Telebista, gure senidea

Telebista XX. mendeko asmakizun tekniko bat izan da eta XXI. mendeko entretenitzeko eta komunikatzeko modu bat. Duela 90 urte inguru asmatu zuen John Logie Baird ingeniari eskoziarrak, eta hasieran asmakizun hark ezertarako ez zuela balio pentsatu bazuten ere, gaur egun telebistarik gabeko bizitza imajinatzea zaila egiten zaigu.

Poliki-poliki aterik jo gabe gu guztion etxeetan sartu zen. Aurretik, irratia eta egunkariak ere baziren, baina etxean zer toki hartu duen ikusi besterik ez dago, telebistaren garrantziaz ohartzeko. Egongelan egongo da ziur asko (askorentzat etxeko gelarik garrantzitsuenean), eta besaulkiak bere baitan antolatuta egongo dira, toki guztietatik ongi ikusteko moduan.


Egongelaren antolamendua telebistaren baitan egiten da (Argazkia: Emily May).

Duela 60 urte, gure aitona-amonen bizimoduan ez zegoen egongelarik. Etxean zeudenean, sukaldean edo logelan egoten ziren, bazkaltzen edo lotan. Ez zegoen, “egongela” hitzak ongi dioen moduan, egoteko bakarrik balio zuen lekurik, ez baitzuten horretarako astirik izaten. Baina gaur egungo bizimodua guztiz aldatu da. Etxean denbora asko pasatzen dugu, eta gaur egungo herri-hirietako bizilekuetan ez dago lehengo baserrietan adina lan. Beraz, egongelak zentzua du eta etxebizitza askotan egongela baten faltan, bi ere izango dira. Gela horietan normalean telebista, armairu bat, besaulkiak eta mahaitxo bat egoten dira. Familia bakoitzak bere modura, bere estilora eta bere gustura izango du, baina denetan antzeko banaketa izaten du. Telebista armairuaren gainean izaten da, edo horman eskegita, eta hari begira egoten dira bai mahaitxoa eta bai besaulkiak ere. Etxeko seniderik fidelena da, beraz, telebista.

 Gaur egungo telebista ordenagailua ere bada.

    Hala ere, badirudi gero eta telebista gutxiago daudela gure etxeetan. Nielsen kontsultoraren arabera, bi arrazoi nagusi daude: batetik, pobrezia; gaur egungo krisi-egoera dela medio, familia askok ezin dituzte aparatu digital eta antena berriak eskuratu, eta, beraz, pixkanaka telebistak gutxitzen ari dira familia horietan; eta, bestetik, azken urteetan sortu den Internet erabiltzeko ohitura dago. Gazte gehienek, independizatzerakoan, telebista propioa ez erostea erabakitzen dute eta Internetekin moldatzen dira; izan ere, Interneten bertan baitago telebistan dagoena. Beraz, ordenagailua eta Internetekin telebistako edukiak ikus ditzakegu eta pixkanaka-pixkanaka ordenagailua telebistari urteetan izan duen lekua kentzen ari zaio.
   
    22 laguni galdetu diegu ea zenbat telebista eta ordenagailu (Interneteko sarrerarekin) dituzten. Lehenengo galdera telebista-kopuruarena izan da. 22tik bakarrak esan du ez duela telebistarik, zehazki etxetik kanpo ikasle-pisu batean bizi denak. 8k telebista bakarra daukate, horietatik gehienak 25 urtetik gorako pertsonak dira eta ez dira gurasoen etxean bizi. 22tik 10ek bi telebista dituzte, eta 10 horietatik 8 familiak dira. Eta azkenik, 3 pertsonak soilik esan digute lau, bost edo sei telebista dituztela beraien etxeetan. Beraz, ia etxe guztietan telebista bat edo bi izan ohi ditugu.
   
    Ordenagailuen kasuan, berriz, 22tik bik bakarrik ez dute ordenagailurik, 85 urtetik gorako bi andrek. Beste lagun guztiek badute ordenagailua, % 70ek bere ordenagailu propioa dauka eta bi kideren artean partekatzen dute ordenagailua gainerakoek.

    22 lagun horietako hiru gazteri galdera gehiago egin dizkizkiegu. Zehazki Ioar Tainta lesakarrari, Izaro Toledo oiartzuarrari eta Nerea Mandiola markina-xemeindarrari.
   
    Ioarrek esan digu 3 pertsona bizi direla bere etxean, ama, aita eta bera, eta bi telebista dituztela etxeko bi egongeletan. Berak ohitura handia du telebista ikusteko. Goenkale, Hitzetik Hortzera eta “La que se avecina” saioak ikusten ditu. Bere etxean telebista-mandoa normalean aitak izaten duela kontatu digu eta orduan beste egongelara joaten da. Izan ere, ama eta biak gustu antzekoak omen dituzte eta aitak, aldiz, ez. Baina Internet edo telebista erabakitzeko orduan, Ioarrek Internet nahiago duela esan digu, entretenitzeko baliabiderik onena dela ziurtatu digu.
   
    Izaroren familian 4 kide dira, gurasoak, anaia eta bera. Beraiek ere bi telebista dituzte, baina bata sukaldean eta bestea anaiaren logelan. Mandoari dagokionez, Izarok garbi esan du bere etxean ere gizonezkoek izaten dutela normalean haren kontrola, amak eta berak ez daukatelako ohiturarik telebista gehiegi ikusteko. Izarok, esaterako, telebista ingelesa ikasteko ikusten du, filma jatorrizko hizkuntzan jarri eta ingelesera praktikatzeko. Gainera, Izarok dio gaur egun Internetek telebistak daukan guztia daukala eta, beraz, nahi dugunean interesatzen zaigun hori ikusteko aukera dugula. Hortaz, Izarok ere telebista baino askoz ere nahiago du Internet.
   
    Nerearen etxean 6 pertsona bizi dira, gurasoak eta lau neba-arreba. Bi telebista dituzte, egongela handi batean bat eta gelatxo txiki batean bestea. Mandiolatarren etxean ere normalean mandoa aitak kontrolatzen du eta berak telebistarik ia ez duela ikusten kontatu digu, ez zaiolako batere gustatzen izaten den programazioa. Nereak ez du zalantzarik Internet edo telebista aukeratzeko orduan: zalantzarik gabe Internet nahiago du, Interneten ikasi eta entretenitu bi gauzak egin ditzakegula defendatzen baitu.
   
    Eta zuk, zenbat telebista dituzu etxean eta non? Nork kontrolatzen du mandoa gehienetan? Eta zer nahiago duzu, Internet ala telebista?
 


Transcription:[+] Transcription:[-]

ZENBAT TELEBISTA DITUZU ETXEAN?

NEREA MANDIOLA
Bi telebista dauzkagu etxean.

IOAR TAINTA
Bi telebista ditut etxean.

IZARO TOLEDO
Bi telebista dauzkagu etxean.

IOAR TAINTA
Hiru pertsona bizi gara etxean.

NEREA MANDIOLA
Gurasoak eta lau neba-arreba.

IOAR TAINTA
Lau, lau pertsona bizi gara etxean.

IOAR TAINTA
Aber, nik badut telebista bat, badugu espazio bat dela sala eta sukaldea, orduan sala horretan badugu bat, eta gero badugu bertze sala bat eta hor dago bertze telebista.

IZARO TOLEDO
Bat sukaldean eta bestea anaiaren gelan.

NEREA MANDIOLA
Egongelan eta gero beste logela txiki batean.

IZARO TOLEDO
Ez dut gehiegi ikusten enteratzen banaiz pelikula onen bat dagoela ba hori ikusteko, baina bestela ez dut. Edo ingelesez ikusteko pelikulak, ingelesa ikasteko hizkuntza orijinalean jartzen ditut pelikulak eta horrela ikusten dut

IOAR TAINTA
Egia erran bai. Adibidez, ikusten dut Goenkale, ia bukatu behar da baina. Goenkale, gero Hitzetik Hortzera, eta gero FDF katea ikusten dut dezente. Zeren jartzen dituzte telebista programa batzuk gustatzen zaizkidanak, adibidez “La que se avecina” eta ikusten dut hori.

NEREA MANDIOLA
Ba nik egia esan ez dut telebistarik ikusten, o sea pelikularen bat horrela azaltzen bada ba bai baina bestela...

IZARO TOLEDO
Ez dagolako ezer interesgarririk.

NEREA MANDIOLA
Ba programazioa ez zaidalako gustatzen, egia esan. Eta interesatzen zaidana interneten daukat errazago, bai notiziak irakurtzea edo zinean edo. Orduan errazago da.

ETA NORK KONTROLATZEN DU MANDOA?

IOAR TAINTA
Mandua kontrolatzen du batez ere nire aitak, zera dugu ohitura sukaldea eta sala dugun telebista horretan egon nahi izatea, eta hor baldin badago nire aita ni joaten naiz sarrerako salara. Eta iasta. Normalean amak eta nik baditugu gustu igualak, orduan ba ordun ba hori.

IZARO TOLEDO
Gizonezkoak, aitak eta anaiak.

NEREA MANDIOLA
Aitak, Oesteko pelikulak ikusten ditu asike...

TELEBISTA EDO INTERNETA ZER NAHIAGO DUZU?

NEREA MANDIOLA
Interneta nahiago dut.

IZARO TOLEDO
Internet. Internetak ya beregan daukalako telebistak daukan guztia baita ere.

IOAR TAINTA
Ordenagailua aukeratuko nuke.

IZARO TOLEDO
Bai, pentsatzen dut askotan pelikulak eta ikustean hori bilatzen dela, deskonektatzea.

IOAR TAINTA
Batez ere, entretenitzea guztiaren gainetik.

NEREA MANDIOLA
Ba ikasteko eta entretenitzeko.

B1
25-03-2015
  • Zinea Sortzen
16267426
00:03:10
13011