Balenciaga, diseinatzailea eta jostuna

Cristobal Balenciaga jostun eta moda-diseinatzaile garrantzitsua izan zen, gaur egungo diseinatzaile askorentzat inspirazio iturria.

Irati Arroyok Getariako Balenciaga museoko bisita-gidatuak egiten ditu, hainbat hizkuntzatan.

Cristobal Balenciaga Eizagirre (Getaria, 1895-Alacant, 1972) jostun eta moda-diseinatzaile garrantzitsua izan zen. Goi-joskintzan oso ezaguna, gaur egungo diseinatzaile askorentzat inspirazio iturria da.

Bere aita, Jose Balenciaga, marinela zen, eta bere ama, Martina Eizagirre, jostuna. Txikitatik bere amak herriko familia garrantzitsuei jantziak egiten zizkiela ikusi zuen Cristobalek, eta jostun izateko grina hortik etorri zitzaiola esaten da. Baina, garai hartan, nola lortu zuen Getariako gazte batek hain urrun iristea?

Hasieran, Casa Torreseko markesak lagundu zion. Emakume hura Madrileko familia bateko markesa zen, eta Getariara joaten zen uda pasatzera. Jantziak Cristobalen amak egiten zizkion, baina semea joskintzan iaioa zela jabetu zenean, 12 edo 13 urterekin, Donostiara joateko aukera eman zion jostun-ikasketak egitera.

Ondoren, Donostian, Bartzelonan, Madrilen eta Parisen ireki zituen dendak. “1917. urtean ireki zuen lehenengo lantegia Donostian, duela 100 urte”, kontatu digu Irati Arroyok, Balenciaga museoko gidariak (Legazpi, 1989). Getariako museoan, diseinatzaile handiaren bizimodua errepasatu dugu bere laguntzari esker.

MODA-DISEINATZAILEA BAINO ASKOZ GEHIAGO
Balenciaga jostuna eta diseinatzailea zen: “Coco Chanelen ustez, Balenciaga zen beraien artean diseinatzaile bakarra. Izan ere, prozesu guztia egiteko gai zen”. Bere bezeroak erosteko ahalmena zuten emakumeak izan ziren: printzesak, erreginak eta aristokratak, besteak beste.

“Bere ekarpenik garrantzitsuena silueta berriak sortzea izan zen. Orduan, jantzien goiko partea estua izaten zen, eta beheko aldeak, berriz, bolumena edukitzen zuen. Horren aurrean, Cristobal bolumen handiko siluetak diseinatzen hasi zen: emakumeari erosotasuna ematea zen bere helburua”.  Horrez gain, Balenciagaren lepoa asmatu zuen eta mahukei ere garrantzia handia eman zien, bere jantzi askotan kimono-mahukak erabiltzen baitzituen. “Egunean zehar janzteko arropa erosoa eta gauerako dotorea diseinatzen zuen”, azaldu digu.

Arazo ekonomikoak izaten hasi zen eta, aldi berean, prêt à porter moda iritsi zen. Zer da moda hori? Soinekoak banaka eta neurrira egin beharrean, katean egitera pasatzea. Bi arrazoi horiek tarteko, Balenciagak bere lantegiak ixtea erabaki zuen. “1968. urtean itxi zituen, 50 urtez moda-munduan lanean aritu ondoren. Bere ustez, ordurako ahal zuen guztia egin zuen eta, gainera, bere alorra goi-joskintza zen. Beraz, prêt à porter-arekin, bere momentua amaitu zela erabaki zuen eta erretiroa hartu zuen”, azaldu digu Arroyok.

JOSTUNA, DESAGERTZEN ARI DEN LANBIDEA?

Iraia Oiartzabal diseinatzaile eta jostuna da.

Iraia Oiartzabal (Pasai Antxo, 1987) moda-diseinatzailea da, eta, duela gutxi, Espainiako Arte Eszenikoetako Max Saria irabazi du, Kukai dantza-taldeari Oskara ikuskizunerako egindako jantziengatik. Hala ere, egiten dituen ezkontza-soinekoengatik da ezaguna batez ere. Migel Elola Balenciagaren dizipuluarekin ikasteko aukera izan zuen, beste batzuen artean.  “Nik diseinu ikasketak egin nituen eta betiko jostunak bezala lan egiten ikasi nuen. Nire atelierrean neuk egiten ditut lan horiek guztiak”, azaldu digu.

