Menchu Gal, izpiritu librea

Menchu Gal artista handiari buruzko biografia jasotzen duen bideoa duzu ikusgai. Gogoan izan Donostiako Kubo-Kutxa Aretoa "Menchu Gal. Paris eta Madril artean" erakusketa eskaintzen ari dela, Irungo artistaren ibilbide oparoari buruzkoa, era kronologikoan planteatua, eta Menchu Galen bizitzako hainbat etapatan harengan eragin zuten edo berarekin harreman estua izan zuten artista garrantzitsuen lanekin batera. Erakusketa irailaren 1era bitartean ikusi ahal izango da.

Menchu Gal Orendain Irunen jaio zen, 1919ko urtarrilaren 7an, euskal familia errepublikazale batean. Menchuren hainbat senide musikaren munduan murgildu ziren, baina berak margolaritza hautatu zuen.

Haur tristea baina irudimentsua izan zen, eta koloretako arkatzez inguratuta hazi zen.

 



Marrazketan ematen zuen eguna, etxean eta eskolan, liburuek ez baitzuten erakarri, harik eta margolaritza sakonago ikasi zuen arte. 

Izaera errebeldekoa zenez, ikastetxeko mojak hartu zituen lehen modelotzat, eta bere izen ofiziala, Carmen, bazterturik, Menchu erabiltzen hasi zen.

Garaitsu hartan ezagutu zuen bere maisu handietako bat: Gaspar Montes Iturrioz.

Hala, 12 urterekin pintatu zuen bere lehen margolana, Gain-gainean, 1931n.

Montes Iturriozek etengabe marraztera eta izadia arretaz begiestera sartu zion buruan. Horrela lortu zuen Menchuren anarkia askatasun bilaketara bideratzea. Montes Iturriozekin, profil eta ikuspegi aratzeko izadi hilak eta erretratuak margotu zituen. Maisuak, ikaslearen gaitasun harrigarriak ikusirik, Menchuren gurasoak konbentzitu zituen Parisa ikastera bidal zezaten, 13 urte besterik ez zuela.  

Han, Amédée Ozenfant purismoko maisu eta kubistarekin ikasi zuen, lau hilabetez.  Marraren purista zenez, hiru kolore baizik ez zien erabiltzen uzten bere ikasleei: zuria, beltza eta lur kolorea.  Gogorra egiten zitzaion hori Menchuri, oso kolorezalea baitzen.

Gero, beste bi hilabete eman zituen Grande Chaumiére akademian, marrazketan hobetzearren, eta Louvre museora ere joaten zen.

Behin, Montparnasseko erakusketa-areto batean, ustekabean, bere karreran gehien miretsiko zuen margolarietako bat deskubritu zuen: Henri Matisse faubista. Haren alaitasuna eta bizitasuna miresten zituen; gutxirekin asko adierazteko ahalmena.

Parisen ezagutu zituen bere pinturak etorkizunean korrituko zituen joera nagusiak:  faubismoa eta espresionismoa. Kubismora ere hurbildu zen –bere izadi hiletan, batik bat– baita inpresionismora ere.

Parisko egonaldian, obra interesgarriak margotu zituen Menchu Galek, baina ez dira gorde, zoritxarrez.
 
Hala ere, esperientzia hura behar bezala aprobetxatu ez izanaren arantza geratu zitzaion sartuta, gazteegia zelako eta zeukan frantses-maila ere nola-halakoa zelako.

«Gazteegi joan nintzela uste dut; han bete nituen 15 urte. Askoz gehiago aprobetxatuko nukeen hogei bat urte izan banitu… ulertzeko ahalmen gehiago izango nukeen, esan dezagun. Eta zuzenago sartu ahal izango nintzen lanera, baina, tira, ondo egon zen, oso garrantzitsua izan zen Parisen izatea».

Parisen izan ondoren, Menchu Madrilera lekualdatu zen eta Arte Ederretako San Fernando Eskolan sartu zen. Etorkizuneko hainbat pintore ez ezik, Lorca eta Neruda poeta ospetsuak ezagutu zituen han, eta bere maisuetako bat Aurelio Arteta euskal margolaria izan zen.

Espainiako Gerra Zibilean, aita hil zitzaion eta Menchu, bere familiarekin, Zuberoako Atharratzera lekualdatu zen, denboraldi baterako. Han zegoela, bidaia bat egin zuen Parisa eta André Derain faubistaren margolanak ezagutu zituen.

Gerra ostean, 1943an, Madrila bueltatu zen. Han, Jose Gutierrez Solana pintoreak paisaia-margolari handiak aurkeztu zizkion Menchuri: Benjamin Palencia, Vázquez Díaz, Cossío, Caneja, Zabaleta eta Llorens Artigas. Haien bidez, Madrilgo Eskolako kide egin zen eta garai hartako abangoardiarekin lan egin zuen.



Maisuek irakatsi zieten margolanak egiazkoak izango baziren, lokalistak izan behar zutela; beharrezkoa zela orduan nagusi ziren lotura akademizistetatik askatzea; kanpora irten behar zela paisaia margotzera. Horregatik Gaztelara eraman zituzten, hainbat elementu pintatzera. Elementu horiek daude islaturik irundar margolariaren lan hauetan.  

Gerraosteko margolariak paisaian babestu ziren, arte ofizialeko pintura arranditsu, pintoresko eta neurtuari kontra egiteko; pintore gazteek ikuspegi basagoak, latzagoak, deserosoagoak bilatzen zituzten, eta, era berean, Francoren erregimenarekiko arazoak saihesten zituzten.

Menchu Gal zen Madrilgo Eskolan aktiboki parte hartzen zuen emakume bakarra eta gogor borrokatu behar izan zen gizonezko haien guztien artean bere lekuari eusteko…

«...oso gogorra izan zen, Madrilen, oso gogorra; ni probintzia batetik joana bainintzen, horixe nintzen, "probintziana" bat, eta gizonekin borrokatu naiz. Eta gizonak, oso gizonak dira, e? (BARREAK). Baina tira, moldatu izan naiz, egia da».

Zailtasunak zailtasun, 1959an, Espainiako Pintura Saria irabazi zuen lehen emakumea bihurtu zen, Nafarroako Arraioz herriko paisaia bati esker.

 



Madrilgo Eskolako margolarien artean (Menchu Gal ez ezik, Agustín Redondela, Luis García-Ochoa, Álvaro Delgado, Francisco San José, eta Cirilo Martínez Novillo zeuden, gehiagoren artean) hainbat erakusketa egin zituzten elkarrekin, bai Espainian bai nazioartean, 1945 eta 1962 artean. Baina, nork bere adierazpidea bilatzen zuen, eta desegin egin zen taldea.

Artista haien erreferentzia nagusiak Parisko joerak ziren. Aldiz, New York eta arte abstraktua bilakatu ziren margolaritzako ardatz nagusi eta Francoren erregimenaren azpian zeuden pintore haiek bakarturik geratu ziren.

Menchu Galek maisu asko izan zituen, baina Benjamin Palencia eduki zuen bere maisu garrantzizkoenetakotzat. Hark irakatsi zion margolanak analizatzen eta Gaztelako paisaia balioesten.

Menchu Galen lehen margolanek sustrai neo-kubistak erakusten dituzten arren, kolorearen erabilpenari esker, espresionismora eta faubismora hurbildu zen.

 



"Niretzat kolorea oso garrantzitsua da. Marrazkiaren gainetik dago. Nik ez dut inoiz marraztu. Zirrimarra txiki bat egiten dut, formak non sartu jakiteko; margolanean, oihalean sar daitezen, baina ez dut marrazten inoiz.

Errioxa, Gaztela, Asturias, Kantabria eta Eivissako paisaiak margotu zituen, baina, Euskal Herrikoak, batez ere. Zehatzago esanda, Baztango paisaiak eta Bidasoaren ertzak, Irun, Hondarribia eta Hendaia artean. Azken horiek imajina daitezkeen angelu guztietatik eta eguraldi desberdinekin ikusiak.

Paisaiak izan ziren haren obraren gai nagusia; ondoren datoz, izadi hilak, erretratuak eta akuarelak. Erretratuak oso gustukoak zituen, baina interesatzen zitzaion jendea soilik margotzen zuen.

Gehien estimatzen zuen erretratuetako bat bere ahizpa Mercedesena zen. Ama askotan erretratatu zuen, eta hura ere, Frantziska Orendain, margotzen hasi zen 77 urte zituela, Lala izengoitiarekin.

Menchuk izadi hilak ere margotzen zituen arren, bere buruari jarritako obligazio gisa egiten zuen, bere teknika hobetzeko bitarteko gisa.

«Niretzat, izadi hilak egitea lan egitea da, eta paisaia margotzea, aldiz, bizitzea, gustura bizitzea. Erretratua ere gustukoa dut, oso gustukoa. Interesatzen zaizun pertsona bat margotzea, hori gauza handia da, e?»

«Niri gauza bizia gustatzen zait… eta izadi hilari, zerbaitegatik esaten zaio hila, ezta? Oso gauza estatikoa da»

Landak, etxeak, loreak, txoriak, zerua eta itsasoa margotu zituen; olioa erabili zuen, batez ere, eta paisaiaren parte sentitu zuen bere burua. Kolorea funtsezkoa izan zen haren lan egiteko moduan: bizkor, arin eta ia marraztu gabe.

Hori berrestera dator harekin hartu-emana izan zuen Nestor Basterretxea euskal margolaria.

"Egia da beti izan duela emakume askearen irudi hori, ez? Indartsua, ahaltsua, egundoko abailan pintatzen zuen; alegia, gauza zen denbora laburrean arazoak ebazteko, ezta?»

Irundar artistak hainbat etapa igaro zituen bere margogintzan, Iñaki Ruiz de Eginok dioen bezala. Irungo Amaia Kultur Zentroan 2005ean antolatu zen erakusketa antologikoan lan egin zuen Ruiz de Eginok.

«Tonalitate gris horiek baztertuz joan ahala, kolorez betetzen hasi zen; bere adierazteko eta bizitzeko moduaren eraginez, pintzelkada kurboak, bolutak egiten zituen, zenbait unetan, ia-ia pintura barrokoari zegozkionak; eta kubismoko zenbait esperientzia espresionismo abstraktuko, faubismoko, beste zenbaitekin nahastu zituen, koloretan, jakina…»

«Nik, esan ohi den bezala, putzura salto egiten dut, eta irten dadila irten behar duena. Alegia, ez dut inoiz hondatuko zaidan beldurrik izan… Ez dut inoiz kalkulatzen ‘hau horrela geratuko da…', zeren, ez da inoiz geratzen. Ezta Picasso berari ere.  Hortaz, ez da harritzekoa niri ere gauza bera gertatzea, ezta? (BARREAK).

Menchuk biziaren parte handi bat Euskal Herritik kanpo igaro bazuen ere, harreman estua izan zuen Euskal Herriarekin bere bizitza osoan. Are gehiago, «oso euskalduna» sentitzen zen eta bere jaioterriaren islatzat zeukan bere obra.  

Euskal Herrira sarri etortzeaz gainera, hainbat lekutan eduki zituen erakusketak, hala banakakoak zein kolektiboak. Jada aipatu den Nestor Basterretxearekin ez ezik, beste euskal artista askorekin erlazionatu zen: Eduardo Chillida, Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu, Bernardino Bienabe Artia, José Gracenea, Ameztoy, Ricardo Baroja, Ruiz Balerdi… eta abar.

Horrez gainera, Ana Marin margolari baztandarraren karrera bultzatu zuen eta bere lehen maisu handia, Gaspar Montez Iturrioz, buru zuen Bidasoko Eskola sostengatu eta aberastu zuen.



Bere ibilbidearen azken aldera, jaioterrira itzuli zen, Iruna, eta hiri horretan bizi izan zituen azken 5 urteak. Baina zerbaiten falta sentitzen zuen …

«Oso gustura nago nire herrian, oso ongi nago, baina asko falta zait, museoak… erakusketak… horiek falta zaizkit, bai"

Menchu Gal euskal margolaritzako izen nabarmenetako bat bihurtu zen.

Bere ibilbidearen aitorpen gisa, 2005ean Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen eta domina hori eman zioten lehen emakumezkoa izan zen.

Urte bat geroago, urrezko beste domina bat jaso zuen, Irungo Udalak emandakoa, Jose Antonio Santano herriko alkatearen eskuetatik.

Eta 2007an, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria eman zioten.

Ia 90 urte zituen arren, margotzen segitzen zuen, bizi-poz eta apaltasun handiz, amets bat baitzeukan betetzeko: Menchu Gal museoa sortzea. Museo horrek Irungo Urdanibia jauregian izango du egoitza.

Menchuk museo hori ezagutu ez bazuen ere, 2008ko martxoaren 12an zendu baitzen, maitasun handiz gorde zituen etxean kontserbatzen zituen dozenaka margolan, noizbait museora eramateko.

 



Menchu Galek 2.000 olio eta akuarela baino gehiago margotu zituen.

Gaur egun, hainbat lekutan ikus litezke haren margolanetako batzuk: Irungo Menchu Gal aretoan, Donostiako San Telmo museoan, Kutxaren bilduman, Bilboko Arte Ederretako Museoan eta Madrilgo Sofia Erregina Museoan, besteak beste.

 

Informazio gehiago, helbide honetan:
http://www.fundacionmenchugal.com

 

© Fundación Menchu Gal
 


C1
02-05-2013
16289463
12:39
8696