detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Gozoki-saltzaile lana gustatzen zait, baina lantokia gehiago: Kontxako pasealekua

Donostiako uda eta Kontxako pasealekua erabat lotuta daude. Gauza bera gertatzen da pasealeku horrekin eta Aureliana Sánchez Félixekin (Salamanca, 1938). Hiriko biztanle askok Belen izenez ezagutzen dute gozoki-saltzailea. Hondartza ondoko postuak ez du aldaketa handirik izan azken 30 urteotan. Sanchezekin hitz eginda, ikus daiteke aurreiritziak errealitatearen kontra doazela. Bezerorik onenak donostiarrak berak dira.

Zenbat denbora daramazu hemen?
Ni Salamancan jaio nintzen, Salamancako herri txiki batean, eta hona 1960. urtean iritsi nintzen. Postu honetan, berriz, 1986. urtean hasi nintzen lanean. Donostiara 1960ko urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, iritsi nintzen Portugaldik zetorren trenaz. Hona iritsi, eta kalean gizonak sukaldari-kapela arraroekin ikusi nituenean, itzultzeko gogoa piztu zitzaidan. Baina ez nuen egin, eta eskerrak eman behar ditut, hemen bizimodu ona izan baitut.

Ofizialki uda ekainaren 21ean hasi ohi da. Noiz hasten da uda-sasoia zuretzat?

Hemen beti da sasoia; hau da, nik hemen urte osoa ematen dut. Egia da jende gehiago egoten dela uda partean, noski. Baina ni urte osoan egoten naiz hemen. Dena den, ekain aldean hasten da jendea hondartzara etortzen; aurten ohi baino lehenago hasi da. Niretzat hilabeterik onena uztaila da, abuztuan jende gehiegi dabil. Niri gehien gustatzen zaidana zapata-soinua da.

Aureliak egunero jartzen du gozoki-postua Donostiako Kontxako pasealekuan. / M. Goñi

Zapata-soinua? Zer da hori?
Jendea paseoan, gora eta behera ibiltzeari deitzen diot zapata-soinua. Hori uztailean gertatzen da abuztuan baino gehiago. Abuztuan jende asko dago oporretan, hemengoa eta kanpotik datozenak, eta zaila da pasealekuan lasai egotea.

Eguraldiak ba al dauka eraginik zure lanean?
Bai, badauka. Egunik onenak dira euririk gabekoak, baina zerua lainotsu eta ilun dutenak. Eguzkitsua baldin badago, hondartzara jaisten dira, eta ez dira bertatik irteten. Lainoak daudenean, berriz, jendea paseoan ibiltzen da, eta gozokiak erostera gerturatzen dira.

Hondartzako sasoia ekainean hasten dela esan duzu. Eta bukatu?, irailaren bukaeran?
Arraun-estropadekin batera bukatzen da hondartza garaia Donostian, estropaden bigarren jardunaldiaren egunean. Hori irailaren bigarren igandean izaten da.

Zinemaldiarekin bukatzen dela esaten dute askok.
Ez, ez dut uste. Zinemaldiak jendea beste aldera darama. Agian, Zurriolako hondartzara joango da jendea, baina hona ez dator. Gainera, zinemara joateko etortzen da jendea Donostiara.

Zertan datza zure lana?
Nire lana? Nire lana erraza eta aldaketa askorik gabea da. Goizean goiz jaiki, ogitartekoan jango dudana poltsan sartu eta hondartza ingurura etortzen naiz. Gero hemen gelditzen naiz; eguzkia sartu eta jendeak pasatzeari utzi arte gelditzen naiz. Ordularirik gabe, hemen jendea dagoen bitartean aprobetxatu behar izaten dut.

Aurelia Sánchez Félix, gozoki-saltzailea. / M. Goñi

Nolako jendea etortzen zaizu?
Denetarik etortzen da: donostiarrak, probintziako jendea, atzerritarrak... denetarik. Baina batez ere hemengo jendea. Asko eta asko behin eta berriz, gainera; familiakoak dirudite. Eta erosi ere gehien erosten dutenak hemengoak dira. Hemengoez gain, zeinek erosten duen gehien galdetuz gero, katalanak direla esan behar dut. Eta gutxien erosten dutenak, nire erregiokoak, Salamanca eta inguru horretakoak. 

Ohiko bezeroak ere izango dituzu, ezta?
Bai, hala da. Ohiko bezero asko ditut, agian gehienak. Horietako askok nire izenez deitzen didate; bueno, egia esan askok Belen izenarekin ezagutzen naute. Ni postu honetan hasi nintzenean Belen izeneko emakume bat ordezkatzen hasi nintzen, eta askok Belen deitzen jarraitu zuten.
   
Europarrak eta amerikarrak ere etortzen dira, ezta? Nolakoak dira?

Buff, hor ere denetarik dago. Esaterako, ingelesak uzkurrak dira. Nire ustez, frantziarrak dira edukazio onena dutenak. Baina, oro har, jende guztia oso ondo portatzen da. Bakoitza den modukoa eta bere kontuak buruan dituela, baina gizabide onekoak dira. Batez ere jende gaztea; gazteak oso ondo portatzen dira.

1986. urtean hasi zinen hondartza ondoan gozokiak saltzen. Asko aldatu al dira saltzen eta erosten diren gauzak?
Ez, beti antzekoak dira. Beti etortzen da zerbait berria, baina funtsean berdintsuak dira: pipak, patata frijituak, gozokiak, erregaliza, txikleak... Kopuruan, bai, hor aldaketa egon da. Orain gehiago gastatzen du jendeak, gauza gehiago erosten dituzte. Horrez gain, nik ez dut aldaketa handirik nabaritu.

Horrelako postu batean pasadizo asko gertatuko dira, seguru asko?
Bai, asko eta asko. Okerrenak famatuak dira. Maximo Valverde aktoreak egin dit gauzarik itsusiena. Plastikozko txoria erosi zuen, eta 300 metro ibili ondoren itzuli egin zen. Orduan zera esan zidan: “Jada ez zait txoria gustatzen, itzul iezadazu dirua”. Eta dirua itzuli behar izan nion; amorruz, baina itzuli egin nion. Baina jende gehiena jatorra da. Galerna sartu eta haizeak jotzen duenean, jende askok laguntzen dit.

Horrenbeste urte toki berean eman badituzu, ondo ezagutuko dituzu inguruetako tabernak eta tabernariak.
Ez, inola ere ez. Ez naiz inoiz tabernetan sartzen. Ez dut kaferik ere hartzen. Kafea etxean bakarrik hartzen dut. Dirua irabaztea asko kostatzen zait, eta gastatu behar denean gastatu behar da, baina ez tabernetan.

Aureliak dioenez, Kontxa ikustea da bere lanetik gehien gustatzen zaiona. / M. Goñi

Lan hau gustuko al duzu?
Bai, zoratu egiten nau. Bueno, gozoki-saltzailearen lana gustatzen zait, baina lana egiten dudan tokia gehiago: Kontxako pasealekua. Hona iritsi nintzenean, Ondarreta pare horretan hasi nintzen lanean etxe batean, badiaren beste aldean. Eta hemen bukatu nuen. Ikaragarri gustatzen zaizkit Kontxako badia eta hondartza.


detalle2

Docuthèque

B1
03-07-2014

x61pRelaContWAR

  • Mikel Goñi (Maramara Taldea)
16344974

x61pViewCountWAR

8005

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR