detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Ekuador txikia da, baina denetik dauka

Ba al da oihan itxiak, hondartza basatiak eta mendi garaiak dituen herrialderik? Baten batzuk bai.

Eta, gainera, berezko kultura indigena eta monumentu garrantzizkoak dituenik? Baten bat bai. Eta, gainera, oso handia ez dena, egun gutxitan ikusteko modukoa? Hori zailagoa da. Eta, gainera, merkea dena eta jende abegitsua eta janari goxoa dituena? Kito, hori guztia biltzen duen herrialde bakarra dago: Ekuador.



Bota-garbitzailea, Quitoko Plaza Handian.

UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen lehen eraikin-multzoa Quitoren erdigune historikoa izan zen. Espainiako arkitektura kolonialak Ekuadorko hiriburuan lortu zuen bere mailarik gorenena, XVI-XVIII. mende-bitarte horretan, eta oso egoera onean iraun du gaurdaino, nahiz eta inguru horretan maiz izan lurrikarak.

Plaza Handia kasko zaharraren bihotza da, eta bertan daude Artzapezpikuaren jauregia, katedrala eta Carondelet jauregia. Azken hau da Ekuadorreko presidenteen lantokia. Hurbil dago Jesusen Lagundiaren eliza, barroko kolonialaren eredu esanguratsuenetakoa Amerikan. Aurrealdean bi estatua nabarmentzen dira: Loiolako Inazio eta Xabierko Frantziskorenak. Barrukoa txundigarria da! Horma guztiak, sabaiak, aldareak urrezko xaflekin daude estalita. Guztira zazpi tona erabili zirela jotzen dute.



Quitoko Lagundiko eliza, Quiton. Loiolako Inazio eta Xabierko Frantziskoren eskulturak.

San Frantzisko monasterioa ere deigarria da, plaza handi batera ematen du, eta baita Santo Domingo eliza. Honen aldamenean dago Sucre mariskalari, eskainitako estatua. Izan ere, Pichinchako batailan, (1822) espainolei irabazita Ekuadorko independentzia lortu zuen.

Quito ikusten zabiltzanean arnasa gutxi duzula sentitzen baduzu, agian izan daiteke monumentuek sortzen dizuten harriduragatik, baina izan daiteke arrazoi sinpleago bat ere: altitudea. Quito 2.850 metrora dago, gure Hiru Erregeen Mahaia baino 400 metro gorago. Beraz, ez da harritzekoa, goialdetako mendiko gaitzak eraso eginda, jendea buruko minez edota zorabiatuta ibiltzea, nahiz eta gehienei gaitz horrek 3.000 metrotik gora erasaten dien.

Sumendien etorbidea da Ekuadorko gauzarik zoragarrienetakoa. Quitotik Riombara 100 kilometro pasatxo izango dira, eta tarte horretan 5.000 metrotik gorako hainbat sumendi daude: Pichincha, Cotopaxi, Illiniza, Chimborazo, Tungurahua… Kono itxura erabatekoa dute guztiek, eta tontorrean elurra. Dotore erakusten dute bere nagusigoa paisaian, eta munduan beste inon ezin daitezke ikusi hainbeste sumendi batera.



Llama bat Cotopaxi sumendiko magalean.

Kultura indigena oso agerikoa da Ekuadorren. Indigena guztiz, nahasi gabe, jendearen laurdena da, eta indioak eta zuriak batutako mestizo-jendeak % 55a osatzen du. Espainolengandik datozen zuriak % 12 dira. Beltzak ere badaude, % 8, esklabo afrikar jatorrikoak. Hauek bere garaian Esmeraldas eskualdera ekarriak izan ziren, kostaldera. Indigenen artean gehien-gehienak kitxuak dira, eta leku menditsuetan bizi dira. Huaronani jende-multzo txikiak ere badaude oihanean, eta jibaro ezagunak. Hauek antzina burua mozten zieten etsaiei; buru horiek, tamainaz txikitu ondoren, giltzatakoa zirudien jibaroen gerrian zintzilik.

Indigenen kulturara hurbiltzeko tokirik hobenetakoa Otavaloko azoka da. Benetakoa ematen jarraitzen du, nahiz eta turista ugari izaten diren. Oihanean indigenak bisitatu nahi badira, egun batzuetako txangoa egin beharko da kanoak eta 4 x 4 ibilgailuak erabiliz. Oihanean maiz ezin da sartu, oso itxia baita. Horrelakoetan matxetea erabili behar da aurrera egiteko. Eta bai, sugeak ere badira, baina ziztadak hildako turisten berririk ez. Azken batean, intsektuak askoz arriskugarriagoak dira.



Pululahua krater ikusgarria, Ekuador-marran bertan.

Ekuador izena Ekuadorren egoteak ematen dio. Ekuador-marra Quitotik gertu zapal daiteke. Hanka bat ipar-hemisferioan jarri, bestea hego-hemisferioan, eta horrela ateratzen ditu jendeak argazkiak. Turistakeria bat da, baina badu bere grazia. Eta adi honi: Munduaren Erditik autobus bat bada gertu dagoen Pululahua kraterrera doana, Ekuadorreko parajerik ederrenetakora. Itzalita dagoen sumendi baten kraterra da hau, eta hondoan soroak daude. Ikusmira paregabea da.

Badira gauza interesgarri gehiago ere. Cuenca hiri lasaia da, ekintza kultural asko eskaintzen dituena, eta kolonia garaiko hainbat monumentu dituena. Panama sonbreiru ezagunak egiten diren hiria ere bada. Sonbreiruak mundu guztiak izen horrekin ezagutu arren, Ekuadorren egiten dira.



Cuenca hiri lasaia da. (Ekuadorreko Andeak).

Guayaquil da Quitoren aurkaria. Monumentu aldetik ez da hiriburuaren parera iristen, baina hiri handia da, eta ekonomikoki geroz eta gehiago indartzen ari da. Merezi du erdigunean ordu batzuk igarotzea, Katedraleko plaza ikusteko batez ere: han, zuhaitzetan eta lurrean, iguanak dabiltza erruz. Handik Montañitako hondartzetara ere joan daiteke: han biltzen dira motxilarekin bidaiatzen dutenak eta surflariak, bidaia giro lasaian amaitzeko.


x61pRelaContWAR

Intéressant pour vous



detalle2

Docuthèque

B2
28-05-2012

x61pRelaContWAR

  • Torquemada, Jesús
16360628

x61pViewCountWAR

4349

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR