detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Juanjo Elordi: "Nire ustez, helduentzat animaziozko film onak egin daitezke, beste aukera batzuk ematen dizkigulako formatu honek"

Juanjo Elordi ETBko haurren eta nerabeen hainbat programatako errealizadorea eta zuzendaria izan da. 2006. urtean, Somuga animazioko ekoizpen-etxea sortu zuen.

Juanjo Elordi (Markina, 1970) ETBko haurren eta nerabeen hainbat programatako errealizadorea eta zuzendaria izan da, baina, geroztik, animaziozko filmak egitera bideratu du bere lan-ibilbidea, eta, gaur egun, horretan dihardu. Animaziozko sei film luze zuzendu ditu: Olentzero (2002), Unibertsolariak (2004), Olentzero eta Subilaren Lapurreta (2005), Munduaren bira doan! (2009), Gartxot (2011) eta Yoko eta lagunak (2015). 2006. urtean, Somuga animazioko ekoizpen-etxea sortu zuen Andoainen, eta bertara hurbildu gara animaziozko produkzioen inguruan Elordirekin hitz egitera. 

1.    Euskal Telebistan haurrentzat eta nerabeentzat ziren programetan lan egin zenuen. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Hamar urtez Baleuko ekoizpen-etxean egin nuen lan. Oso garai intentsua izan zen. Gero, Jaiak programan kamera bezala hasi nintzen, eta errealizazio-buru izatera iritsi nintzen. Jarraian, haurren eta nerabeen programazioan hasi nintzen, eta horixe izan zen lehenengo harremana marrazki bizidunekin. Hainbat gauza egin genituen, “ikasi” eta “eman” egin genuen. Izan ere, garai hartan, ez zegoen erreferenterik; zaila zen informazioa eskuratzea, eta, beraz, asmatu egin behar izan genuen.

2.    2002. urtean animaziozko zure lehenengo filma zuzendu zenuen: “Olentzero, Gabonetako ipuina” eta Goya sarietarako proposatu zuten.
Istripu bat izan zen. Ni animazioaren alorrean hasiberria nintzen, eta zuzendari izateak errespetua ematen zidan. Nahiko kaotikoa izan zen, erabakiak azkar hartu genituen, esperientzia gutxi geneukan, ez genion nahiko denbora eskaini produktuari…

3.    Gero beste batzuk egin dituzu. Nolakoa da animaziozko film bat sortzeko prozesua?
Istorioak kontatzeko beste formatu bat da. Urtebete edo bi irauten du idazkera prozesuak, eta, gero, marrazkigintzan zer egin nahi dugun erabakitzen dugunean, irudiak garatzen hasten gara. Beraz, gidoiarekin eta irudiarekin ikerkuntza fase bat egiten dugu. Orduan, ate joka hasi behar dugu, irudi edo diseinu horrekin lagunduko diguten produktoreak aurkitzeko. Azken helburua, proiektua telebistara edo zinemara iristea da.

4.    Prozesu osoa hemen egiten duzue, edo kanpoan egiten duzue zatiren bat?
Prozesu osoa hemen egiteko gai gara. Somugako lantaldea zabala da: gidoigilea, diseinatzailea, zuzendaria, teknikaria, arte-zuzendaria, animatzailea… Proiektuak hasi eta amaitu ditzakegu, baina, askotan, ahal dugun urrunen iristeko, beste batzuekin zatitzen dugu proiektua, elkarlanean egiten dugu, indar handiagoa lortzeko.

5.    Nola aukeratzen duzue lan bat? Zein irizpide jarraitzen duzue?
Bi irizpide jarraitzen ditugu. Lehenengoa, maitasuna da. Hau da, zerbait asko gustatzen bazaigu, horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen digu. Eta bigarrena, berriz, merkatuan leku bat beteko duela pentsatzea. Arrakasta izango duela iruditzen bazaigu, aurrera jarraituko dugu, baina intuizioa da, intuizio hutsa. Gainera, egitasmo bakoitzarekin bost urte pasatzen ditugu, gutxi gorabehera, eta, horretarako, aipatutako bi irizpideak oso garrantzitsuak dira.

6.    Animaziozko filmak haurrentzat edo helduentzat dira?
Haurrei asko gustatzen zaizkie, baina helduek ez dutelako animaziozko filmak ikustera joateko ohiturarik. Gainera, helduentzat ez dago aukera handirik, Hori ere egia da, baina Japonian, adibidez, helduek marrazki bizidunak eta komikiak atsegin dituzte. Hala ere, niri gustatzen zaizkit, eta, nire ustez, helduentzat animaziozko film onak egin daitezke, beste aukera batzuk ematen dizkigulako formatu honek. Adibidez, Munduaren Bira Doan! eta Gartxot helduentzat izan daitezke.

7.    Animaziozko filmak haurrentzat bakarrik direla uste dute askok. Zergatik?
Ziurrenik, hori esaten duenak ez du helduentzat egindako animaziozko filmik ikusi. Nik uste dut ezjakintasuna dela, eta, ikusteko aukera badute, harrituta geratuko direla. Hori gertatzen da horrelako filmak ikusteko ez dagoelako ia aukerarik.

8.    Zein paper jokatzen du hizkuntzak zure lanean?
Guretzat gai konplexua da. Hemengo erakundeetara bidaltzeko ere, proiektua euskaraz eta gaztelaniaz egin behar da. Animaziozko film bat ekoiztea oso garestia da, eta horregatik joan behar dugu atzerrira, bertan saltzera. Ez da posible Euskal Herriko zineman edo telebistan ikusten den animaziozko film bat finantzatzea, gure kasuan behintzat. Beraz, kanpora joateko, beste hizkuntza batzuetan egin behar dugu edo itzuli egiten dugu. Aukera bat da ekoizpena euskaraz egitea eta, gero, guztia itzultzea, baina askotan, lehen esan bezala, proiektuak erdibana egiten ditugu, eta, beraz, euskaratik abiatuta ere, berehala beste hizkuntza batzuk sartzen dira. Hala ere, euskararekin ahal den urrunen joaten saiatzen gara.

9.    Nolako garaia bizi du animazioak Euskal Herrian?
Lehen, eskuz marrazten zen garaian, atzerrirako lan batzuk egin ziren, ehun laguneko estudioak zeuden… Baina orain asko aldatu da. Euskal Herrian langile gehien dituen estudioa hau da, Somuga. Estudioek ezin dituzte proiektuak aurrera eraman, eta freelance-en mundua bihurtu da. Ez dira oso garai onak. Lanbide hau jende askok utzi du, eta ezagutza asko galdu da. Gutxienez, eskola batzuek jendea formatzen jarraitzen dute… Europako hainbat herrialdetan, industria honek funtzionatzen du instituzioek euren gain hartu dutelako.

10.    Zein proiektu dituzue eskuartean?
Yoko eta lagunak proiektuaren atalkako bat sortzen ari gara, 12 minutuko 52 atal, hain zuzen ere. Gainera, Gabonetan estreinatuko dugun filmean ere lanean ari gara. Bestalde, gure lanekin, luzera begira, zerbait egin nahi dugu, marka bat sortu, alegia.
 


Transcription:[+] Transcription:[-]

Zer irizpideri jarraituta aukeratzen duzue lan bat?
Ba bi. Bat e, bat e, maitasuna. Hau da, zerbait asko gustatzen bazaizu, ba berez, horrelako indarra ematen dizu, eta ba esaten duzu, beno, hurrengo bost urterako (urteak) hau aurrera bultzatzen pasatuko ditut edo hamar urteak edo berdin zait zenbat urte, baina hau atera egin behar dugu, eta hori izaten da irizpide bat. Eta bigarrena da ba merkatuan e, ba, leku bat betetzen duelako, eta arrakasta izan ahal duelako, ba hori, horren ustea edo intuizio hori badaukazu… Eta intuizioa dela nabarmendu nahiko nuke zeren intuizioa da (kar, kar, kar).

Animaziozko filmak haurrentzat edo helduentzat dira?
Bueno gehiena haurrei gustatzen zaizkie. Hori nabarmena da, ezta? Eta batez ere, heldu askok ez dutelako hautu hori egiten, ba telebistan edo zinemara doazenean, ezta? Eta egia esan, hautu hori egiteko, egon ere, egon behar izan da eta ez dago aukera handirik ikusteko. Orain gero eta gehiago, ezta? Ba baditugulako kate digital gehiago, eta batez ere, biblioteka digital horiek, eta orain sortzen ari direnak eta aukerak. Eta orain aukera gehiago ikusiko da, ea benetan zenbat jende hurbiltzen den ere ba helduentzako marrazki bizidunak ikustera, baina beno hau ez da Japonia, Japonian bai, ez? Hor galdera hori egingo bazenuke (bazenu) ba esango lizukete berdin dela, han berdin-berdin irakurtzen dute nagusiek, baina komikitik hasita, ezta? Orduan, eta orduan, ba badauka era natural batean, azkenean marrazki bizidunetarako joera ere bai, baina bueno, ez dakit, niri gustatzen zaizkit, eta niri bezala beste askori ere. Eta orduan ba nik berdin-berdin ikusten dut, e, marrazki bizidunekin pelikula ederra egin ahal da nagusientzako, eta batzuetan egokia da, gainera. Hizkuntza egoki bat ematen dizu eta interpretazio aldetik ere gauza… terreno (eremu) batzuetan, ba igual (agian) nahiago duzu marrazki bizidunetan jorratzea gai bat, eta beno, orduan, beste aukera bat da.

Haurrentzat bakarrik direla pentsatzen dute askok. Zergatik?
Beno, nik uste dut, seguruenik ez dutela horrela ikusi helduentzako pelikularik, ezta? Nik uste dut, harrituta geratuko liratekeela zelako pelikulak dauden helduentzako, eta hori, ba, besterik gabe nik uste dut ezjakintasun kontu bat dela, ba ez dagoelako, egia esan, aukerarik eta ez dutelako eduki esperientzia hori, ezta?

Zer paper jokatzen du hizkuntzak zure lanean?
Etengabeko itzulpengintza bat dago gure prozesuetan eta igual gidoi bat, e, pelikula bat bukatzen den arte igual hamar bider itzultzen da, e, bertsio desberdinetan eta bat eta beste, eta berdin dosierrak edo berdin azalpenak, web orriak sortzen ditugunak proiektuentzako. Orduan gu etengabe egoten gara. Orduan, itzultzaileak oso pozik dagoz (daude) gurekin, o sea (hau da) lana ematen diegu, baina ikaragarri… Bai eta orduan, ondo eta beno eskerrak, zortez guk ere euskara eta ingelesa, e, euskara eta ingeleserako itzulpenak egiten ditugu askotan, sarritan. Gu ez gara pasatzen gazteleratik gauza batzuetan, baina ahal dugun eta urrutien joaten gara horrekin, eh, gure hizkuntzarekin ahal denik eta urrutien.
 

detalle2

Docuthèque

B1
30-09-2016

x61pRelaContWAR

  • Malutafilms
16243598
00:04:25

x61pViewCountWAR

6872

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR