detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Phnom Penh, Kanbodiako hiriburu xarmangarria

Kanbodiara bidaiatzen duen jende gehienak Angkor Vat-eko hondakinak bisitatzen ditu, besterik gabe. Phnom Penh baztertzen du, edo, gehien jota, ordu batzuk eskaintzen dizkio. Larria akatsa!

Phnom Penh ez da hiriburu zaratatsu horietako bat, kutsaduraz betea, arriskutsua eta ikusteko apenas ezer ez duena. Alderantziz, hiri abegikorra da Kanbodiako hiriburua, lasaia, primerako hainbat monumentu dituena, baita jatetxe onak ere, eta beti irribarrea aurpegian duen jendea.

Mekong eta Tonle Sap ibaiek bat egiten duten tokian dago Phnom Penh. Mekong erraldoia da, Asia hego-ekialdea osorik zeharkatzen baitu, eta Tonle Sap, aldiz, askoz ere txikiagoa. Azken honen ertzean dago hiriko pasealekurik nagusiena, eta hainbat kilometrotako luzera du. Hiriburuko jendea hara doa paseatzera, kirola egitera, ligatzera edo bazkaldu zein afaltzera, hantxe dituztelako hiriburuko jatetxerik hoberenak. “Jatetxe erromantiko” horietakoak dira, kandelatxoak mahaietan, ibaira dute ikusmira, bertako musika jotzen du orkestra batek…

Phnom Penhgo herritarrek oso atsegin dute egunsentian aire librean gimnasia egitea. Batez ere, aerobica dago egun puri-purian. Neska-mutilak, baita gazteak eta adinekoak ere, plazan biltzen dira edo ibai-ertzeko pasealekuan aerobic egiten. Eta nolako gogoa jartzen duten! Aparta ikuskizuna, eta musu-truk.


Ilunabarrean jendea monumentuen aurrean gimnasia edo aerobic egiten

Phnom Penhgo eraikinik nabarmenena Errege-jauregia da. Teila hori eta berdeek osatzen dute teilatua, eta Budaren lau aurpegi ditu dorre nagusiaren goialdeak, aurpegi bana puntu kardinal bakoitzeko. Ze gozamena bertako lorategi zainduetan paseatzea!

Errege-jauregiak Zilarrezko Pagoda du barruan. Zilarrezkoa esaten zaio zorua kilo bateko zilarrezko 5.000 baldosek osatzen dutelako. Tontamentean, 5 tona zilar! Hori gutxi balitz, gizaki-tamainako Buda bat bada, guztia urre: 90 kilo, 9 mila diamantez hornitua. Tamaina bereko beste Buda bat ere bada, brontzezkoa: 80 kilo. Eta txikago beste bat, bitxia, kristalezkoa baita. Beraz, aberastasuna nonahi, khmer inperioaren garai loriatsuak gogoratzeko. Inperio honek egungo Kanbodia hartu zuen bere baitan, eta baita Tailandiaren, Vietnamen, Birmaniaren eta Laosen puska handi bat.


Phnom Penhgo monumenturik nabarmenena da Errege-jauregia

Inperio honek, beste guztiek bezalaxe, gainbehera egin zuen, eta hala, kolonizatzaile izatetik kolonizatu izatera igaro zen Kanbodia. Izan ere, Asian hedatu ziren Europako herrialde indartsuak XVIII-XIX gizaldietan. 1863-1953 urte-tartean frantsesek Kanbodia hartu zuten, 90 urtez beraz. Frantziar-kolonia izan zen garaiaren arrasto ugari daude hirian: hainbat eraikin ofizialen estiloa, baguete ogia… Bada azoka bat hiri-erdian art déco estilokoa, jenero freskoarekin. Asian bitxia da estilo hori, baina frantziar-sasoi hori da azalpena. Eta frantsesa izan arren bigarren hizkuntza ofiziala, ingelesera makurtzen ari da gaztedia, beste toki guztietan bezala.

Phnom Penhen autoak ez dira hainbeste. Kanbodia garatzen ari den herria da, pobrezia pittinka-pittinka uzten ari dena, eta auto gutxi ditu oraindik. Beraz, kalean motorra da nagusi, eta horrekin lehian “remork” izenekoak, inguruko herrialdeetan “tuk-tuk” esaten dieten horiek, alegia. Izatez motorrak dira, atzean jendearentzat gurditxoa jarrita, taxi bihurtuta. Eta ze etekina ateratzen dieten! Itzela! Oso gutxitan daramate pertsona bakarra, ohikoagoa da sendi osoa eramatea, lauzpabost edo bospasei lagun agian. Eta ez sinestekoa izaten da zer eramaten duten! koltxoiak bata bestearen gainean, sofak, armairuak…


Familia osoa motorraren gainean: ohikoa da

Kanbodia oso budista da. Horren seinale, kalean ikusten den monje tunika laranja eta moja tunika gris pila. Interesgarria da eguerdia baino lehen monasterioetara hurbiltzea, jende asko joaten delako mojei janaria ematera. Hauek ezin dute ez janaririk erosi, ez prestatu, sinestunek eramandakoa jan besterik ez.

Mojeak ilaran sinestunek emandako jakiak jasotzeko

Phnom Penhenek badu bere iragan iluna ere, orain dela gutxikoa gainera. Khmer gorrien agindupean (1975-1979) hiriburu ondoko “heriotza-landetan” jende asko hil zuten. Bada han eraikin bat hildakoen kaskezurrez betea. Tuol Sleng espetxea ere bisita daiteke: hantxe torturatzen zituzten kondenatuak heriotza-landetara bidean. Kontua ez da makabroa izatea, baina hori ere historiaren alderdi bat da; hor dago, baina zorionez iragan latz hori aspaldi geratu zen atzean, eta gaur egun Phnom Penh hiri alai eta argitsua da.


detalle2

Docuthèque

B2
06-11-2013

x61pRelaContWAR

  • Torquemada, Jesús
16292853

x61pViewCountWAR

5849

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR