Aldizkari Digitala
Joserra Fachado: "Ibiltzeko eran, hitz egiteko eran eta inozentzian oinarrituta osatzen da pailazoa"
Joserra Fachado, Tomax (Pasaia San Pedro, 1960) pailazoa da, eta clowna ere bai. Bi hitz horiek parekide erabiltzen ditu, sudur gorria eta inozentzia ezaugarri dituen pertsonaiaz eta teknikaz mintzatzeko. Umeak eta helduak, denak ditu gogoan taula gainean, pailazoenak ez baitira ume kontuak soilik.
Fachado, urte askoan aktore, gero eta erosoago sentitzen da pailazo ari denean, baina berak ez du bien arteko bereizketa egiten, antzezle askoren “atzean” pailazoa baitago. Aurrean, publikoa edukitzen dute clownek. Buruan, berriz, gidoia, nahiz eta askotan ikusleek bat-bateko ekarpenak eskertzen dituzten. “Gainera, jendeak asko estimatzen du gauden tokira moldatzea, bertako erreferentziak sartzea”.
Zer da pailazo bat?
Pailazoa, berez, estilo bat da; antzerkia egiteko molde bat. Hasteko clown, pailazo, payaso, arlequino... horiek hitz desberdinak dira gauza bera esateko. Oso historia polita da pailazoa nola jaio zen kontatzen duena. Zirkuan malabaristak eta ekilibristak soilik zeudenean, ekilibrista-bikote famatu bat zegoen. Bikotekide bat handi-handia zen, eta bestea txiki-txikia. Txikia oso mozkortia zen, edatea gustatzen zitzaion. Zuzendariak zigorra jarri zion, nazkatuta zegoelako. Astebete karabanatik atera gabe egotera zigortu zuen. Bertan aspertuta, edaten jarraitu zuen. Oso mozkorturik zegoen batean, lagun handiaren arropak eta zapatak hartu eta jantzi egin zituen. Horrela jantzita, zirkura sartu zen, eta, mozkorra zegoenez, erori egin zen. Jendea barrez hasi zen. Zuzendariak errieta egin beharrean, hortik aurrera egunero berdin egiteko agindu zion. Clowna edo pailazoa horrela sortu zela esan ohi da. Berez, nik estilo horri esaten diot inozentzian oinarritzea, baina ume bihurtu gabe. Arriskua delako pailazoa ume bihurtu eta txorakeriak egiten hastea. Beste ezaugarri bat fisikoa aldatzea da. Ibiltzeko era fisikoa eta abar. Joserra hitz egiten ari da orain horrela, normal, baina clown gisa ez nuke horrela hitz egingo, ezta mugituko ere. Eta hiru ezaugarri horiekin osatzen da pailazoa: ibiltzeko era, hitz egiteko era eta inozentzian oinarri izatea.
Eta sudurra?
Pailazoaren ezaugarri handienetakoa da sudur gorria, baina badaude sudurrik gabeak, Mister Bean, adibidez. Batzuek sudur handiak jartzen dituzte, beste batzuek txikiagoak; zenbaitzuek sudurrak margotzen dituzte, eta hainbat estilo berean aritzen dira, baina sudurrik gabe.
Pailazo-mota ezberdinak daude?
Tradizioz, hiru mota nagusi daude clownen artean. Aurpegi zuria daukana da lehena. Horrek ez dauka sudur gorririk, eta beti janzten da oso dotore. Hau izaten da pailazo jakintsu eta ondo abesten duena, ondo hitz egiten duena, zentzuduna, eta abar. Gero, beste bi pailazo daude, lehen augustua eta bigarren augustua. Lehen augustua baldin bada inozentea, bigarren augustua askoz inozenteagoa izan ohi da. Normalean esketx guztiek oinarria dute hiru horien arteko harremanetan. Esaterako, aurpegi zuriak esango dio lehenengo augustuari zerbait egiteko, lehen augustuak zerbait hori egin nahi izango du, baina bigarrenak ez dio utziko. Hiruen arteko erlazio horiek daude tradizioan, baina gero hori garatu eta zabaldu egin da.
Tomaxen eta lagunen abenturak taularatzen dituzte Joserra Fachadok -eskuinean- eta bere taldekideek.
Osagai horiek kontuan hartuta, badirudi arauak urratzea oso gertu dagoela...
Pailazoa urratzailea da, bai. Baditu eboluzionatzen joan diren ezaugarriak, eta horietako bat transgresio edo arau urratzea da. Adibidez, janzkera, clowna beti joaten da gaizki jantzita, txiro, eta gehiago jotzen du pobre edo behartsuen aldera. Horrek beste lilura bat ere ematen dio.
Helduen gustagarri ere badira pailazoak, ezta?
Bai. Are gehiago, clown asko daude helduei bakarrik zuzenduta. Arauak urratzea askoz handiagoa da, eta helduen bizitzan oinarritzen dira heldu horiei kritika egiteko eta beraiek satirizatzeko... Nik, adibidez, eskolak ematen ditut ikastola batean, Donostiako Zurriola Ikastolaren antzerki-eskolan, eta clowna lantzen dut, bai umeekin, eta bai helduekin. Esan dezaket desinhibizio izugarria dela sudurraren atzean eta estilo horren atzean.
Aktoreak ere bazarete...
Jendeak ez daki, baina aktore handi askoren atzean pailazo bat dago, edo clown-estiloa, behintzat. Camera cafe telebista-sailean Bernardorenak egiten zituen Cesar Saratxu izan dut irakasle. Paper horretan inozentearenak egiten ditu, baina bera Suedian bizi da, eta han paper dramatikoak egiten ditu. Denok daukagu clown bat geure barruan. Ariketen bidez, clown hori sortu edo azalarazten da. Behin norberaren clownarekin identifikaturik, beti joango da gure barruan. Orduan, sudurra jartzea besterik ez dugu; buelta eman, eta prest! Oso seguru gaude, ez dugu ez kontzentrazio handia behar, ezta horrelakorik ere.
Normalean publikoak oholtza gainean gertatzen dena ikusten du. Baina zuek ere ikusiko dituzue gauza asko oholtza gainetik, ezta?
Bai hala da, eta ez dakizu zein gozagarria den pailazo gisa lan egitea. Guk ikusten ditugu ume guztiak irribarretsu; hainbat gag egitean zein poz handia duten, eta zein barre-algarak egiten dituzten. Haurrekin batera gurasoak ikusten ditugu. Gure taldeak gurasoei keinu asko egiten dizkie. Hor daudenez, txisteak-eta botatzen dizkiegu. Txikitxoek ez, baina gurasoek ulertzen dituzten erreferentzia batzuk botatzen ditugu. Nik, gaur egun eta aktore-lanetan, beste gauza batzuk egiten baino gehiago, clown gisa disfrutatzen dut, askoz gehiago. Momentuan bertan ikusten dugu egindakoak zein eragin sortzen duen. Bat-batekoa da. Antzoki handietan aritzea gustatzen zaigu, baina herri txiki batera joatea ere bai. Han umeak, gurasoak eta aitona-amonak daude, eta denek parte hartzen dute bat-batekotasun horretan, gertu-gertu. Hori zoragarria da.
Pailazoen emanaldietan zenbat dago gidoitik eta zenbat bat-batean sortutakotik?
Egia esan, gidoitik ia osoa, nik % 90 esango nuke. Pailazo batzuk oso zintzoak dira eta gidoia betetzen dute; niri, berriz, bat-bateko horretan sartzea eta zirikatzea gustatzen zait. Adibidez, guk ume bat ateratzen badugu oholtzara zerbait egiteko, eta umeak espero gabeko erantzun bat ematen badu, gustatzen zaigu bere altueran jartzea eta erantzutea. Gainera, jendeak asko estimatzen du gauden tokira moldatzea, bertako erreferentziak sartzea. Bestalde, antzeman dugu umeei gustatzen zaiela historiaren jabe izatea. Gustatzen zaie jakitea zer gertatuko den. Baina, gidoi horren inguruko aldaketa txikiak ere gustatzen zaizkie, ezustekoak. Gu ere biziago sentitzen gara moldaketa horiekin. Tokietara moldatzea, bizirik egotea, bat-batean gag bat asmatzea...
Pailazoak, bakoitzari berea
Asko eta askotarikoak dira egun Euskal Herrian ari diren pailazo-taldeak, baina Joserra Fachadok, hau da, Tomaxek, talde bakoitzari berea aitortzen dio. Pirritx eta Porrotx aipatu ditu lehenak, eta laguntzat ditu. “Batez ere, oso profesionalak dira, eta sozialki gauzak egiteko modu konprometitu eta dibertigarria daukate”.
Tomaxek Poxpolo eta Konpainia aipatu ditu bere sailkapen pertsonalean. Iker Galartzaren jarduna nabarmentzen du kasu honetan. “Aktore handia eta maitagarria da, egiten duen edozein gauzatan ondo dago”. Klasikoa da Gari, Montxo eta Joselontxo taldea deskribatzeko erabili duen lehen hitza. Forma eta taldea-osaketa horrelakoak dira, baina beraien kalitatea ere nabarmendu du. “Zirkuetan ere aritu dira, Europan-eta”.
Txirri, Mirri eta Txiribiton hirukoteak ezin hutsik egin zerrenda honetan. Fachadok esperientziarekin eta errespetuarekin lotu du taldea. Egun agertokitik erretiroa hartuta badaude ere, euskaraz jarduten duten pailazoen artean aitzindari dira. “Lehenak izan ziren eta besteak ondoren etorri dira”. Fachadoren zerrendak aurrera jarraitzen du gogoan dituelako, besteak beste, Potxin eta Patxinen eszenografia xumea, Kiki, Koko eta Mokoren malabarismoak zein Korri, Salto eta Brinkoren bihurrikeriak.
Ezagunak al dira clownen, edo pailazoen, teknika eta teoria?
Gainera pailazoena eta clown-ekoa ez dago oso definitua. Eta ez dira liburu asko idatzi horri buruz. Joan dira zirkuko familiak... tradizioa izan da nahiko ahozkoa, orala. Bai esketxetan eta bai formetan. Gaur egun, hasi dira pixka bat gehiago ikertzen. Bai eta... gaur egun eskola famatuetan eta horrela... eh... teknika horretan oinarritzen dira. Oso famatua izan zen Frantzian Lecoq izeneko eskola bat non hortik... eh... hortik hasi ziren pixka bat jorratzen clownen teknikak. Eta gero, Lecoq-eko zenbait diszipulok egin dute bada zabaldu Europa mailan.
Nolakoa da Tomax, hau da, nolakoa da zure clowna?
Nirea da... ehh... Ez da oso-oso inozentea, baina gustatzen zaio inozentea izatea. Nik definituko nuke nire burua lehenengo augusto bezala... edo horrela. Bai. Oso aktiboa da. Zeren eta badaude... clown motetan badaude batzuk direnak oso aktiboak eta beti... eta beste batzuk direnak lasaiagoak, oso mantso egiten dituztenak gauzak. Ez, ni aktiboa naiz. Ni naiz oso aktiboa. Inozentzia horretan, eta joko horretan nahiko azkarra. Harrapatzen ditu gauzak. Beste bati, beste pailazo bati askoz gehiago kostatzen zaio konturatzea, errealitatea-eta. Baina ni: “ahh, ez ez”. Segituan harrapatzen dudan horietakoa. Zirikatzailea. Hori bai, zirikatzailea. Gustuko du zirikatzea, eta horretan oinarritzea. Ondo pasatzea. Eta jenio handia dauka, baina gero maitekorra ere bai bada.
