Zeinu-hizkuntza

Zer dakizu zeinu-hizkuntzari buruz? Bakarra da? Badute aldaeraren bat nazioartean erabiltzeko? Kulturarekin lotura dauka?

Zeinu-hizkuntza besteak bezalako hizkuntza bat da, baina komunikazioa ez da soinuen bidez egiten: eskuak eta gorputza erabiltzen dira horretarako. Gorrek erabiltzen dute, baina baita gorrak ez diren pertsonek ere: familiakoak edo lagunak izan daitezke, edo, hainbat arrazoi tarteko, ikastea erabaki dutenak.

 

Frantziar estatuan ‘frantses’ zeinu-hizkuntza dagoen bitartean, estatu espainiarrean bi zeinu hizkuntza dira ofizialak: ‘gaztelaniazkoa’ eta ‘katalana’. “Horrela deitzen diegu, baina ez dute ahozkoarekin zerikusirik”, azaldu digu Aitor Bedialaunetak. Bera Pedagogiako laugarren maila ikasten ari da, eta zeinu-hizkuntzako irakaslea da. “Nire gurasoak gorrak dira, nire anaia gorra da eta ni ere hala naiz. Zeinu-hizkuntza nire ama-hizkuntza da eta etxean ikasi dut”, kontatu digu. Berarekin eta Nekane Mugika zeinu-hizkuntzako interpretearekin elkartu gara Donostian, Euskal Gorrak erakundeak bertan duen egoitzan.

 

ZEINU HIZKUNTZA EUSKARAZ
Askok kontrakoa pentsatzen badugu ere, zeinu-hizkuntzak ez du zerikusirik ahozkoarekin. Guk ‘gaztelaniazko zeinu-hizkuntza’ esaten diogu, baina ez da zuzena. “Konfigurazioa, estruktura, gramatika… guztia da desberdina.

Zeinu-hizkuntzak ez du zerikusirik ahozko hizkuntzekin”, azaldu digu Aitorrek. Beraz, ez dago ‘euskarazko’ zeinu-hizkuntzarik, baina ‘gaztelaniazko’ ofizial horretan, toki batetik bestera, hainbat zeinu aldatu egiten dira, Euskal Herrian adibidez.

Argentinan edo Mexikon gaztelaniaz hitz egiten dute, baina zeinu-hizkuntza erabat desberdina da: “Ez dute elkar ulertzen. Ondorioz, argi dago, ahozko hizkuntzarekin alderatuta, zeharo desberdina dela”.

 

ZAILTASUNAK EGUNEROKOAN
Aitorrek unibertsitatean ikasten du, eta horretarako interprete batek laguntzen dio. “Unibertsitateko eskoletan, nire lanak egiteko, taldeko-lanetarako, irakasleekin hitz egiteko… Hainbat gauzatan laguntzen dit”. Horrez gain, bere egunerokoan komunikatzen saiatzen da: idatzi egiten du edo ahal duen argiena ahoskatu. “Nik ez dut arazo handirik, estrategia asko dauzkadalako, baina pertsona gor guztiak ez gara berdinak, eta denok ez gara berdin moldatzen”, aitortu digu.

Bere iritziz, ikastetxean zerbait gehiago ikasi beharko genuke: zer den pertsona gor bat, zer den zeinu-hizkuntza, hainbat zeinu (“egun on”, “bai”, “ez”…) eta, batez ere, sentsibilizazioa. “Gure gurasoen garaian ez zegoen horrelakorik, eta helduak zirenean ikusten zuten lehendabizikoz zeinu-hizkuntza. Beraientzat zerbait arraroa zen. Gu, berriz, integratuago egon gara: nire ikaskideek pertsona gor bat zer den ikasteko aukera izan dute”.

 

HIZKUNTZA UNIBERTSALA
Munduan hainbat zeinu-hizkuntza daude, baina zergatik ez dute bakarra erabiltzen elkar ulertzeko? “Zuri egingo dizut galdera: euskara eta gaztelania alde batera utziko ditugu, eta ingelesez hitz egingo dugu guztiok. Zer iruditzen zaizu? Ez duzu hori nahi, ezta?”, galdetu digu. Hainbat zeinu-hizkuntza daude, hainbat ahozko hizkuntza dauden bezala: kulturak, ohiturak, ezaugarriak… Gizartea, leku batetik bestera, desberdina delako. 

“Hainbat herrialdetako jendea elkartzen garenean, elkar ulertzeko  nazioarteko zeinu-hizkuntza bat erabiltzen dugu. Zuek ingelesa nazioartean erabiltzen duzuen bezala, baina horrek ez du esan nahi euskara kendu eta ingelesa jarriko dugunik, jende gehiagok erabiltzen duelako. Zeinu-hizkuntzarekin gauza bera gertatzen da”, esan digu.

Eta zuri zer iruditzen zaizu? Zeinu-hizkuntzak unibertsala izan beharko luke? Ikastetxean ingelesa, gaztelania edo euskara irakasten diguten bezala, zeinu-hizkuntza ikasi beharko genuke? zuk ikasi nahi al duzu?


Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zeinu hizkuntza noiz ikasi zenuen?
Bai, zeinu-hizkuntza nire ama hizkuntza da. Pertsona gorra naiz, eta, gainera, zeinu-hizkuntza esan genezake txikitatik etorri zaidan hizkuntza dela. Zergatik? Gurasoak gorrak direlako eta nire anaia ere gorra delako. Zeinu-hizkuntza etxean ikasi dut, naturalki, zuek zuen hizkuntza ikasi duzuen bezala: bai euskara, erdara edo den hizkuntza. Nire kasuan, gurasoek zeinu-hizkuntza erabiltzen zutelako eta nire ama-hizkuntza hori izan da, naturalki atera zaidan lehen hizkuntza.

2.    Zeinu-hizkuntza ikastetxean ikasi beharko genuke?
Gustatuko litzaidake? Minimo bat “egun on” jakitea esaten edo “arratsalde on” edo “gabon”edo… Minimo bat. Ez dut eskatzen mundu guztiak, gizarte guztiak zeinu-hizkuntza jakin behar duenik, baina minimo bat, zergatik ez? Erakutsi egin behar dela? Institutu, eskola, ikastoletan eta abar? Noski, zergatik ez, baina minimo bat. Ez dut esaten ikasi behar dutenik beste pertsona gor batek bezala hitz egiten, baina behintzat jakin zer den pertsona gor bat, zer esan nahi duen zeinu-hizkuntza jakiteak eta pertsona hori heldua bihurtzen denean jakin dezala zer esan nahi duen pertsona gor bat izateak eta sentsibilizatuta egotea. Arazoa zein izan da beti orain arte? Nire gurasoen kasuan, adibidez? Nire gurasoak gorrak ziren, bai, baina ikasten zuten bakarrik gorren artean; ez zeuden integratuta. Orduan ez zuten gorrik ikusten; gizarteak ez zuen gorrik ikusten.

Helduak bihurtzen zirenean, de repente ikusten zuten pertsona horrek zerbait arraroa bezala zeinu-hizkuntza erabiltzen. Gure kasuan, ezberdina izan da: gu integratuago egon gara, badakite zer den pertsona gor bat, gelakide bat izan dutelako gorra, zeinu-hizkuntza erabiltzen zutena eta ez dute arraro bezala ikusten. Zergatik? Kasualitatez bere gelakide bat gorra zelako. Horrek zer esan nahi du? Ikusi egin dutela. Ikusteak zerbait laguntzen du. Eskola guztietan gorrak daudela? Noski, ez, garbi dago ezetz. Orduan zer esan nahi du horrek? Ikasi egin behar dela minimo bat, jakin egin behar dela zer den hori, pertsona gorra izatea, zer den zeinu-hizkuntza, behintzat minimo hori. Eta pertsona hori heldua izatera iristen denean, jakin dezala zer esan nahi duen, besterik ez.

3.    Zeinu-hizkuntzak bakarra eta unibertsala izan beharko luke?
Zuri egingo dizut galdera, zu daukat (zauzkat ) eta aurrean: erdera, euskara eta dena kenduko dugu, eta ingelesa utziko dugu eta listo. Ez, ezta? Errespetatzen duzu bakoitzaren hizkuntza, zergatik? Kulturarekin bat dihoalako; pertsona-talde baten ohitura, kultura… errespetatzen da eta hizkuntza ere horren parte da. Zeinuen hizkuntzarekin ere berdin gertatzen da: gauza bat da edukitzea hizkuntza bat gure artean kontaktu bat izateko, baina errespetatzen da bakoitzarena. Eta ez dago bat bestea baino hobeto edo beste bat maila altuagoa duenik edo ez. Bakoitzak bere zeinu-hizkuntza dauka; euskara errespetatzen den bezala, zeinu-hizkuntza errespetatzen da eta beste hizkuntza batzuk errespetatzen diren bezala. Eta ikasten badituzu hizkuntza guztiak primeran! Baina ez da inoiz utziko hizkuntza bat aparte eta utziko da desagertzen hizkuntza bat internazional bat edukitzeagatik, ez.

Horrek zer esan nahi du? Laburbilduz, bakoitzak bere zeinu-hizkuntza dauka eta bai dago zeinu-hizkuntza internazional bat, zuek oralki (ahozkoan) bidaiatzen duzuenean erabiltzen duzuen bezala, hizkuntza general edo erraz edo internazioanalago bezala, ingelesa bezala. Eta hona etortzen bagara, euskara ez dugu kendu behar ingelesa errazagoa delako eta jende gehienak erabiltzen duelako, ba zeinu-hizkuntzarekin ere berdin gertatzen da.

B2
30-06-2017
16174693
00:04:05
6907