Crowdfundinga, proiektuak finantzatu eta martxan jarri ahal izateko gizabanakoen konpromisoa

Crowdfundinga banakako ekarpenen bitartez proiektu zehatzen finantzazio zuzena egitea da. Beste izen batzuk ere hartzen ditu; hala nola: crowd financing, equity crowdfunding, edo hyper funding; eta bere oinarrian dagoena da sare bat osatzen duten norbanakoen esfortzu kolektiboa, normalean Internet bidez aurrera eramaten dena, beste pertsona edota kolektibo batzuen proiektuen alde dirua edo bestelako baliabideak lortzeko.

Garai batean donazioak egiten ziren, baina gaur egun sare sozialak direla, online komunitateak direla eta ordainketa txikiak egiteko teknologiei esker, interesa duten pertsona-talde baten donazioak jasotzea asko erraztu da eta modu seguruagoan egin daiteke, gainera.

Oso alor aktiboa da, finantzaketa modu alternatiboak bilatu behar izateak azken urteotan bultzada berezia eman dio eta. Eta finantzazio bilaketa hori “giza” izaera duten plataformek bideratzen dute. Ekarpen horien truke, emaileak aurrez zehaztutako ordaina jasoko du jenerotan.



Crowdfundingak 2011n 1.500 milioi dolar mugitu zituen, eta Crowdfunding Industry Report ikerketaren arabera, 2012an 2.806 milioietara heldu daiteke. Iturri horiek jasotako datuek aurreratu dute 2012ko apirilean crowdfundingaren 425 plataforma zeudela martxan, gehienak AEB eta Europa mendebaldean. Eta 2012a bukatu aurretik 536 izango direla uste dute adituek.

Crowdfunding plataforma ezagunenen artean AEBetako Kickstarter nabarmentzen da. 2009ko apirilean sortu zenetik 24.000 ekimen baino gehiago martxan jartzeko bitartekari-lana egin du eta bi milioi pertsonaren ekarpenei esker 250 milioi dolar batu ditu proiektu horiek aurrera eramateko.

Verkami, euskaldunen kuttuna

Euskal Herrian oraindik ez da bertako Crowdfunding plataformarik sortu, baina bertako zenbait eragilek Kataluniako Verkami aukeratu izan dute. Are gehiago, Fermin Muguruzak ekoiztutako Zuloak dokumentalaren harira, Verkamik euskara ere ezarri du plataformaren hizkuntza ofizialen artean. Kataluniako plataformak esku artean dituen Euskal Herriko proiektuak honako hauek dira: Txistu Symphonic diskoa, Pedaló dokumentala, To say goodbye filma, Periodismo y movimientos sociales autónomos en Cuba ikerketa, Morir de sueños film laburra eta Blue lips filma. Horrez gain, Verkamik bitartekari-lanak egiten ditu Euskal Herriarekin zerikusia zuzena duten Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburua katalanera itzultzeko edo 120 horas, la tortura contra Euskal Herria dokumentala egin dadin.

Kerobiak, bitartekaririk gabe

Baina bada beraien lan eta proiektuak jarraitzaileen laguntzarekin, inongo plataformekin, finantzatzeko ahalegina egiten duten beste asko ere. Horietako bat Iruñako Kerobia musika-taldea da. Diskoak SGAEtik kanpo kaleratzea erabaki zutenetik, lan guztiak webgunean libre jaisteko eskegitzen dituzte, eta nahi duenak trukean diru-ekarpenen bat egin dezake. Orain arte horrela jokatu dute behin diskoa burututa zegoenean. Aurten, berriz, Supernova proiektua sortu dute. Artista plastiko, ilustratzaile, bideo-egile eta diseinatzaileen laguntzarekin, CDa, DVDa, liburuxka eta murala egingo dituzte. Eta beraien jarraitzaileei gutxieneko 29 euroko ekarpena eginda, horiek guztiak eskuratzeko aukera emango diete. 1.000 pertsona inplikatzea izan zen jarri zuten helburua eta dagoeneko 878 lortu dituzte inongo bitartekaririk gabe. “Guk geuk plataforma egiteko jakintza eta bitartekoak ditugu, eta lan egiteko gogoa. Hortaz, gure proposamenera erabat moldatzeko aukera dugu eta, gainera, beste bitartekari bat kentzeko aukera”, diozku Kerobia taldeko Mikel Zorrillak.

Crowdfundingak alde on asko dituela argi dute taldean: “Gurea oso proposamen zehatza da, Crowdfundingetik haratago doana. Baina hemen ere jendearen konpromisoa aldez aurretik daukazu, lana egiterakoan nori zuzentzen ari zaren oso garbi daukazu eta hori motibazio handia da”. Baina horrek beste aldea ere baduela onartu du: “Erantzukizuna ere bada, gugan konfiantza jarri dutenen uste eta nahiak bete behar ditugulako”.

Oroimen historikoa babestu
Debagoienean oroimen historikoaren alde lan egiten duen Intxorta 1937 Taldeak ere gizabanakoen ekarpenei esker gauzatu ahal izan du Espainiako Gerrarekin lotutako beraien azken lana: Arrasate 1936 Emakumea, gerra eta errepresioa ikus-entzunezkoa. “Elgeta eta Aretxabaletako dokumentalak egiteko erakundeen laguntza izan genuen, baina laguntza horiek gero eta urriagoak direnez, eta salmentak ere kopuru mugatuak dituenez, Arrasaten Gerrak emakumeei nola eragin zien kontatzeko beste bide batzuk bilatu beharrean geunden”, azaldu digu taldeko Julia Mongek.

 

Norbanakoari 12 euroko ekarpena eskatzea erabaki zuten eta hedabideei esker Arrasaten zabaldu zuten asmoa. Denbora gutxian 204 pertsonak babestu zuten proiektua. “Oso pozik gaude erantzunarekin. Ez bakarrik diruagatik, jendeak gugan jarritako konfiantzagatik batez ere”. Laguntza horren truke, emaile guztien izen eta abizenak kredituetan jarri dituzte eta bakoitzari ikus-entzunezkoaren kopia bat eman diote. Arrasateko Amaia Udal Antzokian egin zuten aurkezpen jendetsua, eta bide batez herriko hainbat emakume omendu zituzten. Kanpoan ere ezagutzera emango dute lana eta Durangoko Azokan beste aurkezpen bat egitea aurreikusi dute.





 
 


Intéressant pour vous



C1
29-10-2012
  • Barandiaran (Arteman), Iker
16362543
3542