat aurkitzea. Zenbait atzerritarrek "Lizarra ederra" deitu ohi zioten.

Erdi Aroko hirien jatorria ez da berdina kasu guztietan. Baziren erromatarren garaikoak eta baita erromesen edo merkatarien beharrengatik sortutakoak ere, Lizarra kasu. Ega ibaiaren bailaran eta Montejurra mendiaren babesean dago kokatua. XII. mendean Nafarroako Erreinuaren hiriburua izan zen. Hiru auzotan egon zen banatua: San Migel, San Pedro eta San Joan. Auzo bakoitzak bere harresia zuen. Gaur zutik geratzen den harresi bakarra San Nikolasekoa da. Lizarrako gunerik garrantzitsuena San Pedro de la Rua zen. Han bizi ziren judutar merkatariak gaztelu handi baten babesean. Ekonomikoki, Iruñea eta Tuterarekin batera, hiririk aberatsena zen. Lizarra toki osasuntsu eta segurua zen erromesentzat. Américo Picaud, XII. mendeko bidaiariak, bere Erromesen Gidan hau idatzi zuen: "Lizarran ogi ona, ardo bikaina, arrain eta haragi asko eta mota guztietako zoriontasuna aurkituko duzu".

XII. eta XIII. mendeetan altxa  ziren elizarik ezagunenak: Rua-ko San Pedro, San Nikolas, San Migel eta Hilobi Santua. Garai honetakoa da baita ere Nafarroako Erregeen jauregia. Lizarrako elizak San Juan de la Peñako monasterioaren agindupean egon ziren urte askotan eta egoera horrek tirabira ugari sortu zuen Nafarroako eta Aragoiko agintarien artean.

Lizarrako elizek, mendeetan zehar, aldaketak jasan dituzte. Hasierako eraikin erromanikoei elementu gotikoak, errenazimentukoa eta barrokoak gaineratzen joan zaizkie. Elizetako irudiek funtzio didaktikoa betetzen zuten, sinestunak hunkitzea zutelarik helburu. Elizetako artistek izpirituaren edertasuna azaldu nahi zuten eta horretarako forma sinbolikoak erabili zituzten. XII. mendearen bukaeran zabaldu ziren naturaren elementuetan oinarritutako irudiak.

Hilobi Santuaren elizak fatxada gotikoa du eta abside erromanikoa. XII. mendeko gurutze bizantziar ederra gordetzen du barruan. Erromesen bidean dago kokatua, San Pedro bezala.

Rua-ko San Pedro eliza eta Nafarroako Erregeen jauregia elkarren ondoan daude. San Pedro eliza antzinako gazteluaren toki berean, harkaitz gainean, eraiki zen eta XVIII. mendean gaztelua suntsitzean klaustroko bi hegalak desagertu ziren. Elizak XII. eta XIII. mendeetako berezitasunak nahiko ondo gordetzen ditu. Fatxadako atea, lobuludun arkiboltekin, Gares eta Ziraukiko elizen antzekoa da. Absidea hirukoitza da, erdian hiru suge korapilaturik dituen zutabea du. Eskultura-lanak klaustroko kapiteletan ditu. Beraietan Jesusen eta apostoluen bizitzako gertakariak eta abere eta landare-irudiak daude landuta.

San Migel eliza Ega ibaiaren beste aldean dago. Elizak erregearen baimena zuen atarian azoka egiteko. San Migel elizaren fatxada bikaina da. Portadan Itun Zaharreko eta Itun Berriko eszenak ditu. Tinpanoan, Pantokratorra edo Kristoren irudia Azken Epaiketan eta arkiboltetan arkuari egokitutako eskulturak dauzka. Kapiteletan Jesus haurraren historia kronologikoki irudikatua. Nekazarien eta ehizako irudiak ere baditu.

Arte zibilaren eraikin gutxi dago erromaniko garaikoa. Nafarroako Erregeen jauregia adibide bakanetako bat da. XII. mendearen bukaeran egin zen monumentu historiko-artistiko hau. Gaur Gustavo de Maezturen museoa da.

Monumentu erlijioso gehiago ere aurkituko dugu Lizarrako kaleetan edo bertatik gertu, esate baterako, Iratxeko monasterioa, Puyko Andre Maria eta abar.


x61pRelaContWAR

Intéressant pour vous



detalle2

Docuthèque

C1
21-11-2011

x61pRelaContWAR

16445000

x61pViewCountWAR

4512

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR