Aldizkari Digitala
Emakume bati eskainitako lehen erakusketa Madrileko Prado museoan
Pradok 5.000 artista baino gehiagoren lanak ditu. Horietatik 41 baino ez dira emakumezkoak, eta normalean erakusten dituen horien lanak ez dira dozena-erdira iristen.
Clara Peetersen ustezko autorretratua |
Gezurra badirudi ere, goiko izenburu hori ez da duela 100 edo 200 urtekoa, aste honetakoa baizik. Eta harrigarria egiten zaigu munduko museorik garrantzitsuenetako bati buruz ari garelako, baina kontua ez litzateke asko aldatuko besteren bat aukeratuko bagenu.
Pradok 5.000 artista baino gehiagoren lanak ditu. Horietatik 41 baino ez dira emakumezkoak, eta normalean erakusten dituen horien lanak ez dira dozena-erdira iristen.
Greziako mitologian musak inspirazioa ematen zuten jainkosak ziren, musika, poesia, zientzia edo arterako. Eta horrela irudikatzen ziren pintura eta eskulturetan, bakoitza bere artearekin lotuta, Museion izeneko lekuan. Hortik dator museo izena.
Eta, gauza bitxia, ez da inoiz “muso”rik egon. Beraz, hasieratik egon dira inspirazioarekin lotuta, baina oso gutxitan izan dira obren egile; gehienetan, musa edo eredu izatearekin konformatu behar izan dute.
Prado museoak, esaterako, ia 8.000 pintura ditu katalogatuta. Hor sartzen dira bai erakusten dituenak, bai biltegietan gordeta daudenak, eta baita beste museo batzuei mailegu moduan utzitakoak ere. Ba horietatik guztietatik, 3 emakumezkoren 4 obra baino ez daude ikusgai. Museoak gehiago ditu, 30 bat egilerenak, baina gordeta daude.
Bere garaian arrakasta izan zuten emakumeenak dira, baina, hil ondoren, haien obraren egiletza gizonezkoei eman zitzaien, izan ere, egilea emakumezkoa zela esaten bazen, asko jaisten baitzen obraren balio sinboliko eta ekonomikoa.
Beste askotan, senarraren edo aitaren izenaren atzean ezkutatzen ziren, eta horiek sinatzen zituzten emakumezkoek margotutako obrak. Dena den, bestelakoak ere badira, haien artista izateko eskubidea aldarrikatu eta gizonezkoen mundu horretan arrakasta lortu zutenak, baina, seguru asko, gehienek edo porrot egin edo ahaztuta bukatuko zuten.
Eta zergatik ez dira agertzen arte-liburuetan? Zergatik ez daude museoetan? Bada, seguru asko, historia gizonen esku egon delako. Haiek izan direlako historiagile, kritikari eta museoetako zuzendari. Gauzak 1970etik aurrera hasi ziren pixka bat aldatzen. Historiografia feministago bat hasi zen egiten, eta, horrekin batera, pausoak ematen emakume sortzaileei buruzko dokumentazioa eta datuak bilatzeko.
Horregatik dauka garrantzi berezia Clara Peetersi eskainitako erakusketa honek, Prado museoan 200 urtean emakume bati osorik eskaintzen zaion lehenengoa delako.
