detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Aitor Manterola: "Denok dugu barruan futbol-entrenatzaile bat"

Futbolmamia euskarazko webgune berria da, futbola ikuskizun mediatiko gisa beharrean, den bezalako kirol gisa aztertu eta azaldu nahi duena.

Kirol erregea deritzonaren nondik-norakoak, metodologia eta ezaugarriak dira webgune honen jomuga.

Hiru entrenatzaile dira bultzatzaileak, eta kolaboratzaile-sare polita dute. Albisteak, elkarrizketak eta azalpenak argitaratzeaz gain, edozein klub, elkarte zein talderi formakuntzarako zein joko-hobekuntzarako aholkularitza-zerbitzua eskaintzen diote. Ekimenaren bultzatzaile eta eskarmentua duen entrenatzaile Aitor Manterola zumaiarrak eman dizkigu azalpenak.   

Gustatu zaigu izena: Futbolmamia. Ohitu gara kirol hedabideetan izen eta lelo erasokorrak ikusten eta entzuten, baina zuek mamia jarri duzue gainetik.
Bai. Futbolaren mamia edo funtsa jorratzen dugu, maniatik ihes eginda. Futbola kirola da eta bere ezaugarriak ditu: teknikoak, taktikoak, psikologikoak, prestakuntzakoak… Futbolaz asko hitz egiten da, baina futbolari buruz gutxi.



Nola sortu zen ideia?
Orain dela bizpahiru urte entrenatzaile-ikastaroa egiten ari nintzela, Mikel Labakak eta biok komentatzen genuen entrenatzaile-prestakuntzako ikasgai guztiak gaztelaniaz zeudela eta futbolak euskararen hutsunea zuela. Geroago, Aitor Zulaika eta Mikel Arregi entrenatzaileekin hitz egin ostean, aurrera egitea erabaki nuen. Proiektua idatzi nuen eta sarean aurten jarri dugu, 2012ko otsailean. Futbolean dabilen jendeari azaldu genion eta guztiek oso ondo hartu zuten. Helburua da euskara bultzatzea futbolaren bidez eta futbolean ere euskara txertatzea.

Euskal Herriko futbol-giroa euskalduna ala erdalduna da?

Erdalduna. Behin baino gehiagotan umeen entrenamenduak gaztelaniaz egin ohi dira entrenatzailea euskalduna izan arren. Pena da, futbola baliabide ona delako euskararen alde egiteko, umeak eta helduak euskaraz hitz egiten jartzeko. Gainera, futbolean jende euskaldun interesgarri asko dago.

Bada arbitroei irainak euskaraz egiten dionik?

(Barre). Gizartearen beste arlo guztietan bezala, irainak gutxitan entzuten dira euskaraz. Eta pena da, euskaraz beste ukitu bat dutelako.

Nori zuzenduta dago webgunea?
Futbola gustatzen zaion edozeini. Espezializazioaren alorra, batez ere, entrenatzaileei eta futbolari buruz gehiago ikasi nahi dutenei. Baina albisteak, historikoak… edozeinentzat dira.

Webgunean hainbat arlo lantzen dituzue eta ikuspegi tekniko, taktiko, fisiko eta psikologikoa azpimarratzen dituzue…
Baita elkarrizketak ere. Futbolaren ezaugarriak nola lantzen diren, zer ezaugarri duten, zer gertatu den zehatz partidu baten… Jendeak metodologia ezagutu behar du.

 

Euskal Herriko kazetaritzan ateratzen zaio futbolari mami hori ala azalean gelditzen da?
Euskarazko komunikabideetan nahiko ondo gabiltza. Ez daukagu futbola ez den gauzez hitz egin behar hori.

 

Taldeei aholkularitza-zerbitzua ere eskaintzen diezue, prestakuntzarik ez daukaten entrenatzaileei…
Hor hutsunea ikusi genuen. Klub askotan entrenatzaile-lana gurasoek egiten dute halabeharrez, borondate onenarekin, eta ez daude prestatuta. Horrez gain, edozein mailatako klub batek hurrengo partiduko aurkariak nola jokatzen duen ikusi eta aztertzea nahiko balu, guk zerbitzu hori ematen dugu.

Tailer batzuk prestatzen ari zarete…
Bai, Futbolmamiak, Aritz Olagoi kirol psikologoak eta Joseba Sesma prestatzaile fisikoak bi orduko tailerra prestatu dugu elkarlanean, herrietan eta klubetan emateko, euskaraz eta teoria eta praktika batzen dituena: Futbolaren balio hezitzailea.

“Ez gara eliteko taldeetan eta jokalarietan soilik kokatuko” diozue. Harrobia zaindu behar da, ezta?
Bai. Gainera, gertutasuna ematen dizu irakurleei begira. Futbola ez da elitea bakarrik: umea 8 urterekin hasten denetik goiko mailara iritsi arte jende asko dago tartean: jokalari, prestatzaile, zuzendaritzako kide, boluntario… Eta horiek ere azaldu egin behar dute. Eman behar zaio tokia elitea ez denari ere.

Kolaboratzaile-sare handia duzue?

Gehienbat entrenatzaileak. Oier Arrizabalaga (Realeko prestatzaile fisikoa), lehen aipatutako Joseba Sesma eta Aritz Olagoi, Mikel Etxarri (Realeko idazkari teknikoa izandakoa), Gaizka Garitano (Eibarko entrenatzailea)… Ateak zabalik ditugu. Berdin ikasi daiteke Zumaiako entrenatzaileak egiten duen ariketa batekin edo Bielsak egindakoarekin.



“Asko hitz egiten da futbolaz, baina gutxi dakite benetako mamiaz”. Futbolaz hitz egitea zer da, eguraldiaz hitz egitearen antzekoa?
Askotan hitz egiten duenak uste du asko dakiela; futbolak badu zera hori, denok daukagula barruan entrenatzaile bat.
 

Hementxe duzu futbolmamia webgunea.
 


detalle2

Docuthèque

B2
08-10-2012

x61pRelaContWAR

  • Testua eta argazkiak-Iker Barandiaran Zubiate (Arteman Komunikazioa)
16362239

x61pViewCountWAR

7732

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR