Arturo Campion, euskaldun berri jakintsua

Badakigu Arturo Campion 1854ko maiatzaren 7an jaio zela, Bilbon kale bat duela… , baina zaila da hitz bakarrarekin gizon hau definitzea.

Historiagilea, idazlea, linguista, politikaria, musika-kritikaria, euskara-ikaslea, euskaltzaina… Gehiago jakin nahi euskaldun berri honi buruz?


Arturo Campion Iruñean jaio zen. Gazte hasi zen idazten. Izan ere, batxilerra egiten ari zenean antzerkiari eta musikari buruzko artikuluak idazten zituen La Montaña aldizkari errepublikanoan. Oñatin hasi zen zuzenbidea ikasten, eta Madrilen bukatu zuen karrera. Madrilen zela, Campionek Nafarroan elkarte bat sortzea proposatu zuen, euskara suspertzeko. 1876an gaude, nafar foruen alde lehen liburua argitaratu zuen urtean, alegia. 1877an sortu zen aipatutako elkartea. Elkarte hau izan zen Zazpiak Bat leloa aipatu zuen aurrena. Euskara erdaldunen artean goxatzen saiatu ziren. Eta maiz eskatu zituzten legeak, euskarak bere tokia izateko eskolan, elizkizunetan, unibertsitatean, medikuntzan, literaturan…

 

Campion lizentziatu ondoren hasi zen euskara ikasten. Handik 5 urtera Orreaga balada argitaratu zuen gipuzkeraz, erdarazko itzulpen, hainbat euskalki eta Nafarroako hainbat herri-hizkerez lagundurik. Hau da, kolaboratzaile-mordo bati esker, Orreagako guduaren 22 euskal aldaera jarri zituen irakurleen eskura.


800 orrialdeko gramatika
Euskara ikasi bakarrik ez, idatzi ere egin zuen pare bat liburu euskaraz. Eta, nahiz eta erdaraz argitaratu zuen ikerketa-liburua, ikergai ere izan zuen euskara (euskalkien fonetika, gramatika…). Gramatikak 800 orrialde zituen. Gramatikaren bidez, frogatu zuen euskara ikas zitekeela. Euskara galtzea anima galtzea zela zioen.

1885ean Victor Hugo liburua plazaratu zuen idazle frantziarraren obrari buruzkoa. Asko estimatzen zuen Victor Hugo Campionek, nahiz hura ateoa izan eta Campion katoliko erabatekoa. Handik gutxira Euskariana bezala ezagutzen den obra erraldoia (6 liburukote) idazten hasi zen. 1898an Unamuno liluratu zuen “Blancos y Negros” nobela historikoarekin. Besteak beste, euskal hiztunen eskubideak aldarrikatzen zituen nobela horretan.

 

Gartxot bardoa, Benito Lertxundi, Asisko Urmeneta…
1910ean beste batzuekin Nafarroako bandera diseinatu zuen. Handik gutxira “El bardo de Itzalzu” argitaratu zuen, Gartxot izeneko pertsonaian oinarrituta.

 

Gartxot eta Mikelot semea, filmaren irudi batean.

 1918an senatari izendatu zuten, Bizkaiaren ordezkari Madrilen, eta Eusko Ikaskuntzaren Ohorezko Presidente. Eta 1919an Euskaltzaindiko euskaltzain. Euskara batua sortzeko oinarria bizirik zeuden euskalkiak zirela uste zuen. Eztabaida handiak izan zituen Sabino Aranarekin euskararen inguruan, nahiz eta azkenean EAJn sartu zen. Campionek Euskal Erri hitza nahiago zuen Euzkadi neologismoa baino.

 

1925. urte inguruan bista galtzen hasi zen, eta hil baino lehen omenaldi asko egin zizkioten, tartean Argentinako euskaldunek edo Euskal Herriko Txistularien elkarteak, baita Eusko Ikaskuntzak ere.


1936an badirudi frankisten aldeko gutun bat idatzi zuela, baina ordurako nahiko gaixo zegoen. 1937an alargun utzi zuen Emilia emaztea. Ez zuten seme-alabarik izan.

1950ean Bilboko Udalak “Arturo Campion” izena jarri zion kale bati. Donostian ere badago kale hori. Eta Iruñeko euskaltegi batek bere izena du.

 

2011an Kanpionen Gartxot pertsonaian oinarritutako marrazki bizidunen filma estreinatu zuen Asisko Urmenetak.  Filmean Gartxot Itzaltzuko bardoari buruz Benito Lertxundik egindako kanta entzun daiteke. 2013an Itzaltzun Gartxot eguna hasi ziren ospatzen. Egun horretan euskaren aldeko ekitaldiak egiten dituzte urtero.  Harro egongo litzateke Campion jauna!   

 

Ohiko egiturak eta kokapenak

Testu-antolatzaileak
 


B1
10-05-2016
16241777
3850