Hil ondoren lurperatu ala erre?

Hileten mundua hobeto ezagutzeko Orbegozo ehorztetxeko arduradunarekin hitz egin dugu,

Garai batean, pertsona bat hiltzen zenean, senideek eta alargunak beltzez jantzi behar izaten zuten. Horrekin dolua adierazten zuten, eta epea senidetze-mailaren araberakoa izaten zen. Asko beltzez jantzita ezkontzen ziren.

Etxean gorpua beilatu, hileta-elizkizuna ospatu, eta gorpua hilkutxan lurperatzen zuten, herriko edo hiriko hilerrian. Gaur egun, berriz, dena aldatzen ari da. Orain ez da luturik egiten, ospakizun zibilak egiten hasi gara, eta gero eta jende gutxiago lurperatzen dugu.

“Une honetan, errausketa dago modan”, azaldu digu Dabid Orbegozok (Hernani, 1973). Berak Orbegozo ehorztetxean egiten du lan, eta negozioa, 1942. urtean sortu zenetik, bere familiarena da. Donostialdean eskaintzen dute zerbitzua, eta hainbat ordezkaritza dituzte. Dabid hogei urterekin hasi zen lanean, eta urte hauetan izandako aldaketei eta esperientziei buruz hitz egin dugu berarekin.

ALDATZEN DOAN MODA
Orbegozo ehorztetxeak pertsona bat hiltzen denetik egin behar den guztia kudeatzen du: agiriak, beilatokia, hileta edo ospakizun zibila, eskelak, loreak, hilkutxak, oroigarriak, auto zerbitzuak… Hildakoak asegurua badauka, ordainagiria beraiek ordainduko dute, edo, bestela, familiak.

Familiak erabakitzen du zer egin hildakoaren gorpuarekin. “Orain dela urte batzuk arte, gehienek lurperatzea erabakitzen zuten, baina hori zeharo aldatu da”, kontatu digu Orbegozok. Errausketa edo erretzea modan dago, eta gehienek hori eskatzen dute. Ez dago profil jakinik: “Ez dira gazteak errausten eta helduak lurperatzen. Ez da hain sinplea. Azken batean, familiak du azken hitza”, azaldu digu. Hildakoaren nahia errespetatzen dute, baina ez beti.

ETORKIZUNARI BEGIRA
Hilerrietan panteoiak eta nitxoak erosten genituen lehen. Askotan, gorpuak atera behar izaten zituzten, berriak sartu ahal izateko. “Gaur egun, berriz,  ez ditu ia inork erosten. Gorpuak erre egiten dira, eta ez ditugu behar”, aitortu digu Orbegozok.

Etorkizuna ez dakigu nolakoa izango den, baina argi dago ez dugula hilerrian gure gorpua sartzeko lekurik erosiko. Gainera, gazteak gero eta sinesmen gutxiago dute, gero eta jende gutxiago sartzen da elizara: “plaza batean edo mendian elkartu, abestu, diapositiba batzuk ikusi… Horrelako ospakizun zibilak egiten dira, eta, agian, hori da etorkizuna. Gero, errautsak leku berezi batean botatzen dituzte”, azaldu digu. Helburua, jendea elkartzea eta doluminak ematea dela kontatu digu Dabidek, eta hori ez dela aldatuko.

ATZERRITARREN OHITURAK
Indian, adibidez, hildakoak Ganges ibaian erretzen dituzte: “Dena egiten dute han, gorpua egurrez inguratzen dute, eta, ondoren, su ematen diote. Zenbat eta aberatsago, orduan eta egur gehiago jartzen dute”.

Indian, adibidez, hildakoak Ganges ibaian erretzen dituzte

Txinan, berriz, errausketa aukeratu behar dute. “Bertan, jende asko bizi da, eta ez dago hilerriak eraikitzeko lekurik. Aberatsak bakarrik lurperatzen dituzte”, kontatu digu elkarrizketatuak. Hilerriak, beraz, kutxaz osatutako zutabez beteta daude. Bestalde, Euskal Herrian bizi diren txinatarrak euren lurraldera itzultzen omen dira, han hiltzera.

Ijitoek euren apaiza dute, artzaina deitua. berak zuzentzen du hileta, eta gorpua lurperatu egiten dute: “Beraien sinesmena hori da; ezin dute hildakoa erre. Gainera, jende asko biltzen da hileta hauetan. Nahiz eta eskelarik ez jarri, beraien artean komunikatzen direla argi dago”.

Duela gutxi, senegaldar baten hilotza bere herrialdera bidali zutela kontatu digu Dabidek: “Beraiek musulmanak dira, eta lur santuan lurperatzea da beraien nahia, Mekara begira”. Modu honetan, Ala berpizten denean, guztiak berari begira egongo dira, eta berarekin batera jaikiko dira. “Guk dokumentazio osoa egin genuen, besteetan baino paper gehiago izan ziren, eta enbaxadarekin nahiz kontsulatuarekin hitz egin genuen. Hegazkin berezi batean bidaltzen da gorpua, eta kontserbazio-lana astebetekoa izan da”. Beraz, normalean baino lan handiagoa ematen die horrelako prozesu batek, eta, ordaindu ahal izateko, diru-bilketa bat egin behar izan zuten, oso garestia zelako. “Errumaniarrek, berriz, errausketaren eta lurperatzearen artean aukera dezakete, baina beraien herrialdera eramateko onena erraustea eta kutxa batean eramatea da, zalantzarik gabe”.

Eta zuk? Hil ondoren, erre edo lurperatua izatea, zer nahi duzu? Zergatik? Munduko beste herrialdeetako ohiturak ezagutzen dituzu? Zeintzuk?
 


Transcription:[+] Transcription:[-]

Lurperatzea edo erretzea, Zer eskatzen dute gehien?
Gaur egun, errausketa dago osea, modan, modan bezala edo jende gehienak, familia gehienak eskatzen dute errausketa egitea. Zergatikan? Ba pixka bat gizartea aldatu egin delako, eta ba jende gazteak gehiago eskatzen du errausketa, baina ez bakarrik osea  jende gazteak, baizik eta edadeko (adineko) jendeak ere moda hori jarraitzen du, eta errausketa gehiago eskatzen da.

Nork aukeratzen du erretzea? Eta lurperatzea?
Ez ez dago osea, perfil bat, baizik eta, azkenean osea,  familiak eskatzen du zer egin behar den osea, gorputz horrekin eta konturatu gara, ba nahiz eta hogei urteko pertsona bat erraustu egiten da (den), edo enterratu (lurperatu) egiten da (den), edo laurogeita hamarreko pertsona bat erraustu egitea (erraustea) eska dezakete, osea, familiak eskatzen du, azkenean, baina joera errausketa da, areagotuz dijoa.

Etorkizuna zein izango dela uste duzu?
Nire ustez, pixka bat hiletarena eta erlijioaren asuntoa pixka bat beheraka dijoa zergatikan jende gazteak ez du hainbeste sinesten, eta joera pixka bat ematen da. Orain askoz ere gehiago ematen da ba akto zibilak egitea edo elkartzea beste era batean, ba ez dakit, mendian elkartzea edo herriko plaza batean elkartzea lagunen artean, zergatik, azken finean, hileta bat jendearekin elkartzea da, osea que (hau da), izan daiteke hileta bat edo izan daiteke herriko plazan elkartzea, baina joera, nire ustez, pixkanaka hori da.

Beste herrialdeetan, zein ohitura dituzte?
Beste herrialdeetan, adibidez, Europan zehar, Espainian bezala, nahiz enterratu (lurperatu) nahiz erraustu, beste kulturetan, Indian adibidez, ibaian egiten dute guztia, bere bizitza guztia ibaian zehar dijua (doa) osea, eta hiltzen denean pertsona bat, bertan erraustu egiten dute. Txinatarrak, derrigorrez, erraustu egiten dute, eta zergatik errausten dute? Ba errausten dute osea (hau da) gorputza, zergatik leku gutxi daukate, oso lurra (lur) gutxi osea,  gelditzen da Txinan, eta derrigorrez errausketa egiten da. Orduan zeintzuk (zein) enterratzen (lurperatzen) dute txinatarrak (txinatarrek)? Ba jeneralki (oro har) jende boteretsua edo diru asko osea daukanak (daukana) eta leku hori erosteko dirua osea daukanak, bestela derrigorrez erraustu.

Zer da garestiagoa erretzea edo lurperatzea?
Jendeak dauka pentsamendu bat enterratzen (lurperatzen) denean kaxarekin enterratzen dela, eta errausten denean, erraustu egiten dela kaxarik gabe, osea, guk eramaten dugula gorputza eta azkeneko momentuan gorputza kendu egiten dugula eta kaxa hori birziklatu egiten dela. Eta ez da hori kasua, baizik eta, nahiz eta enterratu (lurperatu), eta nahiz eta erraustu, beti kaxa eta guzti lurperatu edo kaxa eta guzti erraustu egiten da, osea, Osasun Sailak jada jarri du arautegi bat, eta arautegi horretan, esaten du hildako bakoitzak bere kutxan joan behar duela, gero destinoa (helmuga) aldatu egiten da: batzuetan, enterratu (lurperatu) egiten da, eta beste batzuetan, erraustu egiten da, baina kaxa eta guzti egiten da. Asi que, azken finean, guretzako zerbitzua berdintsua izaten da, berdintsua zergatik eskelak egiten ditugu, koroiak egiten ditugu, osea, loreak egiten dira, zerbitzua berdintsua izaten da baina azken finean, destinoa (helmuga) aldatu egiten da.
 

Intéressant pour vous



B1
04-11-2016
16244168
00:04:39
4326