Kooperatibak

Mundu osoan, 1.000 milioi pertsona inguru kooperatiba bateko kide dira, Gehienetan, nekazaritza edo kontsumo-kooperatibak izaten dira.

Historikoki, kooperatibismoa industrializazioarekin batera heldu zen Euskal Herrira. Zergatik garai horretan? Gizarte batean beharra edo krisia dagoenean zabaltzen delako kooperatibismoa. Beraz, tradizio handia du enpresa-mota horrek, eta batik bat kooperatiba industrialek. Une honetan, Euskal Herrian dago kooperatiba kontzentraziorik handiena.
Gai hau eta beste hainbat izan ditugu hizpide Beñat Irasuegi errenteriarrarekin. Bera Talaios kooperatibako kidea da, komunikazioan eta teknologia berrietan aditua, eta ekonomia sozial eraldatzailea sustatzen dabil OlatuKoop ekimenean. Berak azaldu dizkigu kooperatibari buruzko xehetasun guztiak.

 


Beñat Irasuegi oreretarra komunikazio eta teknologia alorrean aditua da

 

KOOPERATIBAREN ABANTAILAK

Desberdintasun ugari daude bestelako  enpresekin alderatuz gero. “Hasteko, irabaziak nahiko modu orekatuan banatzen dira, ez dago hainbesteko aldea nagusiaren eta langileen soldataren artean. Hala ere, kooperatiba bakoitzak ezartzen du eskala, zenbateko aldea egongo den batzuen eta besteen artean, alegia”, azaldu digu Irasuegik. Bigarrena, enpresaren erabakietan parte hartzeko ahalmena izatea da, eta hori batzarren bitartez egiten dute: “Enpresa zenbat eta handiagoa izan, gero eta zailagoa izango da erabakiak hartzea, gehienetan zuzendaritza-batzorde bat osatzen da”. Hirugarrena interkooperatibismoa da: “Kooperatiben arteko elkarlana da; horretara behartuta daude. Eta azkenik, ingurumenarekiko konpromisoa. Kooperatibak barrura eta kanpora begira lan egin behar du”.
Irasuegiren ustez, gazteek oso tresna gutxi dituzte enpresa bat martxan jarri ahal izateko. “Ez dago laguntza handirik eta ikuspegi merkantilista batetik laguntzen dute. Gainera, askok “zergatik egingo duzu kooperatiba bat, SL bat egitea errazagoa bada?”, galdetzen digute. Guk horri amaiera emateko sortu genuen OlatuKoop”, adierazi digu Beñatek.

 

EKONOMIA SOZIAL ERALDATZAILEA

Ekonomia sozialak hainbat ezaugarri ditu: langileen, kontsumitzaileen edo erabiltzaileen jabetza kapitalaren gainetik dago; interkooperatibismoa; ingurumena errespetatzea… Bertan, aktibitate ekonomikoa duten elkarteak, fundazioak eta kooperatibak biltzen dira.
Ekonomia eraldatzaileak, berriz, jendartea aldatzea du helburu. Kooperatibak biltzen dituen sare bat sortuz, sistema ekonomikoa aldatu, eta, oinarrian, pertsonak aldatu nahi dituzte. “Mundu mailan, ekonomia sozial eta solidarioa zabaldu da. Guk solidarioari beste elementu bat gehitu nahi diogu, eta, horregatik, eraldatzaile terminoa erabiltzea erabaki genuen”, azaldu digu Irasuegik.

 

OlatuKoop sare bat da eta hainbat kooperatibak osatzen dute

 

OLATUKOOP
OlatuKoop sarearen oinarria ekonomia sozial eraldatzailea da. Sare horretan, hainbat enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatiba daude: “Ekintzailetza soziala bultzatu nahi genuen, taldekoa, indibiduala ez dena. 2014an hasi ginen lanean eta, gaur egun, oraindik, hutsune asko ikusten ditugu”.
Oraindik zirkuloa ixtea falta zaie eta gabeziak ikusten dituzte: “Hutsune asko ikusten ditugu, finantzazioari dagokiona, adibidez. Hala ere, kooperatiba asko gaude eta elkarrekin lan egiten dugu hainbat esparrutan. Gainera, formazioak ere ematen ditugu”.

 

Kooperatibaren jabetza bazkideena da eta bere kudeaketa demokratikoa da, bazkideen artean egiten baita.

Euskal Herrian 150 kooperatiba sortzen dira urtean, baina horien % 10 inguru integratzen da interkooperatibismoko sare batean. “Bakoitzak bere bidea egiten du eta, nire ustez, hori ez da kooperatiba bat”, azaldu digu Irasuegik.
Eta zuretzat? Zer da kooperatiba bat? Zer ezaugarri bete behar ditu? Enpresa bat sortu beharko bazenu, kooperatiba bat izatea gustatuko litzaizuke? Zergatik?
 


Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zer da kooperatiba bat?
Langileak edo zerbitzu bat behar duten pertsonak elkartzen direnean, helburu ekonomiko bat lortzeko, izan daitekeela lana sortzea beraientzako edo produktu batzuk merkeago lortzea edo zera, ez? Sistema publikoak edo merkantilak ematen ez dituen hainbat baliabide ematea, izan daitekeena, kasu askotan, zera, hezkuntza, adibidez, hori emateko jendea antolatzen denean, egitura ekonomiko batean, hori da kooperatiba bat.
2.    Kooperatiba edo beste mota bateko enpresa, zein dira kooperatibaren abantailak?
Kooperatibaren abantaila da azkenean, aberastasunaren banaketa orekatua egiten duela, hau da, lan egiten dutenen artean, aberastasuna nahiko modu orekatuan banatzen da. Beste bat da, nolabait langileen parte hartzea edo enpresaren erabakietan. Hirugarrena izango litzateke, interkooperatibismoa, hau da, kooperatibek badaukate obligazio bat kooperatiba bezala beste kooperatibekin elkarlana egiteko. Elkarlana(k) elkartasunezkoa(k) izan daitezke edo baita ere, batzuetan, zerbitzu edo lehengaiak edo elkarri saltzekoa edo finantzazioan laguntzekoa… Eta azkena da ingurugiroarekiko konpromisoa, hau da, kooperatiba batek aberastasuna sortzen du baina ez bakarrik barnera begira, aberastasuna sortzen du ere kanpora begira eta bere inguruari begira.
3.    Zer da ekonomia sozial eraldatzailea?
Ekonomia sozialean sartzen dira, elkarteak aktibitate ekonomikoa daukatenak, fundazioak eta kooperatibak. Eta da, lehen esan dudana, ez? Lana eta kapitalaren arteko dikotomia horretan, lanari ematen diona legitimidadea baliabide produktiboen jabetza izateko. Eta ekonomia sozialaren oinarria zein diren? Langileen edo kontsumitzaileen edo erabiltzaileen jabetza kapitalaren gainetik, interkooperatibismoa, inguruarekiko errespetua eta aberastasunaren banaketa orekatua…
Eta gu kooperatibismoa egiten hasi ginenean, identifikatu genuen hori, eta hor badago mundu-mailan, gero eta gehiago zabaltzen ari den ekonomia sozial eta solidarioa. Askotan, intsertzio-enpresetatik [lanerako enpresetatik] eta… batez ere Euskal Herrian eta beste leku batzuetan, intsertzio-enpresak [lanerako enpresak], ingurugiroarekin ikustekoa duten enpresak, horrelako kooperatibak biltzen dituen sistema bat. Badago, mundu-mailan zabaldua dago, gu horko parte sentitzen gara neurri batean, baina guk horri beste elementu bat gehitu nahi diogu, eta horregatik hasten gara erabiltzen eraldatzailea. Inguruan edozeini galdetu eta ekonomia solidarioa galdetzen genionean zer zen berarentzat, esaten ziguten ba hori, ez? Intsertzio-enpresekin [lanerako enpresekin], lotutako enpresak, hirugarren sektorea bezala ulertzen den sektore horrekin eta gu hor ez ginen komodo sentitzen, ze ez da gure esparrua. Nahiz eta hurbil sentitu, ez da guk planteatzen duguna benetan jendartea eraldatzeko. Eta orduan esan genuen, ba hemen joango gara mundu-mailako tendentziaren kontra, baina beste termino bat asmatuko dugu, eta esan genuen: guk ekonomia sozial eraldatzailea deituko diogu.
 

B1
24-07-2017
  • Malutafilms
16174951
04:17
4629