Isaac Asimov, zientzia-dibulgatzailerik handiena

Isaac Asimov zientzialaria eta idazlea izan zen, baina, batez ere, zientzia-dibulgatzailea. 500 liburutik gora idatzi zituen.

Isaac Asimov 1920an jaio zen, Errusian, baina 1923an Errusiar Batasuna sortu berria utzi eta, hiru urteko mutikoa zela, AEBetara heldu zen gurasoekin. Amak mutila 1919koa zela esan zuen semearen eskolan. Horrela, urtebete lehenago hasi zen ikasten. Eskolan hasi aurretik bazekien ingelesez irakurtzen. Zer irakurtzen zuen? Gurasoen gozoki-dendan saltzen ziren zientzia fikziozko istorioak.

15 urterekin, batxilerrean oso nota onak aterata, unibertsitatean sartu eta 19rekin graduatu zen Kimikan. 1936an familia osoa (bi neba-arreba zituen Isaacek) etxez aldatu zen, AEBetara etorri zenetik seigarren etxea Asimoventzat.  Orduantxe hasita zegoen zientzia fikzioa idazten.


Urte batzuetara Filosofian doktore egin zen, gurasoek semea mediku izatea nahi zuten arren. Mediku gisara ez, baina malariaren kontrako ikerketetan parte hartu zuen. Biokimikari ere izan zen Bigarren Mundu Gerran, militarrentzat lanean. Bere jakinduriagatik onartu zuten militarrek Asimov, soinketan bere konpainiako txarrena baitzen. Ez zekien ez igerian ez bizikletan ibiltzen. Militarrek hainbat arma sortzeko ere behar zuten, begirale modura, baina berak ez zuen horrelako begirale bat izan nahi. Gainera, militar batzuk ez ziren fidatzen Asimoven errusiar jatorriaz. Ezkondu eta gero utzi zuen armada, handik urte batzuetara.

Lehen emaztea
Emaztea modu bitxian ezagutu zuen. Asimovi hitz-jokoak gustatzen zitzaizkion. 1942an telefonoetako teklek alde batetik zenbakiak zituzten, eta hizkiak ere bai tekla berean. Horrelako telefono batekin Asimovek DEAREST (maitatuena) tekleatu zuen, eta telefono-bestaldetik erantzun zion neskarekin hitzordua jarri zuen Maiteminduen Egunean. Hauxe izan zen bere bi seme-alaben ama. Bigarren Mundu Gerra amaituta jaio ziren bi umeak, mutila eta neska.

Asimovek asko idatzi zuen jaiotze-tasaz eta munduko populazio-ahalmenaz. Asko atsegin zuen idaztea, ia gai guztiez. Behin galdetu zioten: “esaten badizute hiru hilabete barru hilko zarela zer egingo duzu?” “Azkarrago idatzi”, esan omen zuen. Beraz, idazteko ondo zetorkion klaustrofilia izatea: toki itxiak eta txikiak atsegin zituela, alegia. Beti bonbilla baten argitan idazten omen zuen, sekula ez argi naturalarekin.

Besteak beste, abestea atsegin zuen; Biblia ere bai, eta liburu hori interpretatzeko gida idatzi zuen, nahiz eta ateoa izan; roboten zalea zen... Robotak gizakiaren zerbitzura ikusten zituen; ez zuen nahi gizakiak gizakia bera suntsitzeko gauza diren robotak sortzea.

1948an Kimikan doktore egin zen. 1964an, New York Times-en, mundua 2014an nola izan zitekeen idatzi zuen. Adituek diote iragarpenen  % 40 gertatzetik urrun daudela, baina beste askotan asmatu egin zuen.

Etorkizuna eta iragana
Etorkizunaz soilik ez, iraganaz ere idatzi zuen Asimovek. Adibidez, 1979ko Book of Facts liburuan. Historiako 3.000 gertakariren berri ematen digu, denetik. Hona batzuk:
- Vinlandia mapa, bikingoak Kolonen aurretik Amerikan izan zirela frogatzen duena, faltsua da. Erosle anonimo batek milioi bat dolar ordaindu zuen “benetako” mapa horregatik. 
- Geneek zerikusi txikia dute hiltzeko adinarekin.
- Pedro Handiak emaztearen maitalea hilarazi zuen, honen burua alkoholean sartu kristalezko ontzi batean, eta burua ikustera behartzen zuen emaztea.
- 1954 arte Indianan zin egin behar zuten lehiatu nahi zuten boxeolariek, ez zirela komunista esanez.
- Henry Ford auto-egileak diru asko eman zion Hitlerri.
- Vladimir Ilich Ulianov-ek 151 ezizen erabili zituen, Lenin ezagunena.
- Robespierre gaztetan heriotza-zigorraren kontra zegoen.
- Mozart elizatik hilerrira eraman zutenean, segizioan pertsona bakarra zihoan.
- Abdul Aziz Ibn Saud errege saudiak 300 emazte izan zituen.

Lehen nobelaren azala (1950).

 

Eta abar. Historiako 3.000 gertakari eskaintzeko asko ikertu behar da, eta idazteko denbora hartu. Egunean zortzi bat ordu idazten omen zituen, asteburuak barne, baina bazituen beste hainbat zaletasun ere, baten bat bitxia oso:
Adibidez Serlock Holmes detektibearen urtebetetzea ospatzen zuen pertsonaia horren miresle batzuekin. Koefiziente intelektual handikoentzako Mensa taldeko partaide izan zen, baita marrazkilari eta idazleak biltzen zituen beste talde batzuetakoa ere. Bere hainbat liburu film bihurtu zituztenez, zinemarekin ere izan zuen harremana, eta Star Treck filmeko gidoiak sinesgarri egiteko zientzia-aholkulari izan zen. Filmaren izen berarekin telebista-saio ospetsua izan zen AEBetan.

Asimov 1992an hil zen. Bere bigarren emazteak esan zuenaren arabera, IHESak kutsatutako odola sartu zioten ebakuntza batean. 1994an Gaia argitaletxeak euskaraz argitaratu zuen amerikarraren Oinarrizko ehun galdera zientziari buruz. 2004an Martitzeko krater bati Asimov izena jarri zioten. Eta iaz Vicens Vives argitaletxeak Asimoven lau ipuin argitaratu zituen euskaraz.

 

 

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

  • 500 bat liburu idatzi. Asimovek 500 liburu inguru idatzi zituen.
  • Eskolan hasi aurretik. Asimovek eskolan hasi baino lehen bazekien irakurtzen.
  • Etxez aldatu zen. Mutikoa beste etxe batera joan zen bizitzera.
  • Doktore egin zen. Doktoretza lortu zuen.
  • Bere jakinduriagatik onartu zuten. Jakintsua zelako onartu zuten militarrek.
  • Errusiar jatorria. Errusian jaiotakoa da Asimov, errusiarra da jatorriz.
  • Hitzordua jarri zuen Maiteminduen Egunean. Zita bat jarri Maiteminduen Egunean.
  • Hiru hilabete barru. Apirilean bagaude, hiru hilabete pasatuta, uda-erdian izango gara.
  • Idazteko ondo zetorkion. Idazteko balio zion klaustrofiliak.
  • Bonbilla baten argitan idatzi. Bonbilla baten azpian, edo laguntzarekin, idazten zuen.
  • Gizakia bera suntsitzeko gauza. Robotek gizakia bera deuseztatzeko ahalmena izango dute?
  • Burua ikustera behartu. Senarrak emaztea obligatzen zuen maitalearen buru moztua ikustera.
  • Asteburuak barne. Asteburuetan ere idazti egiten zuen Asimovek.
  • Partaide izan. Idazle-talde baten partaide edo kide ere bazen. 
  • IHESak kutsatutako odola. IHESak pozoitutako odola sartu zioten.


B1
26-04-2016
16241171
4008