detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Imanol Agirretxe: Gaur egun futbola kirol bat baino gehiago da

Imanol Agirretxe Arruti (Usurbil, 1987) Realeko futbolariak denboraldi-hasiera bikaina egin du, baina, lesio baten ondorioz, orain errekuperazio-lanetan ari da.

Futbolari gipuzkoarrak 2005. urtean egin zuen debuta, Donostiako Realeko lehenengo taldearekin. Hurrengo urteetan, Sanse eta Castellon taldeetan jokatu zuen, eta, 2008-2009 denboralditik aurrera, Realaren lehenengo taldeko jokalaria da. Aurtengo denboraldi-hasiera bikaina egin du, baina horrela jarraitzea oztopatu dio orkatilako lesio batek. Orain, errekuperazio-lanetan dabil.

Realak Zubietan entrenatzen du, eta bertan elkartu gara usurbildarrarekin, entrenamendu bat amaitu ondoren.

Noiz hasi zinen futbolean jokatzen?
Ikastolako atsedenaldietan, kalean ibiltzen ginenean… Txikitan futbolean jokatzen genuen, baita beste hainbat kiroletan ere.

Txikitatik futbolari profesionala izan nahi zenuen?
Txikitan ez nuen horretan pentsatzen. Egun osoa kalean pasatzen genuen, futbolean, pilotan, eskubaloian… jokatzen. Taldean jokatzen hasten garenean, eskolaz kanpo entrenamenduak egiten, orduan konturatzen gara zer gustatzen zaigun, gozatzen dugun ala ez. Adina aurrera joan ahala, 12-15 adin-tarte horretan, futbola serioago hartzen hasten gara, eta futbolagatik beste gauza batzuk baztertzen ditugu. Orduan, gure kirol-ibilbidea bideratzen hasten gara, gozatzen, baina inoiz ez dakigu nora iritsiko garen.

 

Zein da orain arte bizi izan duzun momenturik kuttunena? Eta gogorrena?
Momentu on asko bizi izan ditut: Realean debuta egin nuenean, lehenengo taldera igo nintzenean, bigarren mailatik lehenengora igo ginen urte hori, egindako ospakizun guztiak…

Txarrak? Horiek normalean kontu pertsonalekin lotuta daude: lesio bat, gurekin lan egiten zuen bat hil egin da aurten… Bizitzan, normalean, gertatzen diren gauzak. Nire ustez, kirolak ez du bizitza markatuta uzteko moduko momentu txarrik ematen. Askotan, garrantzi handiegia ematen diegu gauza askori, eta balioa kendu behar zaiela uste dut.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna? Realean?
Oraindik kontratua daukat, eta gustura nago. Nire kirol-ibilbidean aurrera noa, eta jada ez zaizkit hainbeste urte geratzen… Etorkizun hurbil batean hemen ikusten dut neure burua. Oso pozik nago, eta, gainera, pribilegiatua sentitzen naiz.

Zure futbolari ibilbidea amaitzean, zer egingo duzu?
Ez dakit nola ikusten dudan neure burua… Hemen, Zubietan, hiru urtean entrenatzaile titulua lortu dut, eta horrekin edozein talderen entrenatzaile izan naiteke. Baina, jokalari ibilbidea amaitzen dudanean, ez dakit honetan jarraitzeko indarra izango dudan… Agian ez dut futbolarekin lotuta jarraitu nahi izango eta beste zerbaitetan hasiko naiz. Edo, agian, indarra izango dut, eta horretan jarraitu nahiko dut. Ez dut pentsatu, baina badut aukera.

Taldea gaizki doanean, entrenatzailearen errua dela esaten da; horrela dela uste duzu?
Entrenatzailea da jendearen aurrean aurpegia ematen duen lehenengoa. Denon errua da, zalantzarik gabe, eta askotan jokalariena entrenatzailearena baino gehiago. Klub bateko presidentearentzat edo pentsatzen duenarentzat, ordea, errazagoa da entrenatzaile bat aldatzea 25 jokalari aldatzea baino. Askotan, aldaketa horrek jokalariak aktibatzen ditu. Psikologikoki aldaketa bat ematen da, eta nik uste dut horregatik hartzen dela erabaki hori.

Entrenatzaileak ordaintzen badu ere, jokalariok badakigu askotan gu garela errudunak.

Futbolarien inguruan txutxu-mutxu asko izaten dira; zer iruditzen zaizu?
Nik futbola kirol bezala maite dut, eta bizimodu normal bat eramatea gustatzen zait: Usurbilen lasai bizi naiz, nire lagunekin, nire kontuekin…  Jendeak guri buruz jakin nahi du, eta ulertzen dut. Famatuen morbo hori beti egongo da hor, eta, gainera, saldu egiten du. Edozein telebista-kate jartzen baduzu, futbolarien zelaitik kanpoko istorioak kontatzen dituzte, eta jendeak ikusi egiten ditu. Zentzu horretan, gaur egun, futbola kiroletik harago doa. Gauza hauek asko saltzen dute. Niri pertsonalki ez zait gustatzen, eta horrelako kontuetan ni ez agertzea espero dut.

Futbolaria ez bazina, zer izatea gustatuko litzaizuke?
Ez dakit, baina kirolaria izango nintzateke, ziur: eskubaloian edo pilotan jokatuko nuke, adibidez.

