Aldizkari Digitala
Sormena, jaiotzetik ala bizitzan zehar
Sormena gizakiok erreakzionatzeko dugun gaitasuna da, edozein galderaren edo egoeraren aurrean dugun jokatzeko modua, baina, bistan denez, denona ez da berdina.
Sormena ikastetxean erakusten diguten plastikako ikasgaiarekin lotzen dugu. Bertan, marrazten, margotzen edo buztinezko irudi bat egiten irakasten digute, baita beste hainbat eskulan egiten ere. Baina sormena hori bakarrik al da?
Sormena gizakiok erreakzionatzeko dugun gaitasuna da, edozein galderaren edo egoeraren aurrean dugun jokatzeko modua. Ez da arte-munduari lotutako zerbait bakarrik, egunerokotasunean erabiltzen dugun zerbait da: arazoei aurre egiteko, gauzak aurrera eramateko, erabakitzeko… Baina gaitasun horrekin jaiotzen gara, edo denborarekin ikasten dugu?
Galdera honi erantzuna bilatzeko asmotan, Arantza Mariskalekin elkartu gara. Bera Tabakalerako Ubik Sorkuntza Liburutegiko arduraduna da. Arte garaikidean espezializatuta dago liburutegi hau, eta, bertan, liburutegiko zerbitzuez gain, ikus-entzunezkoan, bideo-jokoetan, teknologian, soinuan eta pentsamendu garaikidean espezializatutako zerbitzuak eskaintzen dituzte. Leku hau sortzeko gune erraldoi bat da.
SORMENA, ETENGABEKO GARAPENEAN
“Sormena gauzak aurrera eramateko erabiltzen dugun ezaugarri bat da; intuizioa, irudimena eta dauzkagun baliabideak erabiltzen ditugu arazoei irtenbidea aurkitzeko, eta hori ere sormena da”, azaldu digu Mariskalek. Bere ustez, ez da arte-munduari lotutakoa bakarrik; hortik haratago doa.
Ikasketa-prozesuan lantzen dugu gaitasun hau: “Agian, eskolari gehiegi eskatzen diogu, beraiek ere mugak dituzte eta baliabide zehatzak. Nire ustez, hala ere, sorkuntzaren arloa ez dute behar bezainbeste garatzen, eta hori indartu egin beharko litzateke”. Horretarako, hezkuntzan beste planteamendu bat behar dela uste du.
Guztiok ez dugu irudimen bera, ezta sortzeko gaitasun bera ere. Horregatik, beste edozein ahalmen bezala, sormena ere elikatu egin behar da. “Denboran zehar ikasten joaten ez bagara, herdoildu egingo zaigu. Sormenari bultzada bat eman behar zaio”, azaldu digu. Haurrek sortzeko gaitasun handiagoa dutela iruditzen zaigu, baina ez da horrela: “Umeak garenean, ez dugu konplexurik, eta edozer egiteko gai gara. Helduagoak garenean, berriz, gehiago estutzen dugu geure burua”. Ubikeko arduradunaren iritziz, aukerak eskaini behar zaizkie guztiei. Bizitzako hainbat alorretan bezala, norberak zerbait egin nahi badu, borroka egin beharko du hori lortzeko. “Maratoia egin nahi duen batek entrenatu egin beharko du, eta sortzaile izan nahi duen batek, berriz, sortzen ikasi”.
UBIK SORKUNTZA-LIBURUTEGIA
Ubik Sorkuntza Liburutegiak martxoaren 18an zabaldu zituen ateak Donostiako Tabakaleraren barruan. Munduan oso liburutegi gutxik dituzte Ubiken ezaugarriak eta Euskal Herrian bakarra da. “Tabakalera sorkuntza garaikideari bideratutako zentroa da, eta sorkuntza liburutegiaren berezitasun nagusia baliabideak izatea da: edukiak, tresnak, langileak, bitartekariak eta abar ditu, sorkuntza-prozesuetan laguntzeko, hauek bultzatzeko eta ahalbidetzeko”.
Bazkide izatea doakoa da, eta, 2 urtetik 93 urtera bitarteko jendeak eman du izena. Gainera, bazkide izateko jakintza-mailak ez du axola. “Gauzak egiteko eta ondo pasatzeko gogoa duen edonor etor daiteke”, azaldu digu. Bertan, autoikasketa-prozesuak egiten dituzte. Alde batetik, edukiak dituzte: liburuak, filmak, aldizkariak… ideiak hartzeko. Bestetik, erremintak, gauzak egin ahal izateko: autoediziorako tresnak, grapagailuak, gillotinak, bideo-kamerak, ordenagailuak… Eta, azkenik, bitartekariak edo adituak, hainbat arlori buruzko ezagutza dutenak: teknologien inguruan, bideo-jokoei buruz, soinua, ikus-entzunezkoak… Hori guztia batuta egiten dituzte ikasketa-prozesuak.
Soinuaren Txokoan hainbat musika tresna jartzen dira bazkideen eskura, musika eta soinuarekin proba egiteko.
Norbanakoei zuzendutako horietaz gain, taldean egiteko lantegiak ere eskaintzen dituzte: “Guk eduki batzuk menperatzen ditugu: bideo-jokoak, teknologia, 3D diseinua, gorputz-adierazpena, ikus-entzunezkoa… eta horren ingurukoak antolatzen ditugu. Horietan, hainbat jakintza mailatako jendea elkartzen da, eta hori polita da”, azaldu du Mariskalek.
Eta zu, sortzailea zara? Ikastetxean nahikoa garatzen dugu gaitasun hori? Ubik ezagutzen zenuen? Sormena garatzeko ikastaroren batean parte hartu duzu?
Zer da sormena?
Norberak, pertsona bakoitzak daukan horrelako ezaugarri bat gauzak aurrera eramateko. Sorkuntza edo sormena ez da bakarrik arte-munduari lotuta dagoen zer edo zer, baizik eta egunerokotasunean sortzaileak gara, ezta? Maiz arazo edo egoera baten aurrean, hartu behar ditugun erabakiak edo egin beharreko pausoak, azken batean, sorkuntzatik ere oso hurbil daude, ezta? Halako kapazidadea badaukagu: hau nola konpondu? Bada modu honetan, ez? Arazo honi nola aurre egin? Modu honetan. Eta asko badago nolabait, ez dakit, intuiziotik, asko dago imajinaziotik eta asko dago ikasitako edo ditugun baliabideekin bideratutako irtenbide bezala, ezta?
Gaztetan sortzaileagoak gara helduak garenean baino?
Nik uste dut ba gure gizartea antolatua daukagun bezala, edo hezkuntza-sistema ere antolatua daukagun bezala, eta lehen esan dut ere: nik uste sorkuntza imajinaziotik eta ikasketa-prozesuetatik oso hurbil dagoenez, baldin eta gaitasun horiek denboran ez baditugu elikatzen, ba herdoildu egiten direla. Eta hori ere, nik uste, bultzatu beharreko zer edo zer dela, uste dut gero eta gehiago bultzatzen den zerbait dela, eta egia da haurrak garela askoz ere arinagoak gaude, konplexu gutxiagorekin, eta mundua jateko gaitasun hori edo ahalmen hori ikusten dugunez, agian sortzaileagoak bagara, eta denborarekin ere asko estutzen dugu gure burua, bai zer esango dioten, edo ni ez naiz gai, edo horrelako konplexuekin, ezta? Baina, berez, nik uste dut beti eta edonon bideratu daitekeen zer edo zer, aukerak eman behar dira.
Zer da Ubik?
Ubik Sorkuntza Liburutegia sorkuntza-zentro batean dagoen liburutegia da. Tabakalera bere horretan sorkuntza garaikideari bideratutako zentro bat da. Sortzaileentzako espazioak daude beraien edukiak eta sortu ahal izateko, baina era berean liburutegia marko horretan planteatu dugu. Horrela definitu dugu, eta berezitasun nagusia sorkuntza-liburutegi dela esateko da baliabideak badaudela: edukiak bai tresnak, bai langileak, bitartekariak eta abar, sorkuntza prozesuetan laguntzeko, bultzatzeko edo ahalbideratzeko.
