Aldizkari Digitala
Oihana Sanzberro: "Gure ikastaroetan, ikasleak merezi duen arreta jasotzen duela bermatzen dugu"
On-line bidezko formazioa eskaintzen dute, batez ere, Asmoz Fundazioan. Eta eskaintza hori guztia kudeatzeko ardura du Oihana Sanzberro zuzendariak. "Erronka handia" dela esan du, baina "gustura" dagoela bere lanean.
Ikastaro mota hauek “malgutasuna” eskaintzen diote ikasleari eta horregatik animatzen omen da jende asko berauetan izena ematera. Dena den, krisialditik ihes egitea zaila da eta jendeari formazioan inbertitzea gero eta gehiago kostatzen zaiola aitortu du Sanzberrok. Krisiak krisi, bere datuei eustea lortu du oraingoz Asmoz Fundazioak.
On-line bidezko formazioan, zein oztopo topatzen dituzte ikasleek?
Traba nagusia diziplina handiagoa behar izatea da. Ikastaro bakoitzean saiatzen gara irakasle onenekin edo erreferenteak diren pertsonekin lan egiten. Aurrez aurrekoan gertatzen den bezala, on-line ere irakasle bakoitza era batekoa edo bestekoa da. Saiatzen gara ikasleei lanak eta ariketak eginarazten, eta bultzatzen dugu foroetan parte hartzea, taldekako ariketak egitea… Ikastaro parte-hartzaileak sustatzen ditugu. Irakaslea ere horretarako egoten da, dinamizatzeko.
Ikasleak gustura al daude?
Oro har, oso balorazio positiboak izaten ditugu. Internet bidezko ikastaro guztiak ez dira berdinak, zentro bakoitzak bere sistema jarraitzen du, baina Asmoz Fundazioan beti irakasle laguntzaile bat daukagu, irakasleen eta ikasleen arteko zubi-lanak egiten dituen dinamizatzailea, hain zuzen ere. Ikasleen gainean soilik ez, irakasleen gainean ere egoten da, ikasleak merezi duen arreta jasotzen duela bermatzeko. Ikasleek metodologiarekin edo alderdi teknikotik izan ditzaketen arazoen aurrean, pertsona bat daukate laguntzeko.
Zenbat ikaslek amaitzen dute hasitako formazioa?
Azkeneko datuen arabera, graduondokoetan, % 80ek gainditzen du, eta formazio iraunkorrean % 90ean gaude. Ez da erraza izaten. Ikastaroek beren ebaluazio-sistema propioa daukate, ariketak entregatu behar dira eta lana egin behar da. Hala eta guztiz ere, ikastaroa ehuneko altu horrek bukatzea nahiko datu ona da guretzat. Beti dago zer hobetua, baina gustura gaude.
Teknologiarekin oso abila ez den pertsona batek arazoak izan ditzake ikastaro hauetan?
Oro har, inork ez du arazorik izaten ikastaro hauek egiteko. Ikastaro bakoitzaren hasieran, hasierako ikasgai orokorra jartzen dugu, plataformaren oinarrizko erabilera azaltzen duena: geure burua nola aurkeztu, argazkia nola aldatu, foroetan nola parte hartu… Oinarrizko ariketa batzuk egiten dira beldur hori galtzeko. Bestela, gure ikastaroak egiteko, Internet konexioa, ordenagailu bat eta PDF irakurgailu bat nahikoak dira.
Zein da zuen lan egiteko modua?
Guk erakunde ugarirekin egiten dugu lan. Graduondokoetan, batez ere, unibertsitateekin eta formazio iraunkorrean, berriz, denetarik. Adibidez, gerontologia gaiak lantzeko Ingemarekin edo Matia Fundazioarekin aritzen gara, ingurumen gaietarako Cristina Enea Fundazioarekin egiten dugu lan… Beraz, metodologia, gaiaren edo beharren araberakoa izaten da.
Graduondokoak trinkoagoak izango dira agian.
Graduondokoetan unibertsitateak kalitatea ziurtatu behar du eta urte osoko ikastaroak izaten dira. Beraz, eduki teorikoek garrantzi handia dute. Edukiekin batera, material osagarria ematen zaio ikasleari: bideoak, audioak… Foroak ere izaten dira tutoretzetarako edo eztabaida guneetarako. Eta, gaiaren arabera, ariketak edo ikerketa lanak entregatu behar dira. Azken batean, bakoitzak bere sistema dauka.
Eta formazio iraunkorrean?
Alor honetan ere denetarik daukagu. Batzuek kasu praktiko bat izaten dute abiapuntu eta ondoren teoria lantzen dute, beste batzuk tradizionalagoak dira… Denetarik daukagunez, guri ikastaro bakoitzaren zuzendariarekin metodologia bat zehaztea gustatzen zaigu.
Uneotan, zein da zuen eskaintza?
Urritik daude martxan graduondoko guztiak. Horrez gain, orain jarriko dira abian beste zenbait ikastaro: dokumentuen kudeaketa eta artxiboen administrazioa, geografia informaziorako sistema, haurrak eta musika, ahozko eta idatzizko komunikazioa nola hobetu… Android programazioaren hastapenak Mooc bitartez eskaintzen ari gara, hau da, modu irekian, plataforma telematiko bidez, ordutegi gabe eta filosofia parte-hartzailean oinarrituta. Dena den, gure formazio-eskaintzaren inguruko informazio guztia gure webgunean daukagu (www.asmoz.org).
Zuen eskaintza horretan, zein da euskarak duen tokia?