Zer harreman duzu euskararekin?
Euskara nire parte bat da. Euskararekin jaio nintzen eta euskararekin bizi naiz. Nirea sentitzen dut, jaio nintzenean eman zidaten eta horrekin bizi naiz. Nire bizitza ez dut euskararik gabe irudikatzen.
 


Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Noiz eta nola hasi zinen futbolean?
Futbolean nik uste dut txikitatik hasi garela, bai ikastolatik, eta bai bueno, ez dakit, errekreoetatik, bai kalean ibiltzen ginenetik, beti futbolean ibiltzen ginen beste kirol batzuekin batera, eta, bueno, ez dakit. Kale-kume bezala, nik uste dut betidanik ibili garela jolasten kirol desberdinetan.

Eta bueno, egia da gero, edadea aurrera dihoan (doan) bezala, bai 12, 13, 14, 15 urte, ia ari zarenean serioago hartzen futbola eta futbolagatik hasten zarenean beste gauza batzuk baztertzen, ba hor hasten zara pixka bat bideratzen zure kirol-ibilbidea, nahiz eta ez dakizun nora ailegatuko zaren eta noraino ez zaren ailegatuko, baina bai gehiago disfrutatzen futbolarekin. 

2.    Zein momentu on eta txar eman dizkizu futbolak?
Momentu onak asko, ez? Bueno ia Realean hasi nintzenean, debuteko eguna;  pixka bat aurreneko taldera igotzen zarenean; aurreneko mailara igo ginen urte hori oso polita izan zen, bizi genituen ospakizun guztiak, ez dakit, horiek denak oso gertutik bizi nituen, bertan nengoen, eta orain ere bai oso gertu gogoratzen ditut, ez? Orduan bueno, ez dakit, momentu horiek izan dira nik uste onenak.
Txarrenak? Ez dugu bizi horrela momentu oso-oso txarrik esaten dena. Gehiago izan dira momentu pertsonalak izaten dira gehiago ez? Lesioren bat daukazuna, aurten ere zoritxarrez, ba bueno,hemen gurekin lan egiten zuen bat ere hil zitzaigun eta bueno, horrelako gauzak, baina bizitzan normalean gertatzen diren gauzak. Nik uste dut kirolak ez duela ematen horrela momentu txarrik esateko bizitzan markatuta geratzen direnak ezta? Nik uste dut askotan garrantzi gehiegi ematen diogula ere bai gauza askori, eta nik uste dut horri ere balorea kendu behar zaiola.

3.    Taldea gaizki doanean, zergatik botatzen zaio errua entrenatzaileari?
Nik uste dut entrenatzailea dela pixka bat, ez dakit, gero jendearen aurrean aurreneko aurpegia hori jartzen duena, ez? Eta bueno, dudarik gabe, konsziente gara gauzak gaizki dijoazenean (doazenean), denon errua dela, askotan entrenatzaileak baino gehiago ere bai izaten da jokalarien errua, baina, bueno, normala den bezala, klub baten presidenteak edo pentsatzen dutenak pixka bat, beti errazagoa da pentsatzea ba bueno, entrenatzaile bat aldatzea errazagoa dela 25 jokalari aldatzea baino. Orduan hor askotan faktore psikologikoak asko jokatzen dute eta askotan, entrenatzaile berri batekin, nahiz eta entrenamendu berdinak egin, aldatzeak bakarrik askotan jokalariak pixka bat aktibatzen ditu, psikologikoki ere desberdintzen da… Nik uste dut horregatik bilatzen dela askotan aldaketa hori. Orduan bueno, nik uste dut entrenatzaileak ordaintzen dituela hor plater apurtu guztiak esaten den bezala, baina, bueno, dudarik gabe,  jokalariak gara askotan, nik esango nuke, entrenatzaileak baino gehiago egoera horren errudunak. Nik uste guk hori asumituta daukagula, nahiz eta gero askotan entrenatzailea atera okerren.

4.    Askotan jokalarien txutxu-mutxuek garrantzi handiagoa dute futbolak baino…
Bueno, nik uste dut baietz. Azkenean niri pertsonalki gustatzen zait, futbola kirol bezala maite dut, eta gero, futboletik kanpo, gustatzen zait bizimodu normal bat eramatea, ez? Usurbilen bizi naiz, lasai, nire lagunekin, nire kontu guztiekin… Azkenean, bueno, entenditzen dut jendeak gutaz jakin nahi duela, gure notiziak jakin nahi dituela… Famosoen morbo hori beti egongo da, eta, gainera, saldu egiten du. Gainera, edozein telebista-kate jartzen baduzu eta jartzen baduzu futbolarien zelaitik kanpoko istorio guztiak jendeak ikusi egiten du, eta, gainera, saldu egiten du horrek. Orduan, zentzu horretan, ba bueno, futbola gaur egun kirola baino haratago dihoa (doa), gauza hauek denak asko saltzen dira baina bueno, niri pertsonalki gustatzen ez zaidan gauza bat da eta espero du horrelako gauzetan sekula ez ateratzea.

detalle2

Docuthèque

B1
03-06-2016

x61pRelaContWAR

  • Malutafilms
16242268
00:04:50

x61pViewCountWAR

8593

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR