Bordele, uraren eta ardoaren hiria

Bordele da Frantziako hiririk handienen artean gertuen daukaguna. Merezi du bisitatzea, arrazoi asko tarteko.

Bordele da Frantziako hiririk handienen artean gertuen daukaguna. Merezi du bisitatzea, arrazoi asko tarteko.
Etxeek, bulebarrek eta kafetegietako terrazek ukitu paristarra ematen diote Bordeleri. Hiri-erdigunea ondo zaindua dago arkitektura aldetik, eta badira hainbat eraikin nabarmentzekoak. Adibidez, Antzoki Handia, musikarako, operarako eta baleterako emanaldi-leku. Aurrealde ikusgarria du, hamabi zutabe neoklasiko horiekin.

Antzoki Handia eta tranbia
Antzoki Handia eta tranbia

Burtsaren Plaza oso handia da, eta Garona ibaira ematen du. Luis XV.aren erregealdian eraikia izan zen, baina Frantziako Iraultzan iturri handi bat jarri zuten erregearen estatua kenduta. Dotore argiztatzen dutenez gauez plaza, are bikainago ematen du.
Burtsaren Plazaren atzean kaleska-labirinto bat dago XVII-XVIII. mendeetako erakinak dituena, eta hortxe dira Erdi Aroan hirira sartzeko ziren ateak ere. Ate horietako batzuek maitagarrien ipuinetakoak dirudite, arbelezko teilatu koniko eta guzti. Dorre bat ere badago Kanpai Handia barruan duena, zortzi tonakoa; eta aurrealderako ordularia, 1759an egina, oraindik badabil.  


Hirira sartzeko garai bateko ateetako bat

San Andres katedrala oso aspaldikoa da, gotiko ederrean eraikitakoa, XI. gizaldiko zimendu erromatarren gainean. Munduko Ondare izendatu zuen UNESCOk 1998an. Frantziako Iraultzan erre egin zuten, eta biltegi bihurtu. Ezaugarri bat badu interesgarria, kanpandorrea aparte dagoela katedraletik. Kanpandorrera igo daiteke eta ia hiri osoa ikusi… 231 eskailera igo ondoren, hori bai.


Bordeleko beste ezaugarri bat: txokolate-dendak

Katedralak ondoan Rohan Jauregia du, bitxi neoklasikoa eta hiriaren egungo udaletxearen egoitza.
Garona ibaiaren inguruan egiten da bizimodua Bordelen. Ibai handi-handi hau are zabalagoa egiten da hiria utzi ondoren. Itsasoratu aurretik Gironda estuarioa sortzen du, Europako luzeena, ia 90 km. dituena. Garonak sakonera dezente du, eta itsasontzi handiak ibil daitezke. Beraz, turismo-kruzero bat ibaian ikusiz gero, 7 solairuko etxebizitza baten neurrikoa, ez harritu. Edo agian azalduko da zamaontzi bat, Tolosako faktoriatik Airbus hegazkinaren fuselajea dakarrena.  

       
Kafetegia Bordeleko alde zaharrean

Arabiako eta Afrikako etorkinak dituzten auzuneak ditu Bordelek, eta badaramatzate bertan hainbat belaunaldi. Gurera geroago etorri dira. Arabiarren auzoko dendei eta kafetegiei erreparatuta, Magreb aldean zaudela ematen du, Marokotik, Algeriatik eta Tunezetik bertatik ekarritako generoa baitute. Juduak ere ez dira gutxi, baina hauen kaleak ezkutuago daude arabiarrenak baino. Arabiarren auzotik hurbil duten sinagogan egiten dute otoitz, eta hara biltzen dira magrebtarrak eta Afrikako musulmanak. Tenplu budista bat ere badu Bordelek.
Bordelek ardoari esker dauka aberastasuna, antzinatik. Hiriaren inguruan chateaux ospetsuak daude, paisaia orekatsu eta txukuna osatzen duten mahastiz inguratutako jauntxo-etxeak. Mundu osoan ezagun diren Bordeleko ardoak ekoizten dira bertan: Margaux, Pomerol, Sauterners, Saint-Émilion bezalako ardo bikain-bikainak… eta asko oso garestiak. 


Bordele bertako ardoek egin dute munduan ezagun

Landetxe hauetako batzuk bisitarientzat irekita daude, eta ardo-dastaketak eskaintzen dituzte. Honen guztiaren berri izateko toki aproposa da turismo-bulegoaren ondoan dagoen Ardoaren Etxea, hiriaren erdian (vins-bordeaux.fr).
Tranbiak iraultza ekarri du Bordelera. Bertako paisaiaren parte dela esan daiteke. 2003an jarri zen martxan lehen ibilbidea, eta ondoren beste bi. Hiri-erditik autoa baztertu egin duenez  Bordele ez da oso zaratatsua, duen tamainarako.
Sainthe Catherine kalea da saltoki-gunerik printzipalena erosketak egiteko orduan. Harro diote oinezkoentzako kalerik luzeena dela Frantzian, ia 2 km. Oulets izeneko dendetan markako arropa saltzen da prezio merkean. Beraz, toki horietan paradisua aurkituko dute gazteenek. Denda hauek Garonaren ibai-bazterrean daude, Quai des Marques izenekoan, Marken Kaian alegia.
Orain zenbait urte berritu egin zituzten Garonaren ibaiertzak, eta orduz geroztik pasealekurik gustagarrienak dira Bordelekoentzat. Harreman oso sakona du hiriak ibaiarekin. Horren lekuko da kultura eta gastronomia uztartuz ekainean egiten den festibala, “Bordelek ibaia ospatzen du” izenekoa. Bi urtez behin izaten da, izaten ez den urtean “Bordelek ardoa ospatzen du” egiten baita. Esan daiteke ardoa eta ura armonian nahasten direla Bordeleko odola sortzeko.


B2
31-01-2012
  • Torquemada , Jesús
16357605
4157