Iaz % 20 ingurukoa izan zen. Aurten oraindik ez dugu daturik, baina eutsiko diogula uste dugu. Gu beti saiatzen gara garrantzia ematen bai euskarari, bai euskal kulturari. Baina, askotan, finantziaziorik lortzen ez bada, zaila izaten da. Ahal den neurrian, saiatu egiten gara euskarazko ikastaroak bultzatzen. Guk euskaraz erantzun ona jaso dezakegula ikusten badugu, aurrera eramaten ditugu proiektuak; baina zaila da.
Zein dira eskaera altuena duten ikastaroak?
Egia esan, urtero aldatu egiten da, eskaintza bera izanagatik, eskaera aldatuz doa. Azken urtera arte, esaterako, ingurumenarekin lotutako eskaintzak oso erantzun ona zeukan. Baina aurten jaitsi egin da, ez dakit krisiagatik izan ote den. Nazioarteko Merkataritza Zuzenbidearen masterrak eta unibertsitate espezialistak, esaterako, aurten oso eskaera altua izan dute. Ikusten denez, enpresek kanpora atera nahi dute. Hizkuntza plangintzaren graduondokoa ere igo egin da. Artxibo gaien inguruko formazioak ere erantzun ona eduki du azken urteotan. Zaila da eskaera zerk baldintzatzen duen jakitea, baina prezioak eragiten du, dudarik gabe.
Krisi garaian gaude eta jendeak poltsikoari begiratzen dio, beraz.
Bai, guk, behintzat, igarri dugu krisia. Gero eta gehiago kostatzen da jendeak ikastaroetan izena ematea. Gure webguneak bisita asko dauzka, baina jendea ez da animatzen. Doako ikastaroetan eskaera ere oso altua izaten da, baina, prezioa jartzen dugunean, jaitsi egiten da.
Eta nola begiratzen diozue etorkizunari?
Batez ere, gure erronka aurrera egitea da. Hemen nagoenetik, horixe izan da urtero gure helburua. Internet bidezko formazioa diru laguntza publikorik gabe garatzea ez da erraza, baina gure lana ahal den neurrian gizartean dauden beharrei erantzuten jarraitzea da.
Internet bidezko formaziorantz al goaz?
Ez dut uste etorkizun bakarra dagoenik. Baina, etorkizuna teknologiarekin lotuta egongo da, hori dudarik gabe. Azkenean, Internet kanala baino ez da. Distantzia bidezko formazioa -Internet, CD edo paper bidezkoa- aukera bikaina da, baina ez bakarra. Formazio guztiak osagarriak izan daitezke.
Asmoz Fundazioaren web orria: www.asmoz.org
Zein da Asmoz Fundazioaren lana?
Asmoz Fundazioaren lana, batez ere, internet bidezko formakuntza eskaintzea da, bai graduondokoak, bai formakuntza iraunkorreko ikastaroak antolatzen ditugu. Horrez gain, beste hainbat egitasmotan ere parte hartzen dugu, CD interaktiboak egin izan ditugu gure 11 urteetako ibilbide luze honetan, azkeneko urteetan eskoletarako webkuestak sortzen ari gara baita ere, eta hainbat proiektutan parte hartzen dugu. Baina batez ere, internet bidezko formakuntza esango genuke.
11 urteko ibilbide horretan, hastapenik somatu al duzu on-line bidezko ikasketetan?
Batez ere, nik uste dut ikastaroen garapena baino, ikastaroek ere garapena izan dute, noski, bai plataforma aldetik, ematen diren baliabide eta errekurtsoak garatzen joan dira, baina batez ere nik somatu dudana, azkenean nik hemen 12 urte daramatzat, hau da, fundazioa sortu baino lehen Eusko Ikaskuntzan lanean nengoen, da gizartearen jakintza. Gu hasi ginenean, Eusko Ikaskuntza hasi zen 1996an lehenengo internet bidezko masterrarekin, eta garai hartan populazioaren, hemen batez ere Euskal Herrian edo Espainian esango genuke, populazioaren ehuneko 5ak erabiltzen zuen interneta. Gaur egun, berriz, ez dakit zer datutan gabiltzan, baina nik uste dut ehuneko 70 izango dela ziur asko. Nabaritzen dena hori da, gizartea digitalizatuagoa dagoela, formatuago dago edo erabiltzailea da. Interneta edo edozein dispositiborekin konektatuta gaude. Hori da, batez ere, gizarte aldetik ikusi dut nik garapen gehiago, formakuntza bera baino. Formakuntza, internet bidezko formakuntza, azkenean, nik ikusten dudana da nolabait kanala da desberdina. Formakuntzan hobekuntzak egon daitezke metodologia aldetik, baina presentzialean aldaketak egon dira, on-line aldaketak daude, metodologiak ere garatzen joaten dira, baina aldaketa nabarmenena batez ere gizartearen erantzuna da, hau da, lehen oso zaila zen ikaslea internet bidez ikastaro bat egitea edo zailagoa zen norbait animatzea ikastaro bat egitera, gaur egun ohikoagoa da, unibertsitatean bertan plataforman kolgatzen dituzte irakasleek beraien materialak, eskoletan ere bai, eskoletan txikitatik portatilekin dabiltza, ia arruntagoa da, hasi ginenean baino.
Zuen datuetan ere igerriko zenuten gizartearen hastapen hori, ikasle kopurua-eta…
Bai, egia esan, guk, orain bertan, esaten genuen, oraindik 12/13 ikasturtea ez dugu bukatu eta ia 1.100 ikasleetan gaude, eta beste urteetan, ikasturte bakoitzean 900 genbiltzan, 700-900. Eta orain, esaten dizut, ikasturtea bukatu baino lehen ia 1.000 ikasle baditugu.
Docuthèque
-
Noelia Lataburu (Maramara taldea)
