Trump, presidenterik polemikoena

AEBko 45. presidentea, Donald John Trump (New York, 1946-6-14), enpresaria, politikoa, telebistako aurkezlea eta idazlea izan da.

“Ezinezkoa da diruzaleegia izatea”
Donald Trump

Etxegile aberats baten semea da. Aitaren enpresan aritu zen gazte-garaian ikasten zuen bitartean, eta, gerora, berak hartu zuen enpresaren kontrola. 90eko hamarkadan hondoa jo zuen, baina hurrengo hamarkadan berriro indartu eta milioika dolarren irabaziak izan zituen.

Bere Instagram orrian honela dio: Zeinek pentsatu behar zuen ume hura munstro hutsa bihurtuko zela?

Etxe Zurira iristeko egin duen kanpaina oso mediatikoa eta polemikoa izan da, eta borroka gogorra egin behar izan du, lehenengo bere “oraingo” alderdiaren barruan (1999tik 2012ra zazpi aldiz aldatu du filiazioa), eta gero Hillary Clinton demokratarekin.

 

Lehen urteak
Trump New Yorkeko Queens auzoan jaio zen. Bere ama Eskoziarra zen eta bere aitaren gurasoak, Alemaniatik etorritako immigranteak.
Txikitan portaera-arazoak izan zituen eskolan, eta, 13 urte zituela, bere gurasoek New Yorkeko Akademia Militarrera bidaltzea erabaki zuten. Gero, Bronxeko eta Pennsylvaniako unibertsitateetan higiezinen inguruko ikasketak egin zituen, eta 1968an Ekonomian graduatu zen.

Mediatikoa
Umea zela, bere izena ikusi zuen lehen aldiz egunkari batean, beisbol partida batean “home run” bat lortu zuelako. Berak dioenez, hura droga baten lehen txutea izan zen, famaren droga, eta engantxatuta geratu zen. Urteekin droga horren dosia handituz joan da, 70 urterekin AEBko presidente izatera iritsi arte.
Bere aitaren enpresa hartu zuen momentutik autopromozioa bilatu zuen. Lehenengo, izena aldatu zion, eta TRUMP idatzi zuen urrezko letrekin bere ondasun guztietan: dorreak Manhattanen, hotelak, kasinoak, aerolineak... Hark esanda, denak helburu bakarra zeukan: bere showa montatzea, “Trumpen showa”.
Bere liburua, 'The Art of the Deal' , 48 astez egon zen salduenen artean. Bertan bere irudi arrakastatsua azaltzen ahalegindu zen: “Jendeari gustatzen zaio pentsatzea zerbait handiena dela, onena, ikusgarriena… Esajerazioa oso baliagarria da promoziorako”. Liburuaren egileak, Tony Schwartz idazleak, damututa esaten du dena ez dela liburuan jarri zuen bezain arrakastatsua: “zerri bati ezpainak margotu nizkion”, eta askotan gezurra esaten duela, batez ere, diru-kontuetan. 

Trump dorrea eta Pnamako eta Chicagoko Trump International Hotel and Tower eraikinak

Baina, zalantzarik gabe, marka bat sortu du, etxegintzan, kasinoetan, miss-lehiatzeak antolatzen, eta, bereziki, telebistan. 14 denboraldi egin zituen “The Apprentice” realitya aurkezten. Parte-hartzaileak enpresari arrakastatsu bihurtzea zen helburua, eta Trumpek eliminatzen zituen famatua egin zuen esaldia esanez: “Kalean zaude”. Programa horrekin bi aldiz izan zen finalista Emmy sarietan.

Bizitza pertsonala
Bere goitizena The Donald da.
Ama, 18 urte zituela, New Yorkera etorri zen oporretan Eskoziatik, 1930ean. Bere aitarekin ezkondu eta hiri horretan gelditu ziren bizitzen. Lau anaia-arreba ditu; zaharrena hilda dago, eta arrebetako bat epaile federala da.
Hiru aldiz egon da ezkonduta:

Trumpen izarra Hollywooden


Ivana Zelnícková-rekin (1977-1992) eta hiru seme-alaba ditu.
Marla Maples-ekin (1993-1999) eta alaba bat dauka.
Melania Knauss-ekin (2005) eta seme bat dauka.
Zortzi iloba ditu.
Presbiterianoa da: “Protestantea naiz, presbiterianoa naiz. Oso harreman ona izan dut Eliza Kristauarekin. Erlijioa zoragarria dela uste dut, eta nire erlijioa erlijio zoragarria da”.
Bele alaba Ivanka judu bihurtu zenean esan zuen: “Nire ilobak eta nire alaba juduak dira, eta harro nago”.

 

Polemikoa
2015ean, bere hautagaitza aurkeztu zuenean, immigrante mexikarrak ustelak, delinkuenteak eta bortxatzaileak zirela esan zuen, mugan harresi bat eraikiko zuela eta harresi hori mexikarrek ordaindu beharko zutela. Horregatik eta itxura horretako beste zenbait azalpenengatik hainbat telebista katek bertan behera utzi zituzten Trumpekin zituzten hitzarmenak: Univisión, Kosta Ricako Teletica, NBC, Mexikoko Televisa…
Txertoen kontra azaldu da behin eta berriro, autismoa eragin dezaketela esanez, komunitate zientifikoaren iritziaren aurka.
Aldaketa klimatikoa gezurra dela esan du. Txinatarrek asmatutako teoria bat omen da, AEBko manufakturen industriak hain lehiakorrak ez izateko.
Hona bere esaldietako batzuk:
•    5. etorbidean jendearen kontra tiroka hasiko banintz ere, ez nuke botorik galduko.
•    Musulmanak AEBn sartzea erabat debekatzeko eskatzen dut.
•    Hauteskundeak irabazten baditut, Siriako errefuxiatuak etxera bidaliko ditut.
•    Herri honetan ingelesa hitz egiten dugu, ez espainola.
•    Ni egon banintz agintean, ez dut uste 11Sko terroristak sartuko zirenik.
•    Izar bat zarenean emakumeek nahi duzuna egiten uzten dizute, alutik heldu… nahi duzuna.
•    John McCain ez da gerra-heroi bat; harrapatu egin zuten.

Denbora adierazleak


B2
17-01-2017
16170229
2304