Balenciagaren garaiarekin alderatuta, eta teknologia berriak direla medio, sortze-prozesua aldatu egin dela uste du Oiartzabalek,  “baina oraindik osasuntsu dagoela iruditzen zait”. Gero eta lantegi txiki gehiago ireki dituzte, eta, horri esker, joskintza berriro pil-pilean dago: “Lanbide honek irauteko lan handia egiten dute lantegi txiki horiek”. Iraiaren hitzetan, jostunen lanbidea eta goi-joskintza ez dira desagertu, “aldatu egin dira, besterik ez”.

Eta zuk zer uste duzu? Zein dira lehengo eta oraingo jostunen arteko desberdintasunak? Asko aldatu da lanbidea? Eta goi-joskintza? Inoiz jantzi duzu goi-joskintzako jantzirik?


Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Zergatik hasi zen josten Cristobal Balenciaga?
Cristobal Balenciaga hemen Getarian jaio zen 1895.urtean. Bere aita Jose Balenciaga marinela zen eta bere ama Martina Eizagirre jostuna zen. Beraz, Balenciagak txikitatikan (txikitatik) ikusten zuen nola bere amak jantziak egiten zizkion (zizkien) bertako familia garrantzitsuei. Beraz, guk uste dugu bere amarengandik etortzen zitzaiola pixka bat moda edo jostun mundu horrekiko harremana edo.

2. Zein izan zen bere lan-ibilbidea eta lan egiteko modua?
Balenciaga lehenengo hasten da Donostian, ikasle bezala, eta gero ia, 1917.urtean, bere lehenengo tailerra (lantegia) irekitzen du Donostian bai. Hori orain dela 100 urte izan zen. Donostitikan (Donostiatik) gero Madrilera pasatzen da, bai? Eta Madriletikan (Madriletik) Bartzelonara, eta gero ia Parisera. Balenciaga zen jostuna eta diseinatzailea, dena batera. Adibidez, Coco Chanelek esaten zuen beraien artean diseinatzaile bakarra Balenciaga zela. Zergatik? Balenciagak ez zituen bakarrik diseinuak egiten; berak diseinatzen zuen eta hortikan (hortik) aurrera, dena egiteko gai zen, hau da, prozesu guztia egiteko gai. Ez zen bakarrikan (bakarrik) diseinua sortzen zuen pertsona bat, baizik eta patroiak egiten zituen, patroi horiek ehunetara pasatzen zituen, ehuna mozten zuen eta gero ia soinekoak sortu zitzakeen. Berak prozesu guztia egin zezakeen. Orduan, Coco Chanelek hori esaten zuen, bera zela beraien artean diseinatzaile bakarra prozesu guztia egiten zuelako.

3. Balenciaga jostuna eta diseinatzailea zen: nolakoa zen bere lana?
Balenciagak emakumeen janzkera munduan egindako ekarpen garrantzitsuena silueta berriak sortzea izan zen, hau da, 46. urtean, Christian Dior-ek new look silueta sortu zuen, bai? Orduan zen silueta estua goiko partean eta bolumena beheko partean. Hori zen eramaten zena garai horretan, bai? Eta Balenciagak egin zuena da kontrakoa, bai? Berak sortu zituen silueta oso zabalak, bai? Boluminotsuak, bai? Nahiko arinak, bai? Berak nahi zuena da emakumeari erosotasuna ematea. Hori da Balenciagaren lanaren ezaugarri oso garrantzitsuena (garrantzitsua), erosotasuna ematea. Gero, Balenciagaren lanak ere baita (ere bai) bi ezaugarri dauzka: lepoaren garrantzia, bai? Balenciagaren lepoa deitzen dena eta mahuken garrantzia, bai? Kimono mangak eramaten zituen. Orduan, Balenciagak egiten zuena da eguneko jantzitikan (jantzitik), eguneko jantzi erosoak, egunean zehar emakumea eroso egoteko jantzi horiek eta gero, gauerako ere baita jantzi dotoreak. Baina bere ezaugarri garrantzitsuena zen ba pixka bat askatasun hori bai? Emakume horrentzako (horrentzat) erosotasun hori lortzea.

B2
03-11-2017
16176435
00:03:22
8165