detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Oiana Blanco: "Sufrimenduaren atzean Olinpiar Jokoak daudela jakiteak aurrera jarraitzeko indarra ematen du"

Londresko Olinpiar Jokoetan izango da Oiana Blanco judoka oriotarra. 48 kiloz azpikoetan lehiatzen da Blanco. 4 urterekin judoan hasi zenetik orain arteko ibilbidearen gainean hitz egin dugu harekin. Olinpiadetako lehenengo egunean izango dituela borrokak azaldu digu eta horregatik ezin izango dela inaugurazio-ekitaldian egon.

Oiana, azaldu judoaren mundu honetan noiz hasi zinen eta zergatik.
Eskolan hasi nintzen. Garai hartan, egiten ziren ekintza guztietan parte hartzen nuen, eta gainera nire ahizpak judoa egiten zuen. Egun batean, nire gelako bat etorri zen esanez judoan izena eman zuela, eta ni ere etxera etorri nintzen esanez judoan apuntatu nahi nuela. Hori 4 urte nituela izan zen.

Zelakoa da judoa?
Judoan giltzak daude aurkaria lurrera botatzeko. Saiatu behar duzu aurkaria bizkarrez lurrera botatzen, aurkariaren bizkarrak lurra ukitu behar du puntuak lortzeko. Behin lurrean dagoenean, lurreko borroka ere badago. Helburua bere bizkarra lurraren kontra mantentzea da, eta aurkaria inmobilizatuta izatea. Gainera, adin batetik aurrera, itotzeak eta luxazioak ere sartzen dira judoan.

Hasi zinenetik orain arteko ibilbidea nolakoa izan da?
Txikitan jolas-moduan hartu nuen, neukan energia askatzeko balio izan zidan, eta gainera oso ondo pasatzen nuen lagunekin. Behin adin batetik aurrera (13 urte), beste etapa batean sartzen zara. Txapelketak jokatzen dituzu: Gipuzkoakoa, Euskadikoa eta Espainiakoa. Gauza da nahiko ondo ibili nintzela eta pentsatu nuela agian zerbait gehiago egitea ere izango nuela. 18 urterekin apustu sendoa egin nuen judoaren alde. Junior mailan Europako txapelketara joatea lortu nuen, eta, ondorioz, modu serioago batean hartu nuen kirola.

Gauza asko utzi behar izan dituzu alde batera?

Hasieran ez, hasieran denbora-pasa moduan egiten duzu, baina, serioago hartzen duzun heinean, egia da beste gauza batzuetarako ez daukazula hainbeste denbora. Ez da bateragarria hainbat gauzarekin, baina, betitik nik nahi izan dudalako egin dudanez, ez zait kosta izan.

Emaitzak iritsi dira: Olinpiar Jokoetara joatea izango da hori.
Bai, azkeneko fruitu garrantzitsua hori da, baina bidean beste gauza garrantzitsu batzuk ere lortu izan ditut, eta horiek aurrera jarraitzeko indarra ematen didate. Emaitzak lortzen dituzunean konturatzen zara gauzak ondo egiten dituzula, eta emaitza horiek lan onaren fruitua izaten dira. Esfortzua egitea, hortaz, gutxiago kostatzen zaizu.

Zer esan nahi du Olinpiar Jokoetara joateak?
Niretzat dagoen txapelketarik garrantzitsuena da. Txikitatik mugatzat daukazun zerbait da. Denok nahi dugu horra iritsi. Hortaz, ikustea hainbeste amestu duzun zerbait egia bihurtu dela… Gauzak ondo egin eta momentu onean iritsi zarela ikustea pozgarria da. Entrenatzen sufritu egiten dugu. Izan ere, sufritu gabe ez da hobetzen, baina sufrimenduaren atzean Olinpiar Jokoak daudela jakiteak aurrera jarraitzeko indarra ematen du.

Munduko kopan, Varsovian, lortu zenuen txartela. Nola planteatu zenuen txapelketa?
Emaitzen arabera, urreak bakarrik balio zidan Olinpiadetarako sailkatzeko. Txapelketara jende asko joan zen, eta denek lortu nahi zituzten puntuak. Pentsatu nuen hainbeste jenderen artean zaila izango zela irabaztea, baina hori presio bihurtu beharrean lasaitasun bihurtu zen. “Aterako da edo ez da aterako”, pentsatu nuen, “baina behintzat nire partetik gauzak lasai eta ondo egingo ditut”. Borroka guztiak ippon puntuazioarekin irabazi nituen (lortu daitekeen puntuaziorik altuena). 

Garrantzitsua izango da, hortaz, burua hotz mantentzea.
Bai, txapelketa batean burua oso garrantzitsua da. Presioa motibazio bihurtzea garrantzitsua da. Nik aspektu psikologikoa egunero lantzen dut.

Hori alde psikologiakoari dagokionez, baina fisikoan zer eskatzen du judoak?
Nahiko osoa da. Indarra izan behar da, erresistentzia ere bai, bizkorra izan behar duzu... 100 kiloko mutilen kasuan ez horrenbeste, baina nire pisuan bizkorra izatea garrantzitsua da. Beste batzuek, agian, indarra erabiliko dute gehiago baina nik dinamikotasuna eta azkartasuna erabiltzen ditut.

Aurkaria ezagutzea ezinbestekoa izango da, ez?
Gaur egun Internetekin zure borrokak mundu guztian ikusten dituzte. Zuk besteak oso ondo ezagutzen dituzun moduan, gainerakoek ere zu ondo ezagutzen zaituzte. Hortaz, ez dizute zure lana egiten utziko. Nahiz eta besteek ez utzi, gauza izan behar duzu zure teknika ona aurrera eramateko.

Nolakoa da zure egunerokoa?
Usurbilgo judo-elkartean eta Irungo judo-elkartean entrenatzen dut, batean edo bestean egunero. Nirekin entrenatzen dutenak maila oso ona dutenak dira, denek irabazi dute noizbait Espainiako txapelketaren bat, baina judoaz gain ikasi edo lan egiten dutenak ere badira; ez dira judora dedikatzen. Bestalde, judo-klasearen aurretik teknika eta taktika lantzen ditugu. Goizean alderdi fisikoa eta psikologikoa jorratzen ditut. Bost bat ordu egunero. Larunbat arratsaldean eta igandean jai izaten dut.

Judotik bizi zara?

Gaur egun bai, behin emaitzak lortutakoan laguntzak etortzen dira-eta. Kirolgiren laguntza beti izan dut, baina besteak emaitza potoloen araberakoak izaten dira. 2009an Munduko Txapelketan bigarren geratu nintzenean Bat Basque Team-eko laguntza eta ADO planeko laguntza iritsi zitzaizkidan. Gure kirolean erakundez kanpoko laguntzak lortzea oso zaila da, ez delako kirol ikusgarria, ez duelako saltzen, ez da jarraitzen… Oso zaila da.

Londres eta gero, zer?
Aurrena oporrak. Gure sailkapena nahiko gogorra izan da. Londreserako sailkapena lortzeko jarritako sistemak derrigortu egin gaitu lau urte hauetan buru-belarri lan egitera. Oso gustura egin dut, eta berriz egin behar izanez gero egingo nuke, baina egia da atsedena hartzeko beharra dudala, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere. Urte guztian astebeteko oporrak bakarrik izan ditut.


 


x61pRelaContWAR

detalle2

Docuthèque

B1
19-07-2012

x61pRelaContWAR

16361497

x61pViewCountWAR

6550

